Hutsik izanen da eguzkiko tendidua gaur

Pankarta beltzak izan dira aurtengo Sanferminetako protagonistak. Udalaren jarrera salatzeko egin duten ekimenetako bat hori da. Gaur ere salaketa eguna izanen da eta peñak ez dira zezenketan agertuko. Beraz, eguzki tendidua erabat hutsik izanen da eta itzalekoek ezinen dute txarangen musikarekin gozatu. Hala ere, bestarekin jarraituko dute eta zezen plazako giroa karrikara eramanen dute. Merendua Carlos III.aren etorbidean izanen da arratsaldeko 19:00etan eta ez dira Gaztelu Enparantzan sartuko istiluak ekiditeko asmoz.  Izan ere, Iruñeko Udalak berriz ere Espainiako selekzioaren partidua paratuko du bertako pantaila erraldoietan. Beraz, Alde Zaharreko karriketan barna ibiliko dira giroa berotzen. Euskal dantzei dagokionez, oraingoan ez da bertan behera geratuko ekitaldia eta Recoletas plazara jo beharko du txistu eta gaiten doinuak lagundurik dantzatu nahi duen orok.

Peñek ezadostasuna azaldu diote Iruñeko Udalari Munduko Futbol Txapelketako partidarekin hartu duen erabakiarengatik. “Ez da zuzena egitarau ofiziala aldatzea, ezta Sanferminetako edozein ekitaldi ere”. Edozein istilu saihestea Udalaren ardura dela uste dute eta horrelako ekitaldiak bestari egokitu beharko liratekeela eta ez alderantziz.

Bien bitartean, Facebook eta Tuenti bidez kamiseta laranjak eramateko kanpaina hasi dute batzuek. Espainiak eta Herbeherek finala jokatuko dute gaur eta horren karira jantziko dituzte batzuek hator laranjak.

Gaurko ekitaldiak

Mjg0NA==

Irudia | Adierazpen askatasuna | Gaztelumendi | Creative Commons By SA
peñak, Sanferminak
Iker Tubia

BARDO GORRI NAFARRA

Zer duzu buruan “Hutsik izanen da eguzkiko tendidua gaur”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude