Hortelano jauna ere Twitterri beha

Benetan harrigarria da Twitterrek, edo hobeki, twitterlariek, besterengan eragiten dituzten espantu aiko-maikoak. Behin baino gehiagotan egin behar izan diot arrapostu nola-hala tupustean bota izan didaten “Aizu, Twitterren lehengo batean jarri zenuen…” bati. Adios, orain ere badugu zerbait. Behin Gabonetako oturuntza horietako batean eman behar izan nituen azalpenak aste pare bat lehenago idatzi nuen tweet bati buruz. Formatu standard horrek bariante anitz ditu: tweet baten esplikazio eske idazten dizuten e-maila, beste tweet bati zeharka erantzuten dioten iritzi zutabeak prentsan, telefono-dei mehatxatzaileak desordutan, eta abar. Izurrite bat sin dudarik gabe.

4075529972_cc55b66217_o

Horietan azkena eta joera honen optimizazio behinena iruditu zaidana Facebook-eko lagun batek egin du, zeina Facebookeko lagun izanagatik estimu handitan dudan pertsona (sic) erreal (sic) gisa. Zer eta honakoa paratu zuen duela egun batzuk bere horman: “Erabiltzen diren traol edo hashtag guztien artean jasangaitzena “esanbeharnuen” justifikazio tonu-usteko mengelekeria hori da. #eznuenesanbehar” Eta jarraian, bonus-track moduan: “Beste traol horroroso bat norbait hil osteko #respect angloglobal hori!
#esanbehareznuenbestelerdokeriabat”

Manda collons, pentsatu nuen berehala, eta zerbait #idatzibeharnuen –la erabaki.

Izan ere, esan gabe ez ezik erran gabe doa, horiek denak Twitterreko profilik ez duten edo edukita ere voyeur-arena egiteko erabiltzen dutenetakoak dira. Esan gabe ez ezik erran gabe doa, horiek denek ezein istant profitatuko dute Twitterri buruz gaizkiesaka ibiltzeko. Behar izanez gero puntiletan ipiniko dira albokoaren sorbaldaz gaindi mintzatzeko. Eta gaizkiesaka ibiltzeaz gainera Twitterren parte hartu ez eta Facebook sare sozial itxian botatzen dituzte beren purrustadak parte hartzera ausartzen ez diren sare sozialaren inguruan hau eta besteaz kexu. Mizkinkeriatan: traola hau ez zaidala gustatu, kendu beste hori gatz pixka bat falta zaiola #ytal, apartatu begibistatik beste hori eta ekarri zerbeza hotz bat, Jeffrey. Jon Sarasua-k esana du zango bat lokatzetan sartua bizi ez den jendea ez zaiola interesatzen. Bada, kontua ez da espezie hori ez dela lupetzaren ertzean paratzen beren mokasinak zikintzeke, ez, ez, bai zera; okerragoa da, etxetik LCD pantaila handi batetik behatzen dituzte lokatzetakoak galtzerditan eta txabusina soinean. Begira honek zer erantzun dion besteari, begira besteak ze esan duen ez-dakit-zer-i buruz, hango hark bota duen boutadea… Beldur dira, antza, sare sozialeko lorategi zein alberjinia sail ohikoez eta hesiaren bestaldetik egiten dute so, pañuelo zuria eskuan eta pamela koloretsua buruan beren iritzia emateko gertu.

Eta baiki, neronek ere badut Twitterrekiko halako harreman amodio-gorrotozkoa, zeina azken aldian bigarrenaren aldera makurtzen ari baita arrapaladan. Aitor dut. Baina hori bat da eta bestea muturren aurreko adar jotzea pairatu beharra. Agerikoa da, ez bazaizue Twitterra gustatzen edo han esaten direnek gogaitzen bazaituzte, aukeren abaniko luze-zabala duzue, Twitter.com-en sartzeari uztetik ordenagailu eta gure inguruko gadget teknologiko orotaz libratzeraino. Zoriontsuagoak izango zarete segurki. Ez bazarete horretarako gai, psikoanalista on askoak ere badira mundu zabalean. Askotariko ez ezik anitzak endemas: lacandiarrak, freudianoak, jungiarrak…

Adeitasunez, Hortelano jaun maiteok, baina #esanbeharnuenbai

Twitter

7 pentsamendu “Hortelano jauna ere Twitterri beha”-ri buruz

  • Kanpoan ere erabiliko dute #respect angloglobal hori, baina niretzat oso gauza euskalduna da: Ana Malagonen txioetan hasi nintzen irakurtzen. Bere eraginagatik zabaldu da, ez Disney Chanelengatik, edo Facebook-eko buru Mark Zuckenbergen ahaleginengatik. Pertsona baten errespetu seinale xume eta sinpleetatik zabaldu da traol hori, nik ikusi dudanez. errespetua merezi zuen baten bat hiltzean Ana Malagonek hala idazten zuelako eta duelako.

    • Gorka Erostarbe Leunda 2013-11-03 21:37

      Gustuko ez ditudan traol zehatz horiei dagokienez:

      1) Ulertzen dut esan nahi den hori esan arteko onik ez duenaren esan asmo bizia azaltzen duela #esanbeharnuen-ek, baina ezin diot kendu justifikazio tonu itsusia. Nahiago #esannahinuen edo esan eta kito.
      2) Luis, #respect traoletik haren erabilera orokortua zait zatarra, urruna, hotza, kurtsia… ez kasu bakanen erabilera. Eta jakina, ez du zerikusirik hildakoari zor zaion errespetuarekin nere kritikak.

  • Gorka Erostarbe Leunda 2013-11-03 21:19

    Puntu eta aparteekin eta hondar oharretako zenbakiekin zer gertatu zaidan ez dakit. Barka anabasa eta ladrilloa.

  • Gorka Erostarbe Leunda 2013-11-03 22:31

    Beñat;

    Behin hankak lokatzetan sartzen hasita traolen inguruko purrustada hori jaurti zuena neu izan nintzela lasai asko esatea zeneukan motel!, hortelanoari izen-deiturak edo grazia emateko batere errezelorik ez zenuen izan behar –deitu izan dizkidaten gauzen artean original eta bereizgarrienetakoa da, baina jauna zahartzaile hori sobrante akaso…-. Izen deiturez kanporatu nuen ozpindura antitwitteroa, nahiz eta zuk ondo diozun bezala sare sozial itxi batean izan. Neu ez nintzen horretaz oso kontziente. Idatzitakoa publikoa zela iritzita egin nuen, eta ez inorren bizkar aritzeko asmoz.
    Kontrakoa. #esanbeharnuen eta #respect traolak Facebooken irakurri izan ditut batez ere, ziur aski sare horretara bideraturiko txioetan. Eta FB-eko lagun asko twitterlari fin direla pentsaturik idatzi nituen horiek. Jostaketa eta adar-jotze tonua nituen helburu. Eta propio erabili nuen lengoaia twitteroan sarri bortitzegi zaidan estiloa; bitxia baita, baina zuk egozten didazun horixe bera , besteren sorbaldaz gaindi aritzea –eta kritikatzen dena nor den sarri aipatu gabe gainera-, egiten baizait gehiegitan eramangaitz. Edonola ere, arrazoi duzu; kritika FB-en egitea ez da txukun eta elegantea izan. Twitter bera erabiltzea egokiagoa zatekeen, baina honez gero ondo dakigu oraingoz behintzat ez dudala konturik…
    Eta horretan ezin ados egon zurekin, Beñat. Twitterlari ez izan, twitter konturik ez izan eta ezin ote da kritikatu mundu horretatik gustatzen ez zaidana? Klub, elkarte, alderdi, mugimendu, jardun edo denadelako baten kide izan behar ote da hura kritikatu ahal izateko? Jai zukeen Groucho Marxek eta jai lukete kritikari-kritiko gehienek. Eta harritzen nau ‘voyeurismo’-aren kontrako ideia hori prezeski zuk haizatu izanak, behatzaile zorrotz eta kritikotzat (eta horrenbestez voyeur apartekotzat, pentsatzen dut) zaitudan heinean. Ezin ote dugu, esaterako, musika talde bat kritikatu musikari izan gabe? Eta bai, aitor dut, aitortzen dut edo daitort, eta ez da publikoki egiten dudan lehen aldia, ‘voyeur’-a naiz, eta baita twitter ‘voyeur’-a ere. Koldo Almandozek ondo esplikatu zuen twitter ‘voyeur’ izatearena hemen: http://www.gaur8.info/edukiak/20130525/404714/Leiho-indiskretua

    Publiko direnez, intereseko zaizkidan twitter zenbait jarraitzen ditut, nahiz eta geroz eta gutxiago izan, bai ofizioak hartaratuta, baita plazer eta sufrikario pertsonalez. Facebook Vs Twitter tankerako mundu banatze bat egiten duzula iruditu zait, Beñat, eta nire kasuan ez da horrela, ez behintzat modu ideologizatu kontzientean. Ez daukat bata bestea baino hobeago edo egokiagotzat. Ezta alderantziz ere. Biekin badut nahikoa borroka, hori bai. Nork bere buruarekin borroka egiteko beste modu bat baino ez dira. Artean zer zen arrastorik ez nuela sartu nintzen ditxosozko FB-en eta geroztik hor jarraitzen dut, zertan aritzen naizen oso ondo jakin gabe. Badu exibizionismo lerdotik, izango du komunikatzeko desio frustratutik, izango du nonbait egoteko gogo behartutik… Eta Twitter konturik ez badut ez da Twitter bera gustuko ez dudalako, baizik eta nik neuk Twitterren egingo nukeenak uxatzen nauelako. Hortelano Jauna Twitter unibertsoan izateak ematen dit beldurra; eta engantxeak, eta hitz-jario gehiegizkoak eta bla bla bla. Eta honez gero jabetuko zinenez, oso labur aritzeko ezintasunak ere bai…
    Baina bai, era berean badu twitterrek, edo haren erabilera zehatz batek hobeto esanda, zera bat izendatzen zaila egiten zaidana eta ozpindua eragiten didana. Etengabe ingenioso izan behar horrek, epatante izateko behar horrek… plazer komunikatiboaren ile biloak zimeltzen dizkit maiz, zut jarri beharrean. Eta hala ere jarraitzen dut albotik beha, bai.

    Interneten eta sare sozialen aro honek asaldatzen nau, Beñat. Seduzitzen nau eta gogaitzen nau. Ziur aski txoratu eta zoratzen. Neure miseriak eta kontraesanak ageriago uzten. Psikoanalista merkeren baten telefonorik bai?
    Bukatu aurretik, hiruzpalau hondar ohar.

    Deigarria egin zait desordutako telefeno-dei mehatzaileen zerrendatze berean, haien parean hortaz, kokatzea gustuko ez ditudan bi traolen aipamena; Kritika arlo guztietan beharrezkoa dela haizatzen dugun garaiotan are deigarriagoa. Kritika eskasa izan zitekeen edo leku desegokian egina, baina izen deiturez eta gustuko ez dudan kontu bat (traol jakin batzuen erabilera orokortua) aipatzeko borondatez egina.
    Interneten aroak aztoratzen nauela esan dut. Azkenaldian irakurritakoetatik Cesar Renduelesek esandakoek lagundu didate sentitzen dudan aztoramendu hori ordenatzen edo hobeto ulertzen. Gaztelaniaz dago elkarrizketa hau. http://www.kikoamat.com/web/2013/10/libro-del-mes-octubre-2013-cesar-rendueles-sociofobia/
    Hortelano honen zaunkek ez diezazutela jaterik eta gainerako plazer hezur-haragizkorik eragotzi, Beñat. Bestela bai hasiko nintzateke seko kezkatzen.

    eznuenesanbeharrikbainaesannahinuen

    Hortelano Jauna (Gorka Erostarbe)

  • Errespetu osoz esanda, ez dut tutik ulertzen zertaz ari zeraten. Norentzako ari zarete idazten? Jende arruntarentzako bai? Badakit “arrunta” eta holakoak oso termino erlatiboak direla, baina uste dut ulertzen dugula elkar. Adin kontua izango da, baina zer arrotza egiten zaidan jerga hau.

  • Beno, azkeneko hau gehiago ulertu dut. Ea.

  • Eneko Bidegain

    Nik erabiltzen dut Twitter, eta zenbait traol ez zaizkit gustatzen, eta gustatzen ez zaizkidan horietariko bat da #esanbeharnuen. Eta are gutxiago gustatzen zaidana: #horihalada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude