Hizkuntza-politiken urtekaria 2012

urtekaria2013Beste urte batez hizkuntza-politiken urtekaria osatu du Kontseiluak. Hizkuntza-politikarekin lotutako gertakari garrantzitsuenak jasotzen dituen idazkia da hau. Arlo horri lotuta azken hamabi hilabeteotan gertatutakoak eta esandakoak biltzen dira bertan. Ahalik eta perspektiba gehien batzen saiatu da Kontseilua, horrela ahots desberdinak irakurtzeko aukera emanez.

“Urteari begirada ematea du helburu urtekariak eta besteak beste, administrazio ezberdinak garatzen ari diren politiken norabidea argiago ikustea ahalbidetzen du. Beti ere, aurrera begira jartzeko orduan, etorkizuneko jarduera definitzerako orduan asmatzeko baliagarri izan daitekeena”, esan du Saioa Rodriguezek, Kontseiluko komunikazio-buruak.

Lana egiteko prozedurari dagokionez, hilabetez hilabete hizkuntza-politikari lotutako gertakaririk esanguratsuenak bildu dira eta horrekin batera plazaratutako irakurketa edota interpretazioak bildu dira. Urtekariak, hortaz, informazioa eta iritzia biltzen ditu.

Euskarri digitalean jaso dugu. Hizkuntza-politikari buruz Kontseiluak duen blogean eskuratu ahalko da. Horrekin batera, Euskal Herriko eragile sozial eta politikoei ere ale bana helaraziko diegu.

Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak urtearen errepasoa egin ondoren, hainbat gai bereziki aipatu beharrekoak direla esan du. Ildo horretan, “lehenik eta behin, hizkuntza-politiken balorazioa egiteko urte bakarreko perspektiba mugatua izan badaiteke ere, jada aurtengoa hirugarren alea dugunez, aukera ematen digu administrazio ezberdinek hartzen dituzten erabakiak aztertuz, zein hizkuntza-politika darabilten ezagutzeko. Esan dezakegu azken urte hauetan ez dela hizkuntza-politiketan euskalgintzak aldarrikatzen duen erroko aldaketarik eman eta iaz esaten genuena berretsi beharrean gaude: aurrerapausoak eman ez eta hainbat alorretan atzerapausoak ere ezagutu ditugu”.

2012a hauteskunde urtea izan dela aipatu du Paul Bilbaok. “Hauteskunde prozesuek aukera ematen digute, alde batetik, alderdiei hizkuntza-politikari berari ematen dioten garrantzia zein den ezagutzeko eta bestetik eta garrantzitsuena dena, edukiari dagokiona, alegia, zein hizkuntza-politika egiteko asmoa duten”.

Estatu frantsesean  eta ondorioz Ipar Euskal Herrian eragina izan duten bi hauteskunde prozesu ezagutu ditugu 2012. urtean. “Hizkuntzaren gaia ezin izan dute saihetsi baina, oro har, proposamen oso lausoak eta zehaztugabeak egin dituzte ia hautagai guztiek. Euroituna berrestearen aldeko diskurtso ugari entzun da kanpaina honetan, baina, oso gogoan izan behar dugu, Ituna, zer den. Azken finean, hitz politak bai, baina ekimen eraginkorrik ez dugu ikusi.

Euskal Autonomia Erkidegoan ere hauteskundeak izan ditugu. Kasu honetan ere, orokorrean ez dute hizkuntza-politika eraginkorrerako pauso sendorik eman. Ikusteke dago eratu berri den Legebiltzarrak zein neurri hartzen duen hizkuntza-politikari dagokionean.

Krisiaren aitzakia ere erabili dute aurten administrazio desberdinek murrizketak egiteko. Nafarroako Gobernuaren jardunean nabaritu da bereziki hau, beste urte batez. “Nafarroako Gobernuak murrizketak krisialdi egoera orokorraren ondorio direla sinistarazi nahi baldin badigu ere, hori ez da horrela. Krisi egoerak ez ditu alor estrategikoetan egin diren murrizketak justifikatzen. Aitzitik, euskararen normalizazioaren kontrako hizkuntza-politikaren ondorioa dira aurrekontuak”.

2012an, bizi dugun egoera soziopolitiko berrian euskaraz bizitzeko nahia kokatu nahi izan du Kontseiluak eta ildo horretan euskararen, Euskal Herriko berezko hizkuntzaren, auzia agenda guztietan, garai berriari begira egoki koka dadin proposamena egin du.

“Eta zein dira oinarri horiek? Gure ustez, bi ardatz nagusi bete beharko lirateke. Batetik, gure hizkuntza-komunitateari kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea aitortu beharko litzaioke. Gaur egun, hizkuntza-politika eragingarria abian jartzeko oztopoak daude. Euskararen hizkuntza-komunitatetik kanpoko esku-hartzeak eta erabakimenak baliogabetu egingo lukete. Ikusi besterik ez dago hizkuntza-normalizazioari begirako erabaki ausartek zer-nolako debekuak izan dituzten”, esan du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Bestalde, gure herriaren normalizaziora iristeko bake-bidean aterabide demokratikoaren zutabeak zehazterakoan gure hizkuntzak estatus egokia behar du izan, eta estatus hori lau ezaugarrik ardaztuko dute: berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa.

Eta gutxieneko horiek lortzeko zera aipatu du Bilbaok: “gai izan beharko genuke euskararen lehentasunak ezarri eta eragile politikoek nahitaez onartzeko moduan jartzeko. Halere, horretarako lehen urratsa euskaraz bizitzeko nahiari determinazioz eustea izango da. Uste dugu, azken garaiotan herritarrek determinazio hori erakutsi dutela eta horri erantzun positiboa eman behar zaiola”.

2013ari begira ere jarri da Kontseiluko idazkari nagusia eta hizkuntza-politikaren alorrean hainbat gai garrantzitsu egongo direla mahai gainean esan du. Bat aipatu du bereziki: “Euskal Herri osoan eragina izango dituzten hezkuntza erreformak mahai gainean dituzte bi Estatuek. Une ezin aproposagoa da hizkuntza-politika berri eragingarriak indarrean jarri eta hezkuntza sistema propioan urratsak emateko. Euskalduntzea bermatuko duen hezkuntza sistema indarrean jartzeko, alegia”.

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.