“Hiztunetik Hiztunera…” ikastaroaz, eta anekdota berria

Orain dela egun batzuk argitaratu nuen zerrenda honetan ere iruzkin-pasadizo bat, Donostiako EHUko Udako “Hiztunetik Hiztunera…” ikastaroan gertatutako anekdota baten inguru. Besteak beste, ikastaroa Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzaz antolatzen zen, eta poztu naiz ikastaroan bertan parte hartu zuen GFAko Euskara Zuzendari Zigor Etxeburuaren erantzuna jasota, ‘barkamen’ eskaera eta guzti nolabait ‘trabatuta sentitu direnei’, ikastaroan gainera, ‘sentimentuez aritu ginenez gero’-edo egina.

“Hiztunetik Hiztunera…” ikastaroaz, eta anekdota berria

Pena eman dit ordea, arrazoimenduaren hutsalak. Eta ez dakit beraz, ni ez ote naizen nahikoa argi azaldu nire bi saiakeretan (ikastaroan bertan eta artikulutxoan), edota hala ere ez zaidan ulertu.

Nik ez baitut uste, arazoa denik, Zigorrek aipatzen duena: ‘Gure okerra [izan zen], bertan ginenok gaztelaniaz ulertzeko gaitasuna genuela eta, suposatzea inork ez zuela itzulpen zerbitzua eskatuko; alde horretatik, arrazoi du B. Hidalgok. Egokiena izango zen hitzaldia euskaraz entzuterik nahi ote zuten galdetzea ikasleei.’

Kontua beste bat dela uste dut. Azken batean, zenbateraino gauden gu denok prest, eta batez ere ‘gu, hizkuntza jarreretan gidari-edo behar genukeenok’ (tartean ikastaroaren antolatzaileak), hegoaldean espainolaren eta iparraldean frantsesaren menpe segitzeko, eta hizkuntza hauei gure artean lehentasunezko rol glotofagikoa ematen, are batere beharrezkoa ez denean ere.

Kontua ez dut uste denik, Zigorrek dioen moduan (eta ikastaroan bertan ere inork aipatu gisan), ‘iparraldeko’ ikaslerik ez dagoelako ez eskaintzea espainoletik euskararako itzulpena. Gure iparraldeko ikasleak oro har nahikoa bizkorrak izan ohi dira espainola ulertzerakoan ere. Edota ‘suposatzea’ hegoaldeko inor ‘gaztelaniaz ulertzeko gaitasuna izanda’, ez zela hain egoskorra izango, hain ‘rekaltzitrantea’, ‘itzulpen zerbitzua eskatzeko’.

Eta ‘alde horretatik ez du arrazoi B. Hidalgok’, Zigorrek aipatu moduan. B. Hidalgok ez zuelako inoiz espainoletik euskararako itzulpen zerbitzurik eskatu.

Nik orduan galdegiten nuena zen, eta da oraindik ere, zergatik ez zitzaion Joan Pujolar irakasle katalanari aukera eman bere hitzaldia zuzenean bere hizkuntza katalanean emateko (hau ere guztiz zapaldu eta gutxietsia Espainiako estatuan), eta hala gainera de facto onartu eta aldarrikatu ‘Espainiako estatuaren’ de facto-ko eleaniztasuna. Zergatik mintzarazi zen hizlaria oraindik ere bere hizkuntza katalanaren ‘orojale’ den hizkuntza ‘espainol’ bakarrean. Zergatik, eskaini ordez, ukatu zitzaigun gu entzuleoi, katalanaz gozatzeko eta katalanera ohitzeko aukera (gure iparraldeko ikasleak lez, oro har hegoaldekoak ere nahikoa bizkorrak izan ohi gara katalan ‘jantzia’ ulertzerakoan ere -areago hizlariaren lankidetzaz-), aldi berean agerian aldarrikatuz, ez ezkutatuz, Espainiako estatuaren de facto-ko eleaniztasuna eta aberastasuna, ‘Madrilek’ bere amets inperial inposatzaile eta antidemokratikoan guztien gainetik ahaztarazi nahi duena, estatuaren ‘disgregazio’ indar zentrifugoen beldur. Horretan daramate 500 urtetik gora.

Ez dugu beraz uste egokiena ‘hitzaldia espainolez emanaraztea’ zenik irakasle katalanari, eta gero ‘hitzaldia euskaraz entzuterik nahi ote zuten galdetzea ikasleei’, Zigorrek proposatu moduan, inor (egoskorren bat edo) ‘trabatuta sentitu’ baldin bazitekeen ere.

Baizik eta, hitzaldia jatorrizko katalanez ematea, gu ikasleak animatzea hitzaldia ‘katalanez’ jasotzera gure eleaniztasun deseatuaren xerka, eta hala ere, inor, orduan bai, ‘trabatuta sentitu bazitekeen’, katalanetik euskararako itzulpen zerbitzua eskaintzea harentzat, ahal izanez gero, ingelesetik eskainia bezala.

Kontua da, hasi behar dugula noizbait ‘espainol’ orojalearen aurrean ‘intsumiso’ izaten, edo ‘intsunisoago’. Eta halako jarrera batek errazagoa behar lukeela holako ikastaro batean, gure artean, ‘hizkuntza jarreretan gidari-edo behar genukeenon artean’, ‘kalean’ baino, han beste milioika presiori aurre egin behar diogunean. Maiz kexatzen gara zein erraz lerratzen garen ‘kalean’ ‘espainolera’ (nahiz hori ere ez den erabat egia -ik. oraintxe ezagutarazitako 2011ko Erabileraren Kale Neurketaren datuak, bere xumean, eredu probabilistikoek iragarriko luketen erabilera ere ia bikoizten dutenak, euskaldunon hizkuntza atxikimendu handiaren adierazgarri-). Eta gerok, ‘Gipuzkoako Euskara Zuzendariok’ geure esku dugunean espainolari isuri egitea, behin dugunean honen gose orojaleari iskin egiteko aukera, gerok irekitzen diogu atea zabal-zabal geure artera.

Zer egingo dute orduan ‘kalean’ ‘Euskararen Zuzendariak’ ez direnak?

A ze eredua gurea!

Agian itzulinguru gehiegi ari natzaio ematen kontuari, baina niri oso garrantzizkoa iruditzen zait gure hizkuntza jarrera sumisoa, azken bostehun urteotan hezurretaraino sartua zaiguna, behin eta berriro salatzea, azalaraztea, gerok konturatu gaitezen. Eta aldi berean, gero eta bide irekiago eginez gure artean, gure hizkuntza jarrera intsumiso guztiz zibikoari.

Beste anekdota bat

Hau idazten ari naizela gogoratu dut beste antzeko ‘sumisio’ anekdota adierazgarri bat. Berriro, ehun bat pertsona bilduta Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, Donostiako 1813ko erreketari buruzko hitzaldi interesgarria entzuten. Euskaraz entzuten, euskarazko hitzaldia.

Hitzaldia amaituta, hainbat galdera, eta hizlariaren erantzunak.

Halako batean entzule batek, bere eskubide osoan, aldez aurretik gainera nolabaiteko ‘barkamena’ eskatuta, edo azalpena emanda, bere euskara ahuleziaren inguruan, espainolez zuzentzen dizkio bere kezka, informazio eta galdera interesgarriak hizlariari. Denok ulertu diogu ongi asko. Euskaldunak oso bizkorrak izan ohi gara -espainol elebakarren aldean behintzat-, eta benetan eleaniztasunaren aberastasunen jakitun eta gozatzaile.

Hizlari euskaldunak orduan ehun entzule euskaldunoi (azken entzule galdetzaileak ere ordubeteko hitzaldia jasoa zuen euskaraz), ‘edukazio ezin itzelagoz nonbait’, espainolez eskaini zigun bere ondorengo erantzun eta eztabaida luze eta interesgarria.

Bada hori da ‘hizkuntza sumisioa’. Galdetzaileak badu bere galdera nahi duen bezala egitea, noski, hizlariak ulertzeko moduren bat duela ziurtatuz gero behintzat (edo beste entzuleek ere).

Baina hizlariak ez dut uste eskubiderik duenik euskarazko hitzaldi batean ehun entzule euskaldunoi berriro espainol orojalea inposatzeko. Guri, gizalegez, eta areago gure hizkuntza egoera gutxituan, euskaraz egin behar digu. Kitto. Gero entzule galdetzaileari modu partikularrean berari propio azalpen gehiago eman nahi badizkio, edo eztabaida jarraitu hitzalditik kanpo, berak, beraiek, ikusiko dute ze hizkuntzatan egingo duten. Baina erabateko errespetu falta da entzuleekiko, gure erabateko sumisio linguistikoaren adierazgarri, hizlariak bat-batean hizkuntza aldatzea, eta behin gehiago denoi espainola inposatzea, gure hizkuntza erabili dezakeenean, eta horretara joan garenean.

Berriro sortu zait kezka ‘Txillardegiren soziolinguistikako eredu matematikoak’ ez ote duen balio 99 pertsona kopurutik gora biltzen garenerako. Ez ginen inor kexatu.

 

Egun horretan bi kamiseta neramatzan, bi T-shirt, hizlariari oparitzeko (‘Ni / Nik euskaraz. Zu / Zuk?’ diotenetakoak), banekielako hizlariak atsegin zituela, eta erabiltzen. Deseroso sentitu nintzen, eta ezin izan nizkion eman. Agian beste egunen batean. Sentitu nuen.

 

Ikurraz eta Euskaldun Bihotzekoak kanpainaren inguruan,

ikusi: www.euskalnet.net/euskaldunbihotzekoak

Zer duzu buruan ““Hiztunetik Hiztunera…” ikastaroaz, eta anekdota berria”-ri buruz

  • Eskerrik asko, Bittor. Zoragarri ari zara. Niri neuri begiak irekitzen eta barne-hausnarketan laguntzen bai behintzat. Berrian ere Lipusi arrazoi osoz esan zenizkion haiekin zeharo poztu ninduzun. Euskaldun asko isilik gaude, baina uste dut badakigulako ondo ari direnen ekarpenez jabetzen. Eskerrik asko benetan, eta segi fin.