Hugh Jackman presoen alde?

Cosplay estiloan. Hugh Jackman protagonista den X-Men filmeko pertsonaien mozorroekin egin zuten. Ez zoazten baina Jackman-en sinadura edo argazki bila. Gezurra, argazki bila zihoazen: euskal presoen eskubideak plazara ateratzera. Eta lortu zuten.

Presoen aldeko ekintza irudimentsua zirudien. Zortzi lagun mozorro sinpatikoz jantzita, X-Men-eko superheroiez. Donostiako Zinemaldiko alfonbra gorrira heldu ziren, Hugh Jackman Donostia Sariaren bila.  Ateak Ireki-k zabaldutako bideoan (behean) ikusten denez, ekintzaren hasieran gazteak zine zale friki gisa portatu ziren. Talde argazkiak egin zituzten, eta heroien itxurak. Baina, une batetik bestera mozorroa kendu zuten; ez mozorro jantzia, asmoen mozorroa baizik.

Hugh Jackmanek alfonbra zapaldu eta jarraitzaileei sinadurak egiten hasi zenean X-Men heroiek euskal presoen Euskal Herriratzeko bandera klasikoak atera eta astindu zituzten. Ertzainek hurbiletik kontrolatu zituzten, urrutirago joan ez zitezen. Alferrik. Jackman jatorrak bandera eskuetan hartu eta irribarrez begiratu zuen. Argazki bat atera ziezaieten pausatu ere.

Hugh Jackman presoen alde?

Arrastorik ote zuen aldarrikapenari buruz? Ezta urrik eman ere. Jakin izan balu hartuko zukeen? Are gutxiago. Holywood-eko izarren artean (berdin pop munduan edo futbolean) konpromiso politikoak arrantzatzea (Obamarentzat salbu) ez da erraza. Zer esanik ez presoak bezalako gai baten inguruan, zeinetan Espainiako milioika biztanleen arbuioa lortuko zukeen… eta gutxi batzuen gogoeta.

Enegarren aldiz, Sevillako Atletismo Mundialean edo Gran Hermano saioan bezala, milakak euskal presoen auzi larria ikusi beste erremediorik ez zuten izan. Hori gauza bat da. Baina, bestetik, aldarrikapena ikustea ez da inondik inora sinpatia sortzearen adierazle. Bada presoen euskal herriratzea eskatzeko borondate nekaezinaren lekukoa, arreta deitzekoa, ikusgarritasuna ematekoa. Horretan asmatu dute.

Pertsona gehiago presoez arduratzea helburuetakoa bazen ez da oso efizientea. Finean, Holywood-eko izar bat engainatzea izan da meritua. Ez da oso mezu positiboa norbaiten ezjakintasunari probetxua ateratzea. Beste erremediorik ba al zegoen? Bai, Jackman-ekin kontaktuan jarri, afera azaldu eta keinu bat adostea. Ezinezkoa? Baliteke.

Ateak Ireki-ren bideoaren tituluak ere engainutik gehiago du zintzotasunetik baino: “Hugh Jackman euskal preso politikoen eskubideen alde”

Epilogoa

Hugh Jackman-ek Kursaalean jaso zuen Donostia Saria. Horrela hasi zuen bere hitzaldia: “Arratsalde On! Gracias, gracias, gracias. I always loved Spain”.

Hugh Jackman presoen alde?

14 pentsamendu “Hugh Jackman presoen alde?”-ri buruz

  • zer nahi duzue, ni nahiko nazkatuta nago ekitaldi minimoki masibo guztietan bandera horiek ikusteaz.

  • Esandakoa argitze aldera: presoak etxeratzearen kontra ez nago. Beste hainbat erreibindikazioren alde nagoen bezalaxe. Baina gertaera edo ekitaldi masibo guztietara aldarrikapen sozial edo politikoak eman beharra ere, nekagarria iruditzen zait.

  • Ados nago, aldarrikapen batzuk eremu batzuetara mugatu beharko lirateke, kasu batzuetan behintzat. Nik hemen ez diot logikarik ikusten.

  • Bai, hobe apartheiden kontrako ekintzak, adibidez, egin izan balituzte eremu mugatu batzuetan bakarrik, ez joko olinpikoak bezalako ekitaldi masiboetan. Pentsatzea ere! Seguru nago jende asko eta asko nazkatuta egongo zela halakoez, logikarik ikusi ezinda.

  • Presoak ehundaka kilometrotara eta senide eta lagunak egoera krudel hori pairatzen dituzten bitartean horrelako ekintza “ilogiko” eta “nekagarriak” sufritu beharko dituzue. Kottaduak zuek!

    Zapalduak diren giza eskubideak direla demontre!

  • Berdin zaidala presoak diren edo ETAren biktimak edo beste edozein aldarrikapen bidezko… Herri honen koñazoa da jende mordoxka bat biltzen den ebento batean beti dagoela horrelakoak aguantatu beharra. Eta bai, nahi ez baduzue ere, nekagarria gertatzen da.

  • Bayun,
    Bidezkoak diren aldarrikapenak egiten direnean, aldarrikapenok benetan bidezkotzat jotzen dutenen sinpatia beti dago hor, nahiz eta batzuetan sortzen den egoera deserosoa izan.
    Baina bidezkoak diren aldarrikapenak egiten direnean “koñazoa” “aguantatzea” eta halako hitzak erabiltzen dutenek -zuk, esaterako- argi erakusten dute aldarrikapenok bost axola zaizkiela; alegia, politikoki xuxenki eta aho txikiz onartzen duten horrek, bene-benetan, higuina ematen diela.
    Zu ez zaude presoak ekartzearen alde, Bayun. Ez zaitez hipokrita izan eta esan gauzak benetan, bihotzez.

    • Egia esan, mihiari eutsi nahian ibili naiz orain arte. Hasteko, erabat ados sarrerarekin. Ekintza osoa muntaia itzela iruditzen zait, horretarako eginda, gainera. Jackman jaunak ez du presoen alde egin eta euskal presorik den ez daki. Nik, berriz, ez dakit zer zererikusi ostia (eta barkatu hitza) daukan Jackman jaunak euskal presoekin eta aldarrikapenarekin. Eta dakit zer garrantzi ostia (barkatu berriz) daukan aktore australiar batek aldarrikapenarekin bat egiteak benetan egin izan balu, ez ezagutzeak edo bost axola izateak. Niri bost. Baina, alfonbra gorriko despistean Jackman jaunak euskal presoen banderari eutsi izana elkartasun ikurtzat saltzea iruzurra da. Benetean, gaizki gabiltza euskal presoak hona ekartzeko besterik bururatzen ez bazaigu.
      *
      Kontu bat da Zinemaldiak ematen duen oihartzuna aldarrikapenari bozgoragailua emateko erabiltzea. Beste kontu bat, ordea, edozein tontakeria emateko aitzakia ematea. Eta asmo onek ez dituzte txapuzak zuritzen. Niri, bideoan ikusitakoa pailasokeria itzela iruditu zitzaidan, Facebooken ikusi nuen lehen alditik, besterik ez. Auzo lotsa. Norbaitek ideia izan zuen, burura eraman zuten, baina ez zen ideia ona izan, eta kitto. Berez, ez dauka bestelako garrantzirik. Ziur aski, betikook baino ez gara betikoaz ari.
      *
      Zinemaldiak ematen duen oiartzuna modu askotan erabil daiteke euskal presoen aldeko aldarrikapena egiteko. Athleticen, Realaren edo Osasunaren partiduek ematen dutena ere bai. Baina, adibidez, partidu guzti-guztietan, jokariak ari direla, zelaira presoen bandera eskuan “espontaneoa” aterako balitz, zer? Hori ere “sufritu” beharko litzateke. Musika kontzertuetan ere bai? Antzerkian? Zinema aretoetan? Estropadetan? Bizilagunaren ezkontzan? Non bai eta non ez, eta zergatik?
      *
      Erantzuna oso argia da: zertarako egiten dira horrelako ekintzak? Zein da helburua? Lortu al da? Niri zinemaldikoak errefusa eragin dit. Auzo lotsa eta etsipena sentiarazi dizkit. Eta esan gabe doa aldarrikapenarekin bat egingo ez banu, auzolotsaren eta etsipenaren ordez, poza sentituko nukeela.

  • Bueno, egia esan, sarrera irakurri baino lehenago irakurri nituen atzo gauean Bayunen iruzkinak, zinemaldiko ekintzaren nondik norakoez deus jakin gabe. Nire erantzuna, beraz, iruzkinei egindakoa zen. Oraintxe leitu dut sarrera eta Gonzalo Etxagueren iruzkina, eta esango dut argi eta klarki bat natorrela harekin: presoen aldeko aldarri gisa, penagarria iruditu zait. Horrek ez du esan nahi, ordea, helburu bereko beste ekintza asko eta asko, irudimentsuak ez ezik, oso positiboak ere ez direnik.

  • Belatz, nahi duzuna pentsa ezazu. Eta eskerrik asko hipokrita deitzeagatik. Baina koñazoa, koñazoa da. Eta kritikoagoak izan behar dugu. Uste dut,e… ale aio.

    • Koñazoarenarekin ez duzu dagoeneko nahikoa koñazo eman, Bayun? Baietzean nago.

  • Foroko intelektualentzat: alfonbrara salto egin balute gaizki, banderola eman diotelako gaizki, super heroiak patetikoak zirelako gaizki, umorea zuen ekintza zelako gaizki…zuek erreta zaudete benetan bost axola zaizuelako presoak eta kitto!! Onartu, ez da ezer pasatzen.
    Ez duela oiartzunik izan?

    +Youtuben ekintzaren bideoak hiru egunetan 37.000 bisita izan ditu.
    + http://www.elcorreo.com/vizcaya/20130928/mas-actualidad/cultura/jackman-presos-201309280028.html
    +http://www.elmundo.es/elmundo/2013/09/27/paisvasco/1380311606.html

    Muxu bat umorez eta era baketsuan giza eskubideak aldarrikatzen dituzten ororentzat!!

    • Mikel: Herri harresia bezalako estrategia komunikatiboak txalotu, goraipatu eta aldarrikatu baldin badaitezke, kritikatu ere egin ahalko da, ezta? Kritika destruktiboa eta gogoeta ezberdindu behar zenituzte, eta niri artikulua asmo onarekin idatzita dagoela iruditzen zait. Agur bero bat.

  • Aspaldi irakurri dudan artikulurik eskasena gizartean eragiteko asmoz egiten diren ekimenei buruz hitz egiteko.