EiTB eta Zarautz, bi hizkuntza politika gertaera beraren hariak josita

Gaur goizean EiTBko kazetari batek abordatu nau, Kale Nagusian nindoala lanera bidean. “Gazteak behar ditugu batez ere, eta erantzungo al zenizkidake galdera pare bat?”. Kazetariei ez diet ezezkorik ematen, are gutxiago, planteatutako gaiak hurbilekoak edo interesezkoak zaizkidanean: Zarauzko Udalak onartutako euskararen ordenantza eta Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren delegatuaren debekatzeko intentzioa esaterako.

Gaia aipatu eta berehala, mesedez gaztelaniaz aritzeko eskatu dit, ETB2ko informatiboetan emitituko dela argudiatuta. Paradoxa. Nik erantzun bueltan, ea euskaraz egin ahal dudan (faborez). Eta berak baietz, egin egin dezakedala, baina, ea inporta ote zaidan españolez egitea. Eta nik berriz, ea berari ez ote zaion inporta nik euskaraz egitea. Beno, azkenean, astuna sentitzearen nekez askatu da korapiloa eta euskaraz bota dizkit bi galderak.

Gero, etxera iritsi, telebista piztu, eta ETB1eko ‘Gaur Egun’ saioan gaztelaniaz huts-hutsean egindako inkesta bat ikusi dut azpititulurik gabe. Enegarrenez, bigarren mailako hiritar bezala sentituz halako kontrasteen artean.

A ze nolako bi jarrera. Bi erakunde publikoren, bi politika antagoniko eta biak gertaera beraren hariak josita. Gaztea izanagatik ere, zaildua naiz gaiotan militantziaren militantziaz. Eta nik uste hobe dela jarrera eraikitzailez aurre egitea, frustrazioaren zuloan jaustea baino. Hona hemen nire proposamena, inori leziorik emateko intentziorik gabe, zure iruzkinekin osatzeko.

 

Hizkuntzaren trataera EiTBn

  1. EiTB Euskal Herriko telebista publikoa da. Euskara da EiTBren lehentasunezko hizkuntza.
  2. EiTBk euskara lehenetsi behar du hizkuntza komunitateari beharrezko ikusgarritasuna emateko. Nola gure hizkuntza berezko duen lehenengo katean, hala bigarrenean,
  3. Kale inkesta, elkarrizketa, erreportaje eta bestelako kazetaritza generoetan, euskaraz dakien orori galderak euskaraz egingo zaizkio. Katea dena delakoa izanik ere.
  4. Erdaretan egindako adierazpen oro euskaraz azpititulatuko da, behar bezalako letra tamainarekin, eta kolore irakurgarriz.

Inork lagunduko al dit, honako estilo liburua osatzen?

euskara, euskera, politika
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.