Hypocrisy

ukan“Poziktibityrekin gertatzen zait Obamak interbentzio militarren bat justifikatzeko ‘bakea eramatera’ doala esaten duenean gertatzen zaidana”

 

Poziktibity egitasmoak euskararen diskurtso edo framing berria deritzonean du birtualtasuna. Mezu positiboen bidez iritzi publikoan nagusi diren euskararekiko pertzepzioak aldatzeko bokazioa ei du eta herritarren hizkuntza jokabideak aldatzeko eragin nahi du. Txalotzekoa, bikain.

Non dago problema orduan? Koherentzian. Beste modu batera islatzearren: Poziktibityrekin gertatzen zait Obamak  interbentzio militarren bat justifikatzeko “bakea eramatera” doala esaten duenean gertatzen zaidana. Kanpaina hutsa da, operazio estetikoa, eta modu isolatuan, testuinguru errealetik kanpo aurkezten da, testuinguru horren parte batzuk azalduz eta besteak estaliz. Ulertzeko modukoak dira horrek euskaldun eta euskaltzale askorengan sortzen ahal dituen atsekabe eta bestelakoak, ezta? Niri, esaterako, Baztarrikaren hitzak zintzotasun gutxikoak iruditu zaizkit, iruzurra alegia.

Aipatu izan balu mea culparen bat, esan izan balu jendarteari egiten zaion deiarekin batera egiteke dauden etxeko lan guztiak epe jakin batean egin eta hizkuntza jokabideak herritarrekin batera aldatzeko konpromisoa hartzen duela… Edo azaldu izan baligu Ukan Birusaren kanpaina zoragarri haren lorpena, edo “Piska bat es mucho (eta asko mogollón)” ekimenarekin lortu zena, edo Jaurlaritzatik hamarkadotan sail ezberdinei begira sustatu diren euskara planen porrot etengabearen zioa… Ala aitortu izan balu norbanakoen hizkuntzarekiko jarrerak ikusteko asko duela hizkuntzen gune hegemonikoekin, jasotzen ditugun inpaktu mediatiko eta abarrekin…

Arazoa ez da sinplea. Konponbidea ere ez. Pentsa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako euskaldunen %25 inguruk baino ez du ikusten bere hizkuntza eskubideekiko jazarpena. Ez litzateke, euskaldunon % 100aren hizkuntza eskubideak zapalduta egonik, halako kontzientziazio kanpainarik behar? Baliteke erdaraz hitz egiteari hizkuntza askatasuna deitzen dioten horiei hizkuntza ordezkapena zer den eta zer bilakaera izan duen azaltzeak norbere jarreretan aldaketak eragitea. Izan ere, euskararen espaloitik erdaren errepidera salto egiten duenak nahi duelako egiten duela uste du. Eta okerragoa dena: euskarak gauza inportanteetarako benetan balio ez duenaren ideia da iritzi publikoan oro har gainjartzen ari dena.

Donostiako autobusetako gidariek euskara ezagutzea ez dela beharrezkoa ebatzi berri du euskaldunon hizkuntza eskubideak bere epaitegian zapaltzen dituen epaile batek. Euskal Selekzioaren Anoetako partidan desobedientzia leporatu zion ertzain batek lesakar “gazte” bati erdaraz egin beharra ez onartzeagatik (hurrengo oposaketetan ere ertzain erdaldun andana sartzera doa). Osakidetzako zerbitzuetan (arnasguneetan ere ez) oso urruti gaude euskaldunak duinki tratatzetik. Haur eskoletan gaztelera bermatzeko neurriak, ETB1ek programazio zein baliabideetan ETB2rekiko duen lehentasun eza eta bertan euskaldunak erdaraz mintzatzera bideratzea (beste askoren artean), Urkijoren edo Werten erasoei emandako erantzun instituzional eskasa … Zerrenda amaigabea da. Eta, horrek, igorleak berak esaten duenarekiko agertzen duen koherentziak kentzen dio fidagarritasuna ekimenari. Izan ere, mezua zeinek eta nola luzatzen duen mezua bera bezain garrantzitsua da.

Zentzu horretan, marketinari bai, norbanakoak eta komunitateak edozein hizkuntza bezain erakargarria den euskarara erakartzeari bai, diskurtso berriei bai, motibazioak lantzeari bai, alderdi emozionalak jorratzeari bai, erabilera sustatzeari bai. Baina hori guzti hori autokritika ziztrin bat ez egiteagatik egoeraren laztasuna ezkutatzera badator, ez. Diskurtso aseptiko eta irrealak ez. Kontrara, pentsamendu lateralari, diskurtso errealei, ezberdinei, hartzaile ezberdinentzako egokitutakoei bai. Erreferenteak eredugarri izateari bai. Ausardiari, neurriei, bermeei, bai-bai-bai. Guztion artean diseinatu daiteke izaera aniztun ekinbidea, baina dominak jartzeko “bai” eta autokritika egiteko “ez” esaten dutenek ez dute nahi. Horrat arazoaren beste parte bat.

Pello Salabururekin eztabaidan

Poziktibity egitasmoari Gaizka Amondarainek eta Urtzi Odriozolak egindako kritikak ez ei zaizkio askorik gustatu Pello Salaburu Euskararen Aholku Batzordeko kide eta euskaltzainari. Lurralde antolakuntzak hizkuntzan daukan eragina aztertuko ote zuten Salaburuk eta besteek Euskararen Aholku Batzordean? Hizkuntza jokabideak lantzeko ikastaroak edota TELP tailerrak herriz herri sustatzea baloratuko zuten noizbait? Euskaldunak pairatu behar duen bazterketa linguistikoa kudeatzen ikasteko saioak antolatzea? Eskaintza akademikoa, Lanbide Heziketa esaterako, behingoz euskaraz izatea otuko zitzaien sekulan? Euskara ikastea doakoa izatea? Ez al da hori, ekonomikoki ere (kontratatu erdaldunak euskalduntzen gastatzen dena ikustea besterik ez dago) AHT bezain estrategikoa gutxienez? Batzordekide batzuk ezagututa, ziur baietz. Beste batzuk ezagututa, ziur ezetz. Jaurlaritzari erreparatu ezkero, badakigu ze aholku onesten diren eta zeintzuk (goragokoak) ez.

Ugaztun ugarik euren gorotza usaindu eta probatzen dute sarri, euren osasunaren berri izateko oso baliagarria baitzaie, eta baitzaigu. Arazoei konponbideak topatzeko arazoak ongi identifikatzea zein kokatzea ezinbestekoa da, eta norbere gorotza usaintzeak laguntzen ahal du horretan, autokritikarako gaitasunik balego. Erantzun egokietara iristeko galdera egokiak egitea ere ez da bide txarra.

‘Poziktibityrekin triste’ artikuluan bestearen posizioa barregarri uzteko bere idatzietan egin dituen galderen perspektiba aldatzea proposatuko nioke Salabururi: ordezkari instituzional eta politikoen hizkuntza aukera eredugarria izateak, euskara erabiltzea sustatu nahi duen administrazioetan euskara konplexurik gabe eta normaltasunez erabili ahal izateak, hedabide publikoak euskaldunak izateak eta horietara beharrezko baliabideak bideratzeak, euskararen transmisioan urratsak emateko helduen euskalduntze eta alfabetatzea doakoa izateak, kontratazio publikoetan euskara nahitaezkoa izateak, hezkuntza eredu euskaldun eleanitza izateak… finean, euskara espazio erreferentzialetan lehentasunezkoa (beraz eredugarria) izateak eta euskararen ezagutzaren unibertsalizazioak nola eta noraino eragingo du herritarren hizkuntza jokabidean?

Kanpainak kanpaina dira. Hauteskundeetan porrota bizi ondotik esan ohi da, arazoa beste bat izanik ere, ez dela jakin mezua herritarrengana iritsarazten. Komunikazio arazoa omen. Patxi Lopezen Gobernua harago joan zen, eta bere kabineteak behin eta berriz esan zuen herritarrek ez zutela ulertu bere jarduna. Hor ere komunikazio arazoa omen. Hemendik hamaika urtera afera honi dagokionez berdin edo okerrago bagaude (hobeto bagaude badakigu dominak ze jaka edo gorbata edertuko duen) komunikazio arazoren bati ez ote zaio egotziko, batzuek eta besteek jakin dakitenean arazoa ez dagoela kanpainetan eta mezuetan, iruzurrik egin nahi ez bada horien atzean ezinbestez egon behar duen koherentzian eta zintzotasunean baizik.

Hypocrisy
Aitor Kaltzakorta

Gerturatu ta lau !