Hondarribiko alardea maite dugunontzat

Hondarribiko alardea maite dugunontzat –

Hondarribiko alardea maite dugunontzat

Hondarribiko “Betiko” deritzon alardean ateratzen naizen gaztea naiz, eta nerekin batera ateratzen diren beste askoren antzera, ez nuke inongo arazorik izango emakume bat nire ondoan aterako balitz.

Gure ohitura den alardea gustuko dut. Bizi den ilusioa, familian bizi diren momentuak, lagunen arteko giroa eta egun berezi hauetan joandakoekiko oroitzapenak gogora ekartzea, guztiz ederra iruditzen zait. Oroitzapena dudan ezkeroztik ateratzen naiz Hondarribiko alardean. Aukeran, identifikatuago sentitzen bainaiz; bai familia eta lagunen gehiengoak honen inguruan bizitzen dutelako jaia, bai eta pasa diren 20 urteetan ez naizelako Jaizkibelen egiteko moduengatik erakarria sentitu.

90. hamarkada bukaera hark, gazteegia harrapatu ninduen bertan gertatu zena ondo gogoratzeko. Eta nahiz eta asko entzun dudan urte haiei buruz, agian urte haietan gertatutakoaren parte ez izanagatik, nire adineko beste askok bezala ez dut inorenganako gorrotorik sentitzen. Horregatik, batzuetan ez dut oso ondo ulertzen, zergatik gure adineko jendeak, herriko jai baketsu batzuk bizitzeko aukera galdu dugun. Egia esan, alardea, gaur egun dena baina askoz ederragoa izan litekeela uste dut. Inongo gatazkarik gabeko alardea, non jaia, barrea, maitasuna eta sentimendu ezberdinak bat egiten duten.

Gaur egungo alardea, mendeetan zehar emandako aldaketa askoren emaitza da. Eta aldaketa konstante horri esker mantendu zaigu ohitura gaur egun arte. Alardeak beste hainbeste mende irautea nahi badugu, XXI. mendeak eskatzen duen beharrezko aldaketa bermatu beharko dugu guztion artean. Izan ere, oraingo egoerak egiten dio benetako kaltea gure alardeari eta errudun bakarra, herritarren arteko ezin elkar ulertzea da.

Pauso hau emateko hitz egin beharko dugu; herrian dugun arazoa Hondarribiko herritarren artean bakarrik konpondu daitekeela uste dut. Eta horrela, denon artean eta lasaitasun osoz, guztiok gustuko dugun alarde bakar batera iritsi behar gara, gure ohitura zaharrari diogun maitasunagatik, inongo bazterketarik gabe. Hondarribiko emakume bakar batek, alardean ateratzeko nahia badu, eskubide osoa dauka.

Ez dut uste gaur egungo egoera gustuko duen inor dagoenik. Ziur nago herri honen nahia, egunen batean gatazka gainditzea dela. Imajina ezazue, ze jai ederrak ospatuko ditugun hau gainditzean. Imajina ezazue, hilak 7ko salbea eta aurreskuaren ondoren herri guztia batzen duen burgo-maestrearen makila entrega. Imajina ezazue, hurrengo eguneko hilak 8a, inongo tentsiorik gabe, bakarrik gure alardea, jaia eta emozioa. Gure herriagatik eta gure alardeagatik, gorrotoak gainditzeko gai izan behar gara. Ziur nago egun hori iristen denean, guztiok oroitzapenean dugun alarderik ederrena eta hunkigarriena ospatuko dugula. Hondarribiarrok merezitako alardea.

.

*Ohar historikoa: El ayudante de cámara de Felipe IV, impresionado por el comportamiento de las mujeres hondarribiarras durante el asedio, afirmaba en su manuscrito que “aseguraban muchos de la plaza que se hubieran perdido si no hubieran tenido la ayuda de las mujeres, que habían andado como amazonas haciendo trincheras, cargando los mosquetes al tiempo de los asaltos, y otras llevando la pólvora y balas en las faldas para que los hombres tirasen con más presteza, y últimamente estuvieron resueltas a vestirse todas de hombres pues no les faltaba el ánimo y el esfuerzo para salir a rebatir el asalto general que ese esperaba del arzobispo de Burdeos”.
Hondarribiko alardea Hondarribiko alardea maite dugunontzat
alardea, gatazka, Gaztea, hondarribia, konponbidea

15 pentsamendu “Hondarribiko alardea maite dugunontzat”-ri buruz

  • Bat nator dion askorekin nabardura batzuekin,bera ez da sentitu erakarria jaizkibeleko desfilera gauzak nola egin dituzten ez duelako gustoko. Beraz baztertuei botatzen die errua. Gero dio pena dela hau gertatzea herritarren ezinikusiarengatik. Benetan? Hau gertatu da betiko alarde matxistakoei ez zaielako sudur puntan jartzen emakumeak gizonen eskubide berberak izatea ta boikota egin diete ezagutzen ez dituzten ustezko tradizio memel batzuengatik. Ze tradizioak jarraituz alardeetan parte hartzen dutenen erdiak baino gehio ezingo zen atera. Halare aurrerapauso damirudi,alarde marxistaren gehiengoak hola pentsatuko du?

    • euskaldun bat 2017-09-12 22:27

      Hasi zara berriro ere “matxista”-ka. “Heteropatriarkatua” erabili ez duzunean ere! Nik uste dut diskurtsoa bi edo hiru hitzen bueltan garatuz gero diskurtsoa eguneratuta eta politikoki zuzena duzuela uste duzuela eta horrekin pozik zaudete. Orain tokatzen diren hitzak: heteropatriarkatua, matxismoa, auzolana eta jasangarria. Bihar zein hitz izango diren ez dakit. Egi bat eta bakarra! Ez ezazu hainbeste sinplifikatu!

      • Agian neohizkuntzan aditua zara, ni ez, beraz gauzei beraien izenengatik deitzen diet.
        Betiko Alarde matxista diot Matxista delako, emakumeak aitzaki petralekin baztertzen duelako sudur puntan jartzen zaielako.
        Horrexegatik pribatizatu behar izan zuten Alardea, matxista ta baztertzailea zelako.
        Ta jada ez bakarrik matxista, guztiz ezjakina ere. Ustezko tradizioak ez dituzten ezagutzen (gehiengoa behintzat) ta hain abertzale diren askok Gaztelar festa bat bezala sortua zela ere ez dakite.

        Ta niretzako bost Gaztelak edo nork sortu zuen, azkenean da zer bilakatu den. Beraiek sentitzen dutela izugarri? Ondo baina inork baztertu gabe.
        Tipoak alarde parekideari botatzen dio errua ta errua Matxistarena da, ta ez diot tradizionalarena tradizioaz gutxi duelako.

        Diskurtsoarekin pozik? “bai mutil ba” i, pozik egongo ginan hainbeste bazterketa bukatuko bazan ta matxismoa hain zabalduta egongo ez balitz.
        Artikulugilearen kritika minimo bat alarde matxistarentzako? Ez. Herriak parekidean parte hartu nahi zutenei egin dizkietenei buruz ezerrez.. Kar kar.

        Orain garatu zuk diskurtsoren bat, zure matxismoa defendatzen jarraitzeko, dakazuna nahiko txarra da ta.

        A, ta festak sentitzen dute betidanik ospatu dutelako ta festa hortan izugarrizko bizipenak izan dituztelako, Iruneakoei San Ferminekin gertatzen zaien antzera, Donostian damborradarekin edo Todesillasen de la Vegako zezenarekin. Hori ez du erran nahi egiten dutena ondo dagoenik.
        Ziur Erromatarren garaian antzeko zerbait sentituko zutela “joko” hoiek gustoko zituztenak.

  • euskaldun bat 2017-09-12 22:38

    Aurten lehenengo aldiz kusi dut Hondarribiko alardea eta txundituta gelditu naiz hondarribitarrek nola bizi duten ikusiz. Alardeari begira egon nintzen noski, bana baita alardea ikusten zegoen hondarribitarrei ere begira egon nintzen. Nire aurrean neska bat zegoen eta hara non ikusten dudan negarrez alardea pasatzen ari zen bitartean! Eta nola bizi dutena! Ni kanpokoa izanik ez dut ulertzen baina oso txundigarria da jendea horrela ikustea. “Zer sentitzen ote du edo zer ote dabilki buruan neska horrek” galdetzen nion neure buruari behin eta berriz. Harrigarria da! Bejondiela!

  • Errealitatean tristea izan arren, entretenigarri egiten zait herri honen txepelkeria. Beste herri bat balitz, edo telesail bat akaso…

  • Gazte, zuk ongi esan bezala hemen eta orain posible da alarde bakar bat egin eta haserre eta desadostasunak alde batera uztea herri osoaren onerako.

    Errudunak aurkitu nahi badituzu urte luzez gatazkatik beren etekin politikoan besterik pentsatu ez duten alderdi politikoak aurki ditzakezu, baita suari gasolina botatzeaz batera biktimaren paperean gustora egoten den mugimendu feminista.

    Bada garaia espektakulu patetiko hau gertu eta gauzak zentzuz egiteko, gainerakook eskertuko dizuegu

  • Gazte: badirudi nonbait agertu nahi zenuela egiatan sentitzen duzuna, anitzek sentitzen duzuena. Nolabait ere lasaitu behar zure barrena. Ohartzen zara gaur egungo alardea, “betiko” edozein tradizio edo ohitura bezala, aldaketa askoren emaitza dela. Uste duzu emakumeek ere badutela eskubidea alardean ateratzeko. Nahi zenuke hala izatea eta denek elkarrekin besta eder bat egitea. Baina “familia eta lagunen gehiengoa” hor dago, eta zaila da horri buelta ematea. Ulertzen dut, ulertzen zaitut, eta txalotzen, hori hemen horrela bederen aitortzeagatik. Baina ez da aski. Hain da gogorra eta lotsagarria gertatzen dena. Zerbait gehiago egin beharra duzue. Ez hemen bakarrik, bertze plaza eta biltoki batzuetan ere hitz egin beharko duzue.
    Edozein moduz, gehitu nahi nuke bertze hainbertzek lehenagotik ere erran dutena: afera honetan, ikaragarria da zuen herriko udalak (alkatetik hasita) eta udal gobernua babesten duten alderdiek (pertsonak eta erakundeak) erakusten duten lotsagabekeria eta exkaxkeria.

  • Harrigarria festa hau! Españolista, Erligiosoa eta militarista. Hala ere progresita eta euskal abertzale guztiek parte hartu bahi, nola azaldu?

    • euskaldun bat 2017-09-14 21:45

      Kristautasuna gurera etorri zenean eta han eta hemen ondo errotutako sinismenak aurkitu zituenean zer egin zuen? Sinismen horiek errotik ezabatzen saiatu ordez, egokitu eta bere egin zituen. Horrela ditugu hainbeste baseliza. Hori da benetan intelijentea izatea. Zertarako banaketak eta gorrotoak sortu? Ba alardearekin berdin… eta ez dezagun zatiketarik sortu jatorria kontu.

  • Pozgarria da tentsioa gainditzeko asmo hori entzutea. Nolanahi ere (segur aski hau eztabaidatua izan da Zuzeun dagoeneko), tradizioari dagokienez, duda egiten dut egungo alarde formatua XIX. mendea (erdialdea/bukaera?) baino zaharragoa denik, espaniar nazionalismoaren mitoak (eta Frantziarenak…) sortzen ari ziren unekoa.

  • Beno, “betiko” bat jarrera neurritsu batekin…. bada erraza daukazue, nahi baduzue!
    Eman ongietorria Jaizkibeleko emakumeei beste konpainia guztietan, hartu edozein emakume normaltasun osoz zuen konpainietan (ez soilik kantinera gisa), ezabatu debeku ulergaitz hori eta oso litekeena da Jaizkibelek, berriki Aralar alderdi politikoak egin bezala, bere burua disolbatzea. Edo konpainia berfundatzea, 20 urteko anormaltasunaren osteko aro berri bati ekinez!
    zer falta da? edo “betiko”ak betikoan daude gehiengoz?

  • Eneko Aritza 2017-09-16 21:56

    Zerez egiten dugu alardea?
    Hondarribiko alardea gorrotatzen dugunontzat.

    Hemen artikulu bat alardeari buruz eta beren esanahiari buruz:

    https://lehoinabarra.blogspot.com.es/2017/08/orreaga-ahaztu-duen-herria-gara.html?m=1

    Kolonizatuaren sindromea, beharbada?

  • “Hondarribiko “Betiko” deritzon alardean ateratzen naizen gaztea naiz, eta nerekin batera ateratzen diren beste askoren antzera, ez nuke inongo arazorik izango emakume bat nire ondoan aterako balitz.”

    hau esan ondoren hori lortzeko hatzik mugitzen ez baduzue, ondorengo dena itxurakeria da.
    benetan zilegia den eskubide bat dela uste baduzue, mugitu, egin, esan zerbait, debatea sortu zuen konpainian, bozkaketa proposatu.
    Zorte pixkatekin eta zuen “egiteko moduekin” agian aurrerapenik lortuko duzue… edo ez, eta behintzat honela konturatuko zinatekete mundua ez dela arrosa kolorekoa eta goardia zaharraren aurrean gauzak lortzeko lokatzez zikindu eta borrokatu behar dela. Eta beharbada era honetan Jaizkibel konpainia errespetatzen hasiko zinatekete.

  • Jaizkibelek kantineroak onartu arte bakerik ez! Hau hil ala biziko gaia da!!!!1!1

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude