Hizkuntzak eta politika

NDU1OA==

Jarraian hizkuntzaren eta hautu politikoen arteko harremanari buruzko datu batzuk azalduko ditugu, eta atera ditzala bakoitzak bere ondorioak. Ez dira datu zehatzak, zirriborro bat baizik. 2005eko EAEko hauteskunde autonomikoetako emaitzak eta hauteskunde hauek burutu aurretik CIS erakunde estatalak buruturiko ohiko inkestako datu batzuk lotu ditugu. Hain zuzen ere, inkesta horretan, hainbat galdera interesgarriren artean, ondorengo hau aurkitzen da: Respecto a su nivel de conocimiento del euskera, ¿podría decirme si lo habla con fluidez?

Jakina denez, 2005eko EAEko hauteskunde autonomikoetan lehenengo indarra EAJ-EA koalizioa izan zen, botuen %39 ingururekin. Bada, CISeko datuen arabera, kalkula daiteke EAJ-EA koalizioa bozkatu zuten 206.000 lagun, gutxi gorabehera, euskaldunak zirela –euskaraz aise aritzeko gai- eta 257.000 lagun inguru, berriz, erdaldunak –eskuarki, elebakarrak, espainolez-.

Bigarren indarra PSE-EE izan zen, botuen %23 ingururekin. Botuemaile euskaldunak, 31.000 eskas; botuemaile erdaldunak, berriz, 235.000.

Hirugarren indarra PP izan zen, botuen %17 ingururekin. Botuemaile euskaldunak, 8.300; botuemaile erdaldunak, 200.300 inguru.

Laugarren indarra EHAK izan zen, botuen %12 baino zerbait gehiagorekin. Botuemaile euskaldunak, 101.600; botuemaile erdaldunak, 48.500.

Bosgarren indarra EB izan zen, botuen %5 baino zerbait gehiagorekin. Botuemaile euskaldunak, 18.200; botuemaile erdaldunak, 46.500.

Seigarren indarra Aralar izan zen, botuen %4 ingururekin. Botuemaile euskaldunak, 25.700; botuemaile erdaldunak 2.700.

Botua eman zezaketen lagunen herena -%33- abstenitu egin zen, alegia, EAJ-EAri botua eman zion jendea baino dezente gehiago. Botuemaile potentzial hauen artean, euskaldunak, 229.00 inguru ziren; erdaldunak, 358.000.  

Orain, egin dezagun irudimen ariketa bat. Imajina dezagun –ez da hain zaila- populazioaren sektore bati botua emateko eskubidea ukatzen diogula. Imajina dezakegun, lehenengo, erdaldunei ukatzen diegula eta gero, euskaldunak direla botu eskubiderik gabe uzten ditugunak.

Auzitegi Gorenak erdaldunak botu eskubiderik gabe geratuko direla erabaki eta euskaldunen botuak – 627.000 inguru- soilik hartuko bagenitu kontuan, ondorengo hau izango litzateke, ehunekotan, indar politikoen arteko indar korrelazioa: Lehenengo, EAJ-EA, %52 ingururekin; bigarren, EHAK, %25,5 ingururekin; hirugarren, PSE, %7,7 ingururekin;  laugarren, Aralar, %6rekin; bosgarren, EB, %4,5ekin eta seigarren, PP, %2rekin. Bestalde, euskaldunen hauteskunde hauetan abstentzioa %36koa izango litzateke.

Aldiz, euskaldunak boto eskubiderik gabe geratuko balira eta erdaldunenak baino ez balira kontuan hartuko -1.155.000 inguru- honelako zerbait izango litzateke EAEko legebiltzarreko paisaia: Lehenengo indarra, EAJ-EA, %32rekin; bigarren indarra, PSE, %30 eskasekin; hirugarrena, PP %25ekin; laugarren eta bosgarren, EHAK eta EB, bakoitza %6rekin. Aralar ez litzateke %1era iritsiko. Abstentzioari dagokionez, erdaldunen artean, %30an legoke.

Horiek eta horrenbestez, hizkuntzak eta politikak loturarik ba al duten? Tira, aurkeztu dudan zirriborro zabar honi suposatu behar litzaiokeen errore estadistikoa garrantzitsua da; gainera, serioa izan nahi duen edozein ikerketak “euskaraz aise” egiteari buruzko datuaz gain, “erabilera” edota “hizkuntz kalitatea” bezalako aldagaiak kontuan hartzen ere asmatu behar luke. Dena den, kalkulutxo hauen argitan, hizkuntzak eta politikak zerikusirik ez dutela dioen baieztapena zalantzan jartzeko haina motibo badela esango genuke. Are gehiago, badirudi, gaur gaurkoz, badaudela, bai, harremandurik hizkuntza eta hautu politikoa.

Bere buruari abertzale esaten dieten indarren botuemaileen artean (PNV-EA-EHAK-Aralar) % 52 euskaldunak dira eta %48 erdaldunak. Bere burua konstituzionalista  esaten dieten indarren botuemaileen artean (PSE-EE-PP), berriz, %81 erdaldunak dira eta %9 berriz, elebidunak, esan nahi baita, euskaldunak.

Beste kontu bat da etorkizunean hizkuntzak eta hautu politikoak hain estuki loturik agertuko diren ala ez. Eskain dezagun gogoetarako azken elementu bat. CISen galdetegiari erantzun ziotenen artean botua emateko adinarik ez zuten lagunak ere adierazten dira. Horien arteko %78 inguruk etxean jasotako hizkuntza espainola zuten eta %22 inguruk, berriz, euskara. Dena den, elebidunak %79 ziren; %21, berriz, erdaldun hutsak.

Irudia | Mihia bizirik | weelakeo | Creative Commons By SA

8 pentsamendu “Hizkuntzak eta politika”-ri buruz

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-02-28 20:54

    Nik are gehiago esango nuke, euskera eta Euskal Herriaren independentziaren arteko loturaz guztiz konbentzitua nago. Euskal Herriak independentziara ez bada iristen, Espainia eta Frantziak gure hizkuntza desagerraraztea denbora kontu bat da. Iristen bada ere ez da erraza izango, beraz bestela…

    Hori bai, agian estrategikoki komenigarriagoa da jendaurrean bestelakorik esatea, batek jakin…

  • Kaixo Aitor,

    Neuk ere uste dut independentziarekin, alegia, Estatu espainiar zein frantsesaren injerentziarik eta beto eskubiderik gabe, euskararen normalizazio bidea errazagoa litzatekeela. Hau esanik, azpimarratu nahi nuke euskaltzaletasunik gabeko independentismoa sekulako ikara eragiten didala.

    Bestalde, hizkuntzak eta polítika nahastea, behar bada, auskalo, estrategikoki ez dela komeni aipatzen duzu. Baliteke. Luze eta zabal eztabaida daitekeen eta eztabaidatu behar den kontua delakoan nago. Halere, labur beharrez, esan dezadan nire iritziz hizkuntzaren eta polítikaren arteko harremana ukatu eta ezkutatzeak, egun, euskararen normalkuntzari kalte handiagoa egiten diola mesede baino.

    Ezker/eskuin, abertzale/konstituzionalista, azken batean, inguruari begiratzeko indarrean diren kategoriak dira, ikuspuntu bat eta, ondorioz, errealitate bat ezartzen dutenak. Artikuluxka honekin, berez, munduari begiratzeko euskaldun/erdaldun kategoriak aldarrikatu nahi nituen. Eta, bidenabar, indar abertzaleei beren hizkuntza praxiaren autoebaloaziorako zenbaki batzuk ere eskaini ere bai. Ni neu harritu egin naute datuek. PNV-Earen botuemaileen artean, zenbaki absolutuetan, Eabertzalean baino euskaldun gehiago zeudenik ez nekien, adibidez ; Eabertzaleari botua eman zioten laurdena bakarrik zela erdaldun elebakarra ere ez ; PP-PSEko botuemaileen soziologia hain espainola aurkitzeak ere harritu egin nau…

    Adeitasunez

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-03-01 12:11

    Aupa Ibai,
    egia esan, nik sistematikoki fede gutxi, oso gutxi dut inkestengan. Agian oker nago, baina hala sentitzen dut. Zure idatziaren zati garrantzitsuena hau bazen ere, gai orokorra aprobetxatu dut komentatzeko, izan ere askotan aipatzen den arren, oso gutxitan tokatu zait hizkuntza eta politika nahastearen egokitasunari buruzko hausnarketarik irakurri edo entzutea. Estrategia aipatu dut, arrazoi posible bakarra iruditzen zaidalako hizkuntza eta politika publikoki lotzea kaltegarri izan daitekela defendatzeko, baina hortan ere zalantza handiak ditut.

    Ulertzen zaitut euskaltzaletasunik gabeko independentismoari beldurra aipatzean, nik hala ere badut fedea bide hori hartuz gero hizkuntzaren egoera asko hobetuko litzatekeela. Hori bai, fedea besterik ez da…

  • Ez dut uste independentziak euskararen iraupena bermatuko lukeenik (Irlandaren kasua agerikoa da), kontrakoak are gutxiago.

    Hala ere, uste dut hizkuntzek ez luketela erabilera politikorik izan behar. Komunikaziorako tresna diren aldetik, erabiltzen ikasi behar dugu, gainerako tasun eta keria guztiak alde batera utzita. Niri sua ematen dit Euskal Herrian alderdi politikoek zelan erabiltzen duten euskara euren helburu politikoak lortzeko, beti ere euren hautesleak nortzuk izan daitezkeen kontuan hartuta. Eta horretan, berdin dit alderdia abertzalea den edo espainola den. Horrek sekulako kaltea egiten dio euskarari. Politikariak ez dira konturatzen munduaren ikuspegi, ulerkera bat pikutara bidaltzen ari direla, hain dute ikuspegi laburra! Eta, barkatu esatea, mutilak, baina zuek ere ildo berari lotuta zaudetela ematen du.

    Egin dezagun euskara gehiago, utz ditzagun politikakeriak eta politiko aurpegi gogorrak (denek jokatzen dute horrela eta). Bizkaitar batek diotsue.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-03-02 00:17

    Iritzi errespetagarria, noski (bistan denez ados ez banago ere). Hasteko, ez dut uste zuk eta biok “politika” hitza diogunean gauza berari buruz ari garenik. Niretzat hitz horren esanahia gizartea egituratu eta osatzeko modua da, gutxi gora behera. Gurean, alderdi politikoek gauzatzen dituzte (teorikoki) eredu nagusiak, alderdi bakoitzak berea, eta eredu hoien artean kultur eredu ezberdintasun handiak egotea natural-naturala da.
    Hizkuntza bat, edo hobe esanda gure hizkuntza, euskal kulturaren oinarria da, eta beraz natural-naturala da beste kultura batzuk oinarri dituztenentzat lehentasunetan ez sartzea. Kasu horretan, ondorioak argi daude.
    Euskera hemengo politikaren subjektu garrantzitsu bat da, garrantzitsuenetakoa, beste gauza bat da honek edo harek nola edo zertarako erabiltzen duten.
    Nire iritzia oso-oso motzean idazten saiatu naiz, mozten baino luzatzen abilagoa banaiz ere.

  • Joer Agurtzane! Euskal Herrian alderdi politikoek euren helburu politikoak lortzeko euskara erabiliko balute, ni pozik, oso pozik. Izan ere, hemen alderdi politiko guztiek erdara barra-barra darabilte eta.

    “Hizkuntzak komunikatzeko dira”. Bai, eta komunikazio prozesuetan munduaren ikuspegi propioa transmititzen dute, historia, sentimenduak, bizipenak… Hizkuntza bakoitza bere esparruari, bere komunitateari edo bere lurrari atxikia dago. Horregatik hain zuzen, nazionalitate guztiek eurenari eutsi nahi izaten diote; erdaldunek erdarari, euskaldunok euskarari. Hain agerikoa izanda, normala da gutako batzuk ez ikustea eta nahastea zuk zeuk aitatu dituzun “tasun” zein “keria” guztiekin. Beraz, zuk esan duzunaren ildotik; egin dezagun euskaraz eta bazter ditzagun euskararen aurkako politikak.

  • Agurtzane,

    Ados zurekin Irlandaren adibidea ekartzerakoan. Bestalde, niri ere sekulako etsipena ematen didate euskara “beste zerbait” eskatzeko -autodeterminazio eskubidea edo dena delakoa- edo aldamenekoari koloreak ateratzeko motibo gisa erabiltzen dutenak.
    Beraz, alde horretatik ere ados.

    Euskara independentziaren zerbitzura ez, alderantziz, independentzia euskararen zerbitzura nahi luketen horietakoa nauzu. Independentista, ez bakarrik horregatik baina, bereziki, euskararen erabilera bermatzeko estatus juridikorik egokiena iruditzen zaidalako naiz. “Euskararen” existentzia autodeterminazio eskaera justifikatzeko baino nahi ez duten independentistek nahikoa hotz uzten naute.

    Baina, zenbakiok eman ditudalarik, ez dut nik iritzi motz edo luze baten alde edo bestearen kontra egin, Agurtzane, soilik aipatu ohi ez den kontu bat konstatatu nahi nuen. Ustez, behintzat, agerian geratu da oraingoz -auskalo etorkizunean- euskaldunek partidu abertzaleei ematen dietela babesa eta, aldiz, partidu konstituzionalisten botuemaileen %90 inguru erdaldun elebakarrak direla.

    Hizkuntzak komunikazio tresnak direla diozu. Hala da, zalantzarik gabe, hori dute hizkuntzek lehenengo funtzioa. Baina gehiago ere bai.

    Hizkuntzek nortasuna ematen edo adierazten dute. Hain zuzen ere, horregatik iraun du hein haundi batean euskarak, nortasun bati lotua egon delako. Komunikaziorako tresna hutsa balitz, aspaldi jarriko genukeen bere lekuan gaztelera edo frantsesa.

    Iraun ere, gainera, nire iritziz, nortasun bati loturik jarraitzen duen heinean iraungo du gainera, oraindik ere bide luzea dauka-eta gazteleraren erabilgarritasun mailara iristen. Horregatik, pixka bat beldurtzen nau hizkuntzak “tresna” hutsak direla eta beste ezerekin ez nahasteko behin eta berriz entzuteak.

    Bukatzeko: egia da politika hitzak ospe oso onik ez daukana; aise eta arrazoiz gezur eta borroka giroarekin lotzen eta egun ohikoa dugu “politika identitatioaren” kontu hor erdeinuz entzun beharra. Giro hori salatu eta errotik aldatu beharrekoa delakoan nago. Behar bada kosta egingo zaizu sinestea, Agurtzane, baina “politika” , gatazkaren ideiarekin baino “bizikidetzaren” ideiarekin lotzearen aldekoagoa naiz. Uste dut posible dela, bakoitzak elkar den bezalakoa errespetatuko duen gizarte bat; baina horretarko garrantzitsua da, lehenengo, bakoitza zein eta nolakoa den argi geratzea.

    (Sentitzen dut hainbeste luzatua)

    Adeitasunez,

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-03-02 08:28

    Erabat ados, Ibai.