Hizkuntza eta identitatea

Hizkuntza eta identitatea

Gaztelaniaren betiko apologistak eta azken uztako ezkerzale zentralistak bildu dira, eztabaidatu eta erabaki dute: ziklo identitarioa amaitzear dago. Kito. Amaitu dira txokoko eztabaidak eta zokokeriak, gauza garrantzitsuekin arduratu beharra dago eta. Horrela, bila jarri dira eta espainolaren unibertsoan aurkitu dute haien aberri berria: Espainia. Berriro ere. Espainiarenak dira gauza garrantzitsuak, jakina, hiritarrenak, alegia. Hizkuntza gutxien aurkako ohiko jakintsuei pentsalari unibertsal berriak bildu zaizkie, espainolez, zein hizkuntza, bestela.

Hizkuntza eta identitatea
Identitatearen auzia

Egia esan, inperialisten erasoaldi hori orain baino lehen gertatu izan da, XIX. gizaldiz geroztik espainolismoak aldian-aldian bere diskurtsoa berritu behar izan baitu. Oraingo honetan, badirudi 98ko jenerazioa berpiztu dela, XXI. gizaldian zaharrak berri, beraz. Euskara pleistozenoko hizkuntza dela diote, eta gauza gehiago esaten dute. Esaten dute, besteak beste, hizkuntza eta identitatea ez daukatela elkarren artean inolako loturarik. Bitxia da esatea pertsonak jaio ondoren gizarteratzen gaituen lanabes nagusiak ez duela gure izanarenean eragiten. Hizkuntza, oro har, inorena baino taldearena dela, taldeko kide egiten gaituena, alegia. Halere, pixka bat hausnartuz gero, logikoa da hizkuntza bakarrean sortu eta bizi direnek horrela pentsatzea. Gaztelaniaren unibertso bakar eta orohartzailera munduratu direnak identitatearen aniztasuna euren baitako kontua dela uste dute, eta osotasun zabal horretatik, jakina, gurea, euskararena, satelite txiki bizigabe ikusten gaituzte.

Esaten dute hizkuntzak ez dakarrela aparteko identitaterik eta, adibide gisa, esaten dute gaztelaniaz mintzo direnak izan daitezkeela perutarrak, espainolak, mexikarrak, argentinarrak eta abarrak. Ez dute esaten horiek guztiak gaztelaniaren hiztun elkarteko kideak direla, hispanohablanteak [1], espainoldunak, alegia. Nork bere barearen kontzientzia ez du izaten bare-oinazeak haren berri ematen ez dion arte. Hauei Mexiko aipatu eta han rantxerak eta doinu bereziko gaztelania besterik ez dela entzuten pentsatzen dute, ez dakite Mexiko dozenaka hizkuntza desberdin mintzatzen direla, tsotsil, tseltal, chol, tojolabal, zoque, kanjobal, chuj, cachiquel, jacalteco, mocho, mame, lacandón, acateco, tapachulteco, chiapaneca, tuzanteco, batzuk aipatzearren, horietako batzuk desagertzeko zorian daudelarik. Erdaldun elebakarrak, euren hizkuntza bakarrean, ez dira hizkuntza aniztasunarekin jabetzen, haien identitateaz unibertso osoa haiekin hasi eta amaitzen dela uste dutelako.

españa
Gaztelaniadunen lurraldea

Horiek horrela, esango didazue gaztelaniaduna izatea identitate jakina ez bada zer bestela izan daitekeen. Gaztelaniadunak mundu zabalekoak dira, egia da, ez dira estatu bereko hiritarrak izango, ondo, baina hizkuntza komunitate bereko hiztunak direla ukaezina da.

Elebakar batzuk, espainolistak bereziki, pentsatzen dute hizkuntzen mundua ez dela existitzen ñ-tik harago. Espainoldunek nahi duten identitatean sortzen direla pentsatzen dute, dohain hori daukatela, euren jatorrizko hizkuntzak ez omen die haien izanean ezertan eragiten. Ez al dakite erdara dela erdaldun egiten gaituena? Gizagaixoak!

[1] Hispanohablante: Que tiene el español como lengua materna o propia

Hizkuntza eta identitatea
hizkuntza, identitatea

Zer duzu buruan “Hizkuntza eta identitatea”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude