Idazlea ez den baten liburua

Idazlea ez den baten liburua

Idazlea ez den baten liburua

Edo argitaletxe sortu berriak, liburu bat argitaratzeko aukera eskaini zidan orain urte pare bat. Amuari kosk egin ondoren, argazki asko begiratu, erabaki dezente hartu, nere buruari nahi baino galdera gehiago egin eta han-ta-hemen laguntza eskatu ondoren, liburua argia ikusteko prest dago.

Liburua, 2.005 eta 2.009 urteen artean Herrera de la Manchako kartzelara egindako bidaietan ateratako argazkiaez osatuta dago. Senide eta adiskideak preso dagoen laguna bisitatu ahal izateko, bere buruari Mirentxin izena jarri dion boluntario talde batek gidatzen dituen furgonetetan sartu eta bidaia barrundik ezagutzeko egindako saioetan. Ordu luzez furgoneta gidatzen pasatako gauetan; gidaria ez aspertzeko, ez lokartzeko, kopiloto bezala hizketan pasatutako tarteetan; senide eta lagunekin elkarrizketan.

Furgoneta batean sartu eta maite duten laguna ikusteko pasatzen diren gau eterno horiek ezagutu ditut. Bidaia ezagutzen duten norbaitekin egiteak sortzen duen konplizitatea. Behin eta berriro, jende beraren konpainian eta leku beretan geratu arren, sekula ezagun egiten ez diren errepideko taberna eta gasolindegiak. Lehenengo bidaia izan arren, senitartekoak bailiran hartzen dituzten tabernari atseginak. Polizia guztiek bidean jarritako trabak. Bidaia kideak behin eta berriro errepikatzeak sortzen duen monotonia. Haranzko bidaian egoten den gogoa. Errepideko loak. Itzultzeko bidaian nahasten diren poz, desesperazio eta nekea…

Urte horietan jendea asko ezagutu dut: batzuekin behin edo bitan egin dut topo, beste batzuekin askotan eta gainontzekoekin beti. Joan naizen bakoitzean. Batzuk jada ez dute bidean ordu gehiago galtzeko beharrik, askatu zituzten beraien bisiten helburu ziren haiek. Nik utzi egin nion bidaiak egiteari, nekeak jota. Baina badira oraindik ostiralero auto edo furgonetan sartu eta urrutira bidaia egin beharra daukatenak; leihoetako lurrinaren beste aldera haien begiak bilatzen jarraitzen dutenak. Beldurraren gainetik eta ametsen azpitik.