Ianire Elorriaga: “Txapelketak irabazi arren, ezin ditugu kirolarientzako diru-laguntzak eskatu”

Ianire Elorriaga: “Txapelketak irabazi arren, ezin ditugu kirolarientzako diru-laguntzak eskatu”

Euskal Herriak eman duen skater profesional bakanetakoa da Ianire Elorriaga (Bakio, 1983). Basilean jokatzen zen Europako skate txapelketa sei aldiz irabazi du. Normalean, Mungiako skateparkean patinatzen du, Malen Skate Klubeko lagunekin. Baina guk lehenengo Ollie-a egin zuen lekuan batu nahi izan dugu berarekin, Bakioko skateparkean. Instalazioak oso egoera txarrean daude, eta horri sekulako haize ufadak gehitu zaizkio, baina esaten den bezala, Ianire ‘profesionala’ da, eta trabak traba, Galderrek argazkiak ateratzeko proposatutako guztia egitera animatu da. Esan bakarrik ez, izan ere, skater profesionala izan da Ianire Elorriaga urte luzez.

Ianire Elorriaga

Testua: Aitor Abaroa @abaroa37. Argazkiak: Galder Izagirre

Hamabost urterekin hasi zinen skatean, eta hamazazpi-hemezortzirekin konpetitzen?
Hamabost urterekin skateparkean ibiltzen eta trukoak egiten hasi nintzen, baina umetatik erabili izan dut skatea garraiobide bezala, beraz, betidanik izan dut taula bat hanka azpian. Hemezortzi urterekin Frantzian, Seignossen, egin zen txapelketa batera joan nintzen, eta han Roxy etxea nirekin fijatu zen, eta niregatik apustu egin zuten. Ondorioz, euren laguntzarekin bidaiatzen eta txapelketak jokatzen hasi nintzen. Iaz jakinarazi zuten Roxy eta Quicksilver markek skatea babesteari uzten zietela, eta beraz, nesken zein mutilen taldeak desegin dituzte. Hamabi urte eman ditut eurekin.

Hemezortzi urterekin, zer sentitu zenuen marka ezagun batek gustuko duzuna egiten jarraitu eta skater profesional izateko aukera eman zizunean?
Skatea egunero egiten dudan zerbait da, beste ezeren gainetik, dibertitzeko egiten dudana. Beraz, harrigarria izan zen dibertitzeko modu bat baino gehiago izan daitekeela ohartzea. Oso pozik hartu nuen momentu hura, eta etorkizunera gehiegi begiratu gabe, momentuaz disfrutatzea nuen helburu nagusia.

Gurasoen aldetik-edo zalantzarik egon zen?
Ez, hasieratik babestu zuten nire erabakia. Nik beti jakin dut denbora tarte baterako izango zela; berrogeita hamar urterekin inor ez da patinatzetik bizi. Beraz, buruan gauzak argi izan ditut, eta etxean jaso dudan mezua ere horixe izan da, denbora tarte batez bizimodua ateratzeko modua izan zitekeela, baina ez betirako. Horregatik, ikasten jarraitu nuen, gainontzeko lagun adinkideek bezala, eta Heziketa Fisikoko unibertsitate ikasketak burutu nituen.

Garai hartan lagunek baino gehiago bidaiatzeko aukera izan zenuen, ordea.
Bai, hori hala da. Aukera izan dut ordaindu beharrik gabe bidaiatzeko, eta hain gazte hasita, oso polita izan da. Hori bai, txapelketetara ni bakarrik joaten nintzen, agian kasu batzutan beste skater batekin, baina sarritan bakar-bakarrik. Europan zehar bakarrik ibiltzen ikasi behar izan nuen. Australiara, adibidez, birritan joan nintzen oso gazte nintzela, eta esperientzia horietatik asko ikasi dut, hazteko prozesuan asko lagundu dit.

Ianire ElorriagaEuskal Herriak eman duen skater onenetakoa zara, eta nesketan Europa mailan erreferentea.
Hasi nintzenean egon ziren nire mailan ibili ziren neska batzuk. Haietako batekin bidaiaren bat edo beste ere egin nuen, baina gero futbolean hasi zen eta skatea utzi egin zuen. Euskal Herrian egon dira neska skaterrak, kontua da inor ez dela ni beste sartu mundu honetan. Eta ulergarria izan daiteke, izan ere, skatea kirol berezia da, kirol gehienetan ez bezala ez baitago entrenatzaile edo ordutegirik, eta ondorioz, guztiz autodidaktak gara. Jende asko hasten da skatea praktikatzen, baina maila ona lortzeko oso konstantea izan behar zara, eta askok jauzia eman aurretik uzten dute.

Oker ez banago, federaziorik ere ez dago.
Ez, ez dago antolatutako egitura ofizialik. Ondorioz, adibidez, txapelketak irabazi arren ezin ditugu Eusko Jaurlaritzak kirolarientzako ematen dituen diru-laguntzak eskatu, ez dugulako lizentzia federatibo batek babestuta konpetitzen.
Ez dago federaziorik, eta ondorioz, txapelketak antolatzen dituztenak, gehienetan behintzat, markak dira.
Skatean egiten den guztia marken bidez egiten da, bidaiak zein txapelketak. Egia da, ordea, adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiak oraintsu Eskola Kirola programan sartu duela skatea. Beraz, eskoletan praktikatzeko aukera dago orain. Badirudi kirol hau kontutan hartzen hasi direla.
Bilbo inguruan badago nahiko mugimendu skatearen inguruan, ezta?
Bai, hainbat hiri eta herritan skate eskolak sortu dituzte, eta pista estaliak egiten ere hasi gara, Berangon eta Bilbon badaude bana, adibidez. Hezkuntza sareko eskoletatik at, skate eskolen bitartez ere ume askok dute probatzeko aukera.
Orain bai. Zu hasi zinenean halakorik izan balitz…
Noizbehinka pentsatzen dut horretan, baina beno, beste garai bat zen. Hala ere, gaur egun dena ez da hobea, adibidez, krisialdiaren eraginez ezinezkoa da nik bizi izan dudan guztia gaur egun bizitzea, markek ez baitute lehen bezainbeste inbertitzen.
Babesleek asko itxi dute iturria azken urteetan?
Bai, batez ere dirutan ematen duten laguntzari dagokionez. Niri oraindik materiala ematen didate, skateak, adibidez, Jart etxeak. Arropa, aldiz, jada ez, Roxy baitzen ematen zidana. Baina batez ere soldatetan eta bidaietarako diruan moztu dute.
Zuk soldata bat izan duzu; esan daiteke skater profesionala izan zarela.
Bai, hamar bat urtetan, bidaiez eta materialaz gain, hilabetero soldata bat izan dut. Eta horretaz gain, txapelketetan irabaziz gero, edo bigarren edo hirugarren geratuz gero, lortutako diru-sariak ere niretzako izan dira.
Esan duzu dibertitzen zarelako patinatzen duzula, baina txapelketetan lehiatu egin behar da. Lehiakortasunari dagokionez, nolakoa zara?
Oso lehiakorra naiz bizitzako ia alderdi guztietan. Egiten ditudan beste kiroletan ere oso lehiakorra naiz. Skatea da, agian, besteekin lehiatzeko grina gutxien pizten didan kirola, funtsean norbere buruarekin lehiatzen baita skaterra, norbera hobetzea da kontua. Zuzenean inoren aurka aritzen ez zarenez, futbolean ez bezala, adibidez, egindakoarekin gustura geratzea nahikoa da. Zu baino hobea den batek irabazten dizunean, ezin duzu ezer egin; agian, erortzen bada irabazteko aukera izan dezakezu, baina besterik ez. Nire ustez, gai zaren eta pentsatuta duzun hori guztia ondo egitea da helburua; horrek betetzen du skaterra.
Ianire Elorriaga … Irakurri elkarrizketa osoa Gaztezulo.com-en!
Ianire Elorriaga: “Txapelketak irabazi arren, ezin ditugu kirolarientzako diru-laguntzak eskatu”

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.