I. Tipi-Tapa Usurbilen

Datorren abenduaren 2an, igandean (14:30ak arte), pintxo berezien lehenengo Tipi- Tapa jarriko da abian Usurbilen. Aitzaga, Artzabal, Bordatxo, Txapeldun eta Txiriboga tabernetan, bakailao pintxo bereziak eskainiko dira (bakailaoa ajoarriero erara, pil-pilean, frijitua piper berdeekin, bakailao-bolak edo albondigak, bakailao eta zapo-masailak klub ranero erara…), eta mokaduen prezioa ere berezia izango da: pintxoa + edaria -urteko ardoa (zuria, gorria edo beltza), txakolina edo sagardoa-, 2 euroren truke. Pintxoa bakarrik nahi duenak, 1,50 eurotan dastatu ahal izango du mokadutxoa. Zazpi Tipi-Tapa egingo dira orotara: 2012ko abenduan hasi eta 2013ko ekainera arte, hileko lehen igandearekin bat eginez beti.

 

 

Bost tabernaz osatutako ibilbide gastronomiko honetan parte hartzera animatzen denak, “eginbehar” bat baino ez du izango: norberak bere ‘Tipi-Tapa txartela‘ eskuratu (taberna guztietan egongo da eskuragarri) eta, pintxoa probatu ostean, taberna horren zigilua biltzea. Aipatutako bost taberna horietan aurkituko dituzue Tipi-Tapa txartelak uzteko kutxatxoak ere.

Tipi-Tapa ibilbidea osatzen duten lagunen artean (gogoan izan 5 zigiluak behar direla horretarako), 300 euroko erosketa-balea zozkatuko da, Usurbilgo Hurbilago Merkatari eta Ostalarien Elkarteko dendetan eta jatetxeetan gastatu ahal izateko. Abenduaren 2ko zozketa, Txapeldun tabernan (Muna Lurra Kalea, 2) egingo da, 14:30etan. Ibilbide osoa abenduaren 2an egiten ez baduzue, izango duzue, hala ere, txartela osatzen joan eta beste zozketaren batean esku hartzeko aukera, lau zozketa egingo baitira guztira. Hurrengo zozketa-egunak: 2013-02-03, 2013-04-07 eta 2013-06-02. Tokia: Zozketa-egunean bertan jakinaraziko da.

Abenduaren 2ko lehen Tipi-Tapa honetan, mokaduen osagai nagusia bakailaoa izango da, baina, esan bezala, ekimenari jarraipena emateko asmoa adierazi dute antolatzaileek (abenduan hasi eta datorren urteko ekainera bitarte egingo dira Tipi-Tapak), eta hortaz, garaian garaiko produktu ezberdinekin prestatutako mokadu goxoak ahoratzeko aukera izango da datozen hilabeteotan. Olagarroa, hegaluzea, antxoa, txerria, ilarrak, orburuak, onddoak… zer izango ote da hurrena?

Eskuratu zure Tipi-Tapa txartela, eta hasi zigiluak biltzen!

Antolatzailea: Hurbilago Usurbilgo Merkatari eta Ostalarien Elkartea / Babeslea: Usurbilgo Udala

bakailaoa, edaria, gastronomia, Hurbilago, ibilbidea, pintxoa, SARIA, Tipi-Tapa, usurbil, zozketa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude