Idazkari eta kontu-hartzaileen lanpostuen ezaugarriak zehaztuta, eta ez beti onerako

Idazkariak akordioak hartu izana ziurtatzen du eta legeen inguruko aholkularitza ematen du. Kontu-hartzailea Administrazio publikoko diru-sarrera eta gastuak aurrekontuekin bat datozela ziurtatzen duen langilea da.

Beraz, Udal administrazioaren funtzionamendua euskalduntzeko postu estrategikoak dira. Hori dela eta, administrazio euskalduna izatea euskaldunon eskubidea denez gero, postu hauetan euskara jakitea beharrezko ikusten dugu. Are gehiago, hizkuntz profilik gorena eduki behar dute.

 

IDAZKARI ETA KONTU-HARTZAILEEN LANPOSTUEN EZAUGARRIAK ZEHAZTUTA, ETA EZ BETI ONERAKO.

Administrazioan Euskaraz taldeak Nafarroako toki entitateetako idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuen zerrenda, abenduaren 30eko 829/2011 Foru Aginduan zehaztua, hizpide hartu nahi du, bere iritzia emateko.

Idazkariak akordioak hartu izana ziurtatzen du eta legeen inguruko aholkularitza ematen du. Kontu-hartzailea Administrazio publikoko diru-sarrera eta gastuak aurrekontuekin bat datozela ziurtatzen duen langilea da.

Beraz, Udal administrazioaren funtzionamendua euskalduntzeko postu estrategikoak dira. Hori dela eta, administrazio euskalduna izatea euskaldunon eskubidea denez gero, postu hauetan euskara jakitea beharrezko ikusten dugu. Are gehiago, hizkuntz profilik gorena eduki behar dute.

Nafarroari dagokionez, horixe da gure eskaera eremu euskaldun eta mistorako, euskara Nafarroa osoan ofizial ez den bitartean (gure aspaldiko aldarrikapena dena, bestalde).

Ikuspegi horretatik zerrenda horretan jasotakoa, kasu honetan Udalen eskariz, aztertzekoa dugu.

Gares, Etxarri Aranatz, Irurtzun, Agoitz, Baztan, Bera eta Lesakako Udalak zoriondu nahi ditugu, idazkariaren lanpostuari profil euskaldunik gorena jartzeagatik. Era berean, Atarrabia, Baztan eta Berako Udalak ere zoriontzen ditugu, arrazoi beragatik, kontu-hartzaile lanpostuari dagokionez. Uharteko Udalak kontu-hartzaileari profil euskalduna jarri arren, ez dio mailarik gorena eskaini. Beraz, hein berean gure zoriona murrizten diogu.

Esteribar, Burlata, Lizarra, Zizur Nagusia, Berriozar, Uharte, Berriobeiti eta Orkoiengo Udalak (idazkariari dagokionez) eta Burlata, Lizarra, Zizur Nagusia, Berriozar, Berriobeiti eta Orkoiengo Udalak (kontu-hartzaileari dagokionez) kritikatu nahi ditugu. Euskara jakitea merezimendu moduan jarri arren, hori ez delako nahikoa.

Kritika berezia egiten diegu Esteribarko eta Berriozarko Udalei. Esteribar eremu euskaldunean dagoelako eta, beraz, Legearen arabera gutxienekoa zena besterik ez duelako Udalak aukeratu. Berriozarko Udala bereziki kritikatzen dugu, hor gehiengo abertzale egon arren, behar ziren profil euskaldunak ez dituelako zehaztu.

Barañain, Antsoain, Zizurko Zendea, Eguesibar eta Arangurengo Udalak (idazkariari dagokionez) eta Barañain, Antsoain, Eguesibar eta Arangurengo Udalak (kontu-hartzaileari dagokionez) kritikatu nahi ditugu, euskara jakitea ez eskatzeaz gain, meritu moduan ere puntuatuko ez dutelako.

Bereziki, Antsoaingo Udala kritikatu nahi dugu, hor PSOEko alkatea edukita ere, Bildu, Nafarroa Bai eta Ezkerra alderdiak gehiengoa izan arren, alderdi horiek ez dutelako jakin gehiengo hori baliatzen profil euskalduna ezartzeko.

Cintruenigo, Murchante, Erriberri, Caparroso, Larraga, Tutera, Tafalla, Noain-Elortzibar, Lodosa, Mendabia, Beriain, Ribaforada, Milagro, Alesbes, Faltzes, Ablitas, Valtierra, Funes eta Arguedasko Udalak (idazkariari dagokionez) eta Corella, Cintruenigo, Noain-Elortzibar, San Adrian, Azkoien, Zangoza, Lodosa, Castejon, Cascante, Viana, Azagra, Mendabia, Murchante, Erriberri, Beriain, Ribaforada, Milagro, Cortes, Andosilla, Tutera eta Tafallako Udalak (kontu-hartzaileari dagokionez) ulertzen ditugu hein batean, euskara kontutan ez hartzean, eremu “ez euskaldun”-ekoak izanik hor euskara ofiziala ez delako. Baina euskara ofizial izan dadin lan egiteko eskatzen diegu.

Gera bedi hor, gure iritzia, alderdi politikoak eta agintariak jakinaren gainean egon daitezen.

Iruñean, 2012ko otsailaren 14an.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA. Identifikazio Fiskalerako Kodea: G31836323.

Ordezkaria: FRANCISCO JAVIER CASTRO GONZALEZ.

Administrazioan Euskaraz Taldea