Hodeiek ez dezatela eguzkia estali

Hodeiek ez dezatela eguzkia estali –

Emaize Sexologia Zentroak Arabako Alea agerkarian.

Hodeiek ez dezatela eguzkia estali
Arg: Pixabay

Ekainaren 28an sexu aniztasun eta askatasunaren inguruko ekimenak egin dira. Ondo dakigun bezala, badira horren kontra daudenak eta heteronormatiboa den horretatik kanpo dagoen guztia kritikatuko dutenak.

Heteronormatiboa, hitz gutxitan: gure desioa beste sexukoengana bideratu behar den ustea, harreman erotikoak koitoan oinarritzea, bi sexu soilik daudela ziurtzat ematea eta emakume ala gizon izateko modu egoki bakarra dagoela sinestea.

Pentsamendu honek badu indarra gurean, eta jakin badakigu ere, zeinen min handia egiten duen. Fisikoa askotan, baina baita psikologikoki ere, pintadak, irainak, begirada itsusiak eta sufritu beharrekoa zorigaitza dela botatzen duten horien hitzak. Min itzela. Eguneroko diskriminazio egoerak dira, pertsonen askatasunaren kontra, gutxieneko errespetua ez dute bermatzen eta hau guztia gertatzen dela salatzea ezinbestekoa da aurrera egin ahal izateko pertsona guztien eskubideak errespetatu eta ziurtatu ahal izateko. Honek, ordea, ez luke gure gizartean ematen ari den aldaketa estali behar. Aldaketa positiboa badago, zalantzarik gabe, eta erasoez hitz egitean horien aurrean ematen diren jarrerak nabarmendu behar ditugu.

Jarrera mingarriak badaude. Larriak eta landu beharrekoak, bai. Kezkagarriak, oso. Baina badira aurre egiten dieten pertsonak, gazte asko horien artean, errespetuz eta argudiatuz, jarrera horiek baliogabetu egiten dituztenak. Edozein erasoren aurrean, erasotua laguntzen dutenak, erasotzailea baztertuz, badira salatzen laguntzen dutenak, errespetu handiz jokatzen dutenak. Gehienak.

Gazteen artean, sexismoz beterik daudenak badira, eta lan asko dugu oraindik, baina badira estereotipo sexistekin apurtuz doazenak. Femenino eta maskulinoa izatea jendarte bakoitzak eraikitzen duen eredu bat dela ulertu eta aldatuz doazenak.

Gero eta ohikoagoa da sexu berekoak gustuko dituen batek klasean esatean, gehienen aldetik inolako erreakzio berezirik ez ematea, hau da, naturaltasunez hartzea bakoitzaren gustua. Jarrera homofoboren bat egonez gero, esaten duenari kasu gutxi eta harro sentitzea, aldaketa handia da ere.

Ditugun gaitzak ezin ditugu ahaztu, baina jarrera positiboa duen jendea gero eta ugariagoa da, eta hori baloratu behar dugu benetako argazkia izateko eta lanerako ildoak erabakitzeko; erasotzaileen kontra borrokatu edo lanketa bidez ezagutza, ulermena eta errespetua areagotu?

Eraso eta baztertze jarrera dutenek zarata asko sartzen dute, baina askoz gehiago gara sexualitateak duen aniztasuna ulertu eta onartzen dugunok. Ez etsi!

Hodeiek ez dezatela eguzkia estali

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Hodeiek ez dezatela eguzkia estali”-ri buruz

  • Benetan, ze astunak zareten!!!! Honelako pelmada ematen lortzen duzuen bakarra, hainbatek zuen aldarrikapenei kasurik ez egitea da.

  • Amonamantangorri 2022-06-30 20:06

    “bi sexu soilik daudela ziurtzat ematea”…

    Oraingoz, bi sexu baino ez dira aurkitu; ez diot giza espeziean, izadi osoan baizik. Baita espezie hermafroditak ere, BI SEXU dituzte edo beren bizitzan zehar sexu bat nahiz bestea izateko gai dira: inseminatzen duena edota obuloak sortzen dituena.

    Esaldi hori salbu, testua oro har gustatu zait, ez baitago sobera zikindua sineskeria queer eta posmodernistekin. Zorionak.

    Esaterako, “Femeninoa edo maskulinoa izatea jendarte bakoitzak eraikitzen duen eredu bat dela”, erabat ados nago, % 100ean. Beraz, bere burua halako estereotipo femeninoekin identifikatzen duen gizonezkoa ez da emakumea; estereotipo femeninoetatik landako portaera eta nahierak dituen emakumeak ez dio emakumea izateari utziko, berak hala desiatuta ere. Ea argi uzten diegun hori gure politikari ignoranteei!

    Galdetu beharko diozue Eusko Jaurlaritzari zein irizpideren arabera erabaki dezaketen guraso batzuek LAU URTEKO haur bati erregistroan sexua aldatzea, eta ez haurra sindrome arraro batekin jaio delako, baizik eta akaso haurraren “generoa” ez delako jaiotzean “esleitu” ziotena, baizik eta bestea. Nola igartzen ote zaio hori LAU URTEKO haur bati? Ba, dirudienez, Naizen-Chrysallis elkartearen eraginez, orain legala izanen da.

    Homofobia eta misoginiaren kontra zinez borrokatu nahi baduzue, igual zuen jopuntua aldatu beharko zenukete: gaur egun, homofobia eta misoginia kasu latzenak ez datoz giro integrista eta nazional-katolikoetatik. Gaur egun, homosexualen “konbertsio-terapia” zabalduena da gizon-emakume homosexual osasuntsuei “trantsizioa” egiten laguntzea, horrela andre-gizon “trans hetero” medikalizatu, mutilatu eta mentalki suntsituak bihur daitezen. Eta zuek txaloka.