Idazmakinak eta metrailadoreak

Idazmakinak eta metrailadoreak –

Quino komikigile argentinarrari ikasi nion Mafaldaren tiraren batean lehen metrailadora 1861ean asmatu zela, eta lehen idazmakina 1867an. Hots, lehenago asmatu zela azkarrago nola hil azkarrago nola idatzi baino. Gauzak ez dira hainbeste aldatu, Euskal Herriko hainbat erakunde antimilitaristek hil honetan bertan jakinarazi dutenaren arabera.

Idazmakinak eta metrailadoreak
Arg: Pxfuel

International Peace Bureau erakundeak kanpaina bat abiatu du, militarizazioaren ordez gastu sozialetan inbertitzea eskatuz eta osasun krisiaren kudeaketa militarista salatuz. Bederatzi euskal erakundek babestu dute ekimena: AA-KEM-MOC Nafarroa, Bake-Ekintza Antimilitarista, Centre Delàs (Euskal Delegazioa), Emakumeok Gerraren Aurka, Gerrarik Ez Eibar, Gerra Hemen Hasten da, Gernika Gogoratuz, Kakitzat koordinakunde Antimilitarista eta KEM-MOC Bilboko Talde Antimilitarista. Zerrendatutako taldeek idatzi bateratu bat zabaldu dute mundu mailako gastu militarraren inguruan hainbat argibide emanez.

2014tik urtero antolatzen da gastu militarrari buruzko kanpaina globala (GCOMS, ingelesez), eta aurten, koronabirusak sortutako testuinguruan, bereziki alderatu nahi izan da armek balio dutena osasunak balio duenarekin. Bi infografia argigarri zabaldu dituzte antimilitaristek:

Gastu militarra munduan

Idazmakinak eta metrailadoreak

 Gastu militarra espainiar estatuan

Idazmakinak eta metrailadoreak

Munduko gastu militarra Gerra Hotzaren bukaerakoa baino % 0 handiagoa da. Antimilitaristek nabarmendu dutenez “kopuru horren %10arekin, munduko gosea amai ziteken eta biztanleriaren oinarrizko beharrak ase. Ez dugu inoiz ahaztu behar munduan 100.000 pertsona inguru hiltzen direla egunero baliabide faltagatik…”; hau da, zifrekin azalduta, krisi honetan zabaldu den eta kaskezurrean tatuatu behar genukeen leloa: “covid birus bat da, eta kapitalismoa pandemia”.

Estatu espainiarrak 20.000 milioi euro gastatzen ditu urtean armagintzan. 54 milioi euro eguneko.

Estatu militarrak oro du militarizatzen, baita osasun krisi bat ere. Euskal Herriko erakunde antimilitaristen aburuz “hori agerian geratzen da bai prentsaurrekoetako agintari militarren partaidetzan, bai gure kaleetan ikusi dugun soldaduen presentzian; gerra-hizkerarekin ikuspegi sekuritarioa legitimatzen saiatu dira, non armadaren existentzia ezinbestekoa izango litzatekeen…”.

Intsumisioa garai batean landu zen era berean, egungo mugimendu antimilitaristak baditu bere lan esparru eta helburu politikoak: armagintza ekoizpena desagertarazi, errefuxiatuak sustengatu, gastu militarrari zerga eragozpena sustatu…

“Ezin gara “normaltasunera” itzuli, “normaltasun” hori bera krisi egoera baitzen. Badakigu ez dela lan erraza izango, gaur egun interes ekonomikoak pertsonen eskubideen eta premien gainetik daudelako, baina pairatzen ari garen osasun-krisi globalari nola aurre egin aztertzearekin batera ezinbestekoa izan beharko luke ere gizarte gisa jarraitzen ari garen zoritxarrezko norabideari buruzko hausnarketa”. Antimilitarismotik norabide horretan proposamenak egiten jarraituko dutela adierazi dute kanpainaren sustatzaileek.

Euskal Herria indar armatu arrotzez desmilitarizatzeko bide luzea geratzen da oraindik: Bardeak herriari itzultzea; Guardia Zibila, Polizi Nazionala eta Jendarmeek ospa egitea; Ertzaintza, Foruzaingoa eta hainbat udaltzain taldeen desmilitarizazioa…

Geroz eta polizia-soldadu gutxiago mantendu behar izan, gizarte baten bizi kalitatea geroz eta hobea izango da; zeren eta osasun krisi baten aurrean soldaduak baliatu behar dira, sobera soldadu eta osasun  zein larrialdietarako langile gutxiegi dauden seinale izango da.

Euskal Herrian lan baldintzetan dago beste paradoxetako bat. Osasun arloren bateko ikasketak amaitutakoan askok ospa egiten dute beste herrialde batzuetara lan egitera, han baldintza “hobeak” dauzkatelako baino hemen baldintzak eskasak direlako zeharo. Ez da, ordea, berdina gertatzen poliziekin. Hemen polizia izan nahi duen inor ez da atzerrira joaten baldintza hobeen bila, kontrakoa, etorri ere egiten dira.

Erizainak uxatu eta poliziak erakartzen dituen herri bat ez dabil ondo.

Idazmakinak eta metrailadoreak

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.