Hutsaren hurrengoa

Hutsaren hurrengoa –

Amatiñok Euskadi Irratiko Albiste Faktorian.

Hutsaren hurrengoaGarrantzizkoa eta kontuan hartzekoa, benetan, aurreko larunbatean Bilbon zein Baionan bildu zen jende pila, presoen eskubideen alde agertzeko eta espetxe-politikan hainbat aldaketa aldarrikatzeko.

Presoak betidanik izan diren arren euren eskubideen jabe, zalantzarik ez gero, azken urteotako indarkeriarik ezak erraztu eta areagotu egin duela euskal gizartearen jarrera, presoak indarkeriaren aktore zuzenak ziren neurrian erabateko kontraesana baitzen euren aldeko enpatia eta atxikimendua eskatzea, ordezkatzen zuten bortxakeriak zirauen artean.

Orain, berriz, indarkeriarik ezak, zenbait presoren gaixotasunak eta guztion arteko bakea eta elkarbizikidetza eragin nahiak samurtu dezakete gizartearen jokaera.

Hau guztia, ostera, arazoaren erdia-edo baino ez da.

Ezin ahaztu, Bilbon eta Baionan larunbatean bildu zen jendetza ez dela euskal gizarte osoa, parte bat baino. Azken lau hamarkadotan borroka armatua defenditu izan zuen esparru soziologikoa zeharo tronpatuko da, beste behin… berriz ere uste baldin badu, euskal gizartearen gehiengoa dela larunbatean kaleratu zena.

Alderantziz gero, nago, euskal gizartearen gehiengoa dela, bakearen mesedetan presoez errukitzeaz gainera, indarkeria defenditu zutenen aldetik dezente autokritika gehiago itxaro duena.

Seguru asko, presoen egoera arintzeko erritmoak ez dira zenbaitek nahi eta eskatu bezain bizkorrak baina, ETAren inguruko gizarte-sektore horren gogoa, txarto egindakoa aitortzeko gogoa, hutsaren hurrengoa besterik ez da.

Eta horrela, beldur naiz, jai dago.

.

* Argazkia Argia aldizkaritik jasoa da (Ibai Arrietak egina) eta ZUZEUk hautatu du.

Hutsaren hurrengoa Hutsaren hurrengoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.