Antza/Iparragirre kasua: hurbilketa urruntzea izan daiteke

Sudouest egunkariak argitaratutako albiste batean, argi ikus daiteke euskal preso askorentzat ona izan daitekeen Espainiaratzeko erabakia, ez dela gozoa gertatuko guzti-guztientzat, ez behintzat Mikel Albisu,  Marixol Iparragirre eta euren semearentzat. Beste modu batera esanda eta paradoxikoa badirudi ere, hurbilketa ez dela beti integrazioaren sinonimo.

Izan ere, berrikitan lortua zuten egoera on xamar bat, hirurak elkarrekin asteburuak kartzelan pasatzen uzten ziena Réau-ko kartzelan, Parisetik hurbil. Hain juxtu, Parisen dihardu Filosofia  ikasketak egiten semeak eta. Baina orain pikutara joan daiteke egoera hori, esaten baita ETAko bi historikoak izanen direla Espainiara eramango dituzten lehenak, Sevillara, hain zuzen ere.

Antza

 

Gertaera horren aurrean, Jean Marc-Raynaud eta Thyde Rosell bikotekideek, gutuna idatzi diete Valls Lehen Ministroari eta Taubira Justizia ministroari. Bikote honek zaindu zuen umea 3-6 urte bitartean,eskolaratu ere haiek egin zuten, eurek sortutako Bonaventure eskola libertarioan,  bere gurasoak sasian zebiltzan bitartean. Editiones Libertaries argitaletxeko editorea ere bada Raynaud eta militante anarkista ezaguna ere bai, bistan denez . Bikoteak berea du liburu bat: “Oui, nous avons hébergé un terroriste… de 3 ans !” (“Bai, geuk gorde dugu terrorista bat… hiru urtekoa!”), Editions Libertaires argitaletxean.

Gutun horretan, besteak beste zergatik idatzi duten argitzen dute: “Begirune handia diogu bikoteari guraso diren aldetik. Inpresionaturik gaude semearekin duten harreman afektiboarekin”.

Gurasoen ekintzak direla eta, 2010etik 20 urteko kartzela zigorrera kondenaturik daude biak ala biak, baina kontu horiez haratago, alde humanoari behatu diote Raynaud-Rosellek euren gutunean: “Familiak 2004an utzi zion elkarrekin bizitzeari, Salies-de Béarn-en izandako atxiloketez geroztik. Haurra Hegoaldeko aitona-amonekin bizi izan zen eta izebarekin ere bai, selektibitatea egin bitartean. Hamar ustetan zehar, milaka kilometro egin behar izan ditu bere gurasoak hamaika kartzela desberdinetan eduki baitituzte”.

Esan bezala, egoera hori apur bat gozotu egin da joan zen irailetik, baina espainiak0 prentsaren arabera, bi etakideak izan daitezke Espainiaratuko dituzten lehenengoak, zergatik eta hurbilketa teoriko batengatik. Baina Albisu-Iparragirre familiaren kasuan, badirudi juxtu kontrakoa lortuko dela: integrazio egoera bat deuseztatzea, hain juxtu.

Horrexegatik idatzi ei dute gutuna, salbuespena egin dezaten familia honekin eta egoera berdintsuan egon daitezkeen gainerako euskal presoekin ere bai.

 

hurbilketa, izan
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Antza/Iparragirre kasua: hurbilketa urruntzea izan daiteke”-ri buruz

  • Parixetik Sevillara joatea hurbilketa baldin bada , ez dakit ba, España Frantzia baino gertuago sentitzen ba dugu izango da, kilometro askoren aldea ez dalako egongo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude