Hutsegite hartatik hamabost aukera

Hutsegite hartatik hamabost aukera –

Jai ereduei buruzko gogoeta sustatzeko helburuarekin jaio zen ekimenaz idatzi du

Hutsegite hartatik hamabost aukera

Kontakizun guztiek dute beren hasiera eta jarraian datorrenak, nahikoa ezagun denez, 2003ko astelehen batean paratzen digu gogoa. Objektiboak dira gertaerak, eta objektiboa aipatu urteko abuztuak 11 zituela jazo eta gure kontakizunaren abiapuntu den gertakaria ere. Gertaeren egia, ordea, ez da egia osoa, kontakizunek osatzen baitute gertaera; nork bere maneran interpretatu ditzakela, alegia. Kontakizunak bertsioak dira eta botere norgehiagokari loturik daude: iraganaren kontakizunak etorkizuneko proiektua baldintzatzen duelako idatziko du etorkizunak iragana.

Eta ura beti bere bidean, baina ez nahitaez beti bide berean. Historia ez da gertatu oraindik. Hau da, nagusigoan direnek beren historia idazten jarraituko dute, baina historia ezin da zigilatu. Liburu irekia bezalakoa zaigu historia, eta poetak esan bezala: liburu itxiak hilkutxak dira, liburu irekiak itsasontziak.

Hiriko txandako agintariek herri mugimenduak kaian antolatu txosna-gune herrikoia desegin eta debekatu zutenez gero, iragan mendeko 80ko hamarkada amaieran, hamaika ahalegin eta izerdi eginak ziren festaren agerpen herrikoia berreskuratzeko. 2003an ez zen ezberdin, orduko handi-mandiek Mare Clausum nahi zuten abuztuko festa, ospakizun herrikoiarentzat itsaso zarratua. Kontakizun berriak izkiriatzeko liburu irekia, berriz, auzo zenbaitetako Gazte Asanblada eta Jai Batzorde, Parte Zaharreko hainbat tabernari eta lagun koadrilek. Zabaldu belak eta jaso aingurak, jaia eta aldarrikapena uztartuz abordatu genuen lehenengoz Donostia. Halaxe sortu zen Abordatzea, desobedientzia, umorea eta parte-hartzea iparrorratz zituen nabigaziorako tresna, itsaso berrien arrastoan jartzen gintuen astrolabioa.

Abuztuko festen ereduaz gogoeta piztea zuen helburu ekimenak, hiriko herri mugimenduen artean eta arteko eztabaida sortzea. Gogoeta eta eztabaida horren ondorio izango zen, edo ez zen izango, festa berria antolatu eta ospatuko zuen batzorde herrikoia. XXI. mendeko jai herrikoien aldeko mugimendua, lehen urte hartako aurre ikuspen eta helburuetan huts eginez eratu da. Eztabaida sustatu eta aukera berriak asmatu behar zituen ekimenak, hasierako usteen arabera bospasei urteren itzulian, hauxe lortzean ospatzeari utziko ziolarik. Desagertzeko sortua zen ekimena, lehen urtearekin iraungitze data ezarria geniola.

Huts egin genuen aurre ikuspenetan, beraz, baina huts egiteak aukera berriak zabaldu zituen. Eta zabaltzen jarraitzen du. Hortan datza 2003ko abuztu hartan asmatu genuen ekimenaren eta egin genuen hutsaren bertuteak: huts hartatik hamabost aukera sortu dira. Marinelen kantak ikasi ditugu bidaian, eta marinelek kantatzen ez dituzten kantak asmatu, zerumuga eta haragoko uretan irlak eta derrotak bildu. Eta hamabosgarrenez abordatuko dugu Donostia, hamabost urte beteko dituenez aurten Abordatzeak. Huts egiten jarraitzeak galdera berriak izkiriatzen dituelako mapetan.

Hutsegite hartatik hamabost aukera

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.