Hondartzan lapurtu eta gerora damutu den emakumea (Hiri Kondairak)

Hondartzan lapurtu eta gerora damutu den emakumea (Hiri Kondairak)

katxonderstan+%282%29

Ingelesez, AFOAF esaten omen zaie (A Friend Of A Friend), eta lagun batek kontatutako gezurretako istorio sinesgarriak dira (Lagun Baten Lagun Batek). Benetakoak balira bezala zabaltzen dira, eta gurera ere iritsi dira. Are gehiago, hemen bertan gertatu balira bezala zabaltzen dira. Nolabait, euskalherriratu egin ditugu.
.
Oraingoan, Donostian uda partean ahoz aho zabaldu ohi den euskal legenda urbano bat dakarkizuet. Honatx kontakizuna:
.
Hondartzan lapurtu eta gerora damutu den emakumea (Legenda Urbanoak)

.

Lagun baten lagun bati gertatu zaio… Hondartzara bakarrik joan omen zen, eta, bero handia zegoenez, uretan sartzeko gogoa sartu zitzaion. Baina hondartzetan azken boladan lapurreta asko eginak zituztenez, ez zen ausartzen bainua hartzera joan eta bere gauzak han uzten (dirua, giltzak, arropa…). 

Ondoan, emakume bat zegoen: 60 urte ingurukoa, itxura jatorrekoa… Fidatzeko modukoa iruditu zitzaionez, zaintzaile uzteko prest zegoen galdetu zion.

– Aizu, barkatu. Zainduko didazu motxila bainatzen ari naizen bitartean? Dirua eta giltzak ditut bertan, eta badakizu…

– Bai, zainduko dizkizut. Ez daukat orain alde egiteko asmorik, eta hemen egongo naiz. Lasai joan igeri egitera.

Bada, puska batean lasai-lasai igeri ibili ondoren, bere gauzak zeuden tokira itzuli eta… Bere gauzen arrastorik ez! Eta emakumea? Hura ere ez zen inon ageri!

Han zeudenei galdetuta jakin ahal izan zuen zer gertatu zen: itsasoan sartu bezain laster, emakumeak motxila eta gainerakoak hartu eta alde egin zuen. Lapurtu egin zion “emakume jatorrak”!

Ahal izan zuen moduan, etxeko beste giltzak eskuratu eta etxera sartu berritan, telefonoa joka entzun zuen! Nor zen? Hondartzako emakumea! Oso bolada txarra pasatzen ari omen zen, eta dirua eskura izan zuenean, ezin izan omen zion tentaldiari eutsi, eta lapurtu egin zion guztia. Baina damututa zegoen, eta gauza guztiak itzultzeko prest zegoen.

Hartara, lagunak hitzordua jarri zuen, eta emakumearekin geratu zen iluntze hartan bertan.

Aurrez aurre zeudela, emakumeak barkamena eskatu zion. Gauza guztiak itzuli eta bere egoeraren berri eman zion: alargun geratu berria zela, diru arazoak zituela, zorrak pilatzen ari zitzaizkiola… Bi ordu luze pasa zituen emakumearen bizitzaren gora-beherak entzuten.

Halako batean, lagunak emakumea agurtu eta etxera iritsi zen. Zer zen hura? Telebista falta, dirua falta, ordenagailua falta… Etxean sartu eta lapurtu egin zioten!

Argi zegoen: Emakumeak laguna entretenitu zuen, bere kideek etxea “garbitzen” zuten bitartean.

Ai, damututa zegoen emakumea!

.

Istorioa legenda urbano klasiko baten aldaera da. “El fabuloso libro de las leyendas urbanas” liburuan, Jan Harold Brunvandek istorioak bertsio ugari dituela azaltzen du.

Amerikako Estatu Batuetan 70eko hamarkadan zabaldutako bertsioan, Maryland estatuko emakume bat da protagonista. Merkatalgune batean poltsa galdu zuen (edo, agian, lapurtu egin zioten). Handik bi egunera merkatalgunetik deitu zioten esateko poltsa eskuratu zutela eta ahal zuenean bertara joateko. Hara joan, eta poltsa ez zen inondik ageri. Gainera, inork ez zuen oroitzen halako telefono deirik egin zuenik. Etxera bueltatutakoan, bizilagunek esan zioten mudantza kamioi bat arratsalde osoan etxe parean izan zutela eta etxea hustu ziotela.

Quebecen gertatu omen zen beste bertsio baten arabera, senar-emaztea da protagonista. Etxera bueltatu eta barbakoa falta zitzaiela konturatu ziren. Biharamunean, barbakoa lorategian aurkitu zuten, ohar batekin. Hau zioen oharrak: “Atzo lagun batzuk gonbidatu genituen afaltzera, baina barbakoa matxuratu egin zitzaigun eta zuena hartu genuen, ez genuelako beste modurik topatu afaria egiteko. Barkatu endredoak, eta, kalte-ordainetan, har itzazue sarrera hauek”. Sarrerak ikuskizun baterako ziren, eta ikuskizuna ikustetik etxera itzuli zirenean, etxean sartu eta lapurtu egin zietela konturatu ziren.

Jan Harold Brunvandek dio istorio berak hamaika aldaera dituela: Ingalaterran zabaldutakoan antzezlan baterako sarrera dira, Italiakoan bi lagunentzako afaria…

Antonio Ortíren eta Josep Senpereren “Leyendas urbanas en España” liburuan ere hizpide dute istorioa.

Bartzelonako María Ripollek kontatutako bertsioan, automobila da lapurtu eta berehala itzuli zioten objektua, eta antzezlan baterako sarrerak ziren opariak.

Orain, zuk erabaki: egia ote da Donostiako “lagunari” gertatutakoa?

.

Halako istoriorik badakizu, estimatuko nuke bidaltzea, zabalkundea emateko. Posta elektroniko hau dut: martinkitto3@gmail.com. Bestela, Twitterren ere aritzen naiz, eta #euskalleiendaurbanoak erabil dezakezu.

.

.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea

.

Hondartzan lapurtu Hondartzan lapurtu Hondartzan lapurtu

damua, Hondartza, legenda urbanoak

Tximua naiz, eta Katxonderstango basoetan bizi naiz, ikasitakoa desikasten. Noizean behin Oiartzun Irratira egiten dut bisita, eta, azkenaldian, Barretartian ere sartu dut burua. Zuentzat guztiontzat mezu bat dut: agur eta umore!

2 pentsamendu “Hondartzan lapurtu eta gerora damutu den emakumea (Hiri Kondairak)”-ri buruz

  • Gonzalo Etxague

    “Legenda urbano” deritze, baina ziur aski istorioak beraiek bezain zaharrak dira “legenda” hauek.
    Patakon bidelapur bizkaitarraz balentria eta mentura asko kontatzen dira. Horietako batean, nagusiak kaleratzean zegoen alargun txiro bati errenta atzeratuak ordaintzeko dirua eman omen zion Patakonek. Nagusia iritsi zenean, ezustean hartu zion dirua alargunari, ezustean eta atsekabe ere bai, bere benetako nahia etxea libratzea baitzen, ez errenta kobratzea. Baina dirua jasota amore behar izan zuen. Bideari ekin zion berriz nagusi hark, eta orduan nor aterako bazter batetik eta Patakon atera zitzaion, dirua “berreskuratzeko”, noski.
    Bada, istorio hau berau leporatzen zaio Jesse Jamesi, hitzez hitz, alde bakarra beste honetan hartzailea bankua zela eta nagusiaren ordez bakuaren ordezkaria joan zela alarguna kaleratzera.
    Bi pertsonaien artean ozeanoa eta hamarkada batzuk daude, baina biak antzeko garaien semeak dira: krisi ekonomikoak, sozialak eta politikoak nagusi ziren garaikoak, alegia. Ez nintzateke harrituko legenda hau, adibidez, Pablo Escobar batez kontatuko balitz gaur egun.
    Baina inoiz gertatu ote zen halakorik?

  • Kike Amonarrizek ere antzeko kasu bati buruz idatzi zuen. Boli Kostan gertatutako pasadizoa bat entzun zuen, eta konturatu zen Euskal Herrian istorio berbera kontatzen genuela Lazkao Txiki protagonista zuela. Non gertatu ote zen? http://www.argia.eus/blogak/kike-amonarriz/2013/01/06/umore-beltz-beltza/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude