Hizkuntza eskubideen urraketak 2019an

Hizkuntza eskubideen urraketak 2019an –

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eguneko bi kexa jaso zituen 2019an zehar, eta begi bistakoa da hori izerbergaren punta besterik ez dela. Bere hizkuntza eskubideak urratuak diren bakoitzean euskaldun orok kexa bat erregistratuko balu Akuilu aplikazioa erori egingo zen, bakoitzak ia egunero ordubete eskaini beharko genioke salaketak idazteari eta Behatokiak Volkswagenek baino langile gehiago (behar) lituzke.

Hizkuntza eskubideen urraketak 2019an
JOSE ARDAIZ GANUZA (BERRIA)

737 kexa horiek sakon aztertu ditu Behatokiak eta “Hizkuntza Eskubideen Egoera 2019” txostena plazaratu du hizkuntza eskubideen urraketen argazki zehatza osatzeko. “Euskaraz bizitzeko oztopoak eta euskaraz jarduteko ezintasunak agerian jartzea da txosten honen helburua. Hizkuntzarekiko berdintasun ezak sortzen dituen ondorioak azaleratzeko ezinbesteteko tresna” dela azaldu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak.

Txostenak hainbat eremutan jasotako urraketak biltzen ditu:

  • Osasungintza: “Osasun asistentzia egokia izateko eskubideaz ari garenean, herritarren berezko hizkuntzan emandako asistentziaz ari gara”, dio Gaubekak. Hori, ordea, ez da errespetatzen egungo osasun sisteman. Osakidetzako hiru langiletik batek du ziurtatuta bere lanpostuari dagokion hizkuntz profila eta Osasunbidean langile euskaldunen kopurua ez da %0,5era iristen. Ipar Euskal Herrian egoera are okerragoa da.
  • Poliziak: hizkuntza eskubideen urraketekin lotuta, aurrekoetan baina ondorio latzagoak jasan dituzte hainbat herritarrek, Mozal Legea tarteko. Poliziak dira modu erasokor eta oldarkorrenean erantzuten dutenak herritar batek bere hizkuntza eskubideak bete daitezela eskatuz gero, eta gainera, errepresio mota ezberdinak jasateko aukerak biderkatu egiten dira. Horregatik, herritarren eskubideak betearazteko “oztopo gehien dituen sektorea” dela gogorarazi du Gaubekak.
    • Ertzainen %45ak dute egiaztatuta gutxiengo hizkuntz gaitasuna, Ertzaintzaren arabera.
    • Nafarroako Justizia eta Barne Departamentuan %0,1 dira.
    • Udaltzainen kasuan, desorekak bere horretan jarraitzen du zenbait udalerritan, plaza berrietarako deialdietan ez baita hizkuntz eskakizunik egiten. “Adibidez, Gasteizen 2019an atera ziren plazen %62ak ez du derrigortasun datarik edo Barakaldo bezalako udaletako urte bereko plazetan %95ak”, salatu du Behatokiak.
  • Justizia: gaztelania hutsean funtzionatzen du orohar. Itzulpengintza zerbitzua eskatuz gero, euskalduna kaltetua izan ohi da sortzen diren zenbait arazo eta denbora epeen erruz. Horrek, besteak beste, “defentsa-eskubidea eta babes eragingarrirako eskubidea” kaltetzen dituela azpimarratzen dut txostenak.
  • Hezkuntza: egoerak ez duela hobera egin adierazi dute Behatokitik. Nafarroako ikasleek arazo oso handiak dauzkate hezkuntza euskaraz jasotzeko, Haur Hezkuntzan ez dutelako murgiltze eredua bermatuta eta, ondoren, euskarazko eskaintza murrizten doalako ia desagertu arte. Ipar Euskal Herrian euskara ez da ofiziala, horrek suposatzen duen guztiarekin… EAEri begira Behatokiak honakoa dio: “ereduen sistemak ez du euskara maila osoa bermatzen, eta langileen artean oraindik ere desoreka handiak daude”.

Nafarroako hezkuntza esparru ezberdinetan euskarak bizi duen egoera azaltzen duten hainbat elkarrizketa egin ditugu azkenaldian ZuZeun: 


  • Administrazio jarduera orokorrak: Frantziako zein Espainiako Estatuetako administrazioetan hizkuntza- eskubideak urratzen dira hainbat eremutan, hala nola: posta zerbitzua, gizarte-segurantzaren zerbitzuak, garraiobideak, ogasuna zein erregistro zibileko bulegoetan.
  • Udalak eta herriko etxeak: herritarren salaketen arabera udalen jakinarazpen, isun, baliabide elektroniko, seinale eta kartel zein oharretan izan ziren urraketak. Zerbitzu zuzenez gaindi, azpikontratatutako zerbitzuetan ere izan ziren. Horretaz gain adierazten da kasu askotan udalek antolatzen dituzten ekimenak euskaraz iragarri aren praktikan erdara hutsean izaten direla.
  • Lan mundua: lan munduan gaztelania eta frantsesa dira nagusi. Erakunde publikoetan zailtasun eta urraketa nabarmenak badaude, zer esanik zen zenbait esparru pribatuetan. Horretaz gain, enpresa askotan langileen euskara gaitasuna bigarren mailan uzten da.
  • Kultura, aisialdia eta kirola: batetik erakunde publikoek zuzenean egin ditzaketen urraketak daude, baina bestetik ez da ahaztu behar beste batzuek antolatutako ekimenetan babesle edo laguntzaile bezala ere jarduten dutela, eta hor ere hizkuntza-eskubideen errespetua betearazi behar dela.
  • Kontsumo eta interes orokorreko zerbitzuak: indarrean dauden araudiak kontsumo-gai guztietan gaztelania eta frantsesa bermatzera eta babestera bideratuta daude. Erdaren presentzia soilik dago legez babestua. Turismoa erakartzeko ikuspegi zehatz bati dagokionez atzerriko hizkuntzak soilik erabiltzen dira, kontutan hartu gabe euskaldunek ere zerbitzu berberak kontsumitzen dituztela.

Behatokia: “adibiderik deigarrienetakoa da honakoa, kexu bidez jakinarazi digutena: Nafarroako Gobernuaren jabetza duen Leireko monasterio historikoa bisitatzeko bisita euskaraz egiteak 80 euroko gain-kostua du, atzerriko hizkuntzek duten berbera. Bisita gidatua gaztelaniaz egiteak, aldiz, 3,70 euro besterik ez du balio”

Txostena osorik


Akuilari
Txosten honen oinarrian herritarren kexak daude. Horretarako sortu zuen Behatokiak Akuilari aplikazioa, euskaraz bizitzeko aukera egin duten pertsonei zuzendutako tresna. Edonon euskaraz jarduteko arazoak aurkitzen dituztenean, euskaraz bizitzeko nahiari eutsi, oztopoei aurre egin eta egoera hobetzeko bidea eskaini nahi du. Euskaraz bizitzeko nahia errealitate bihur dadin, zailtasunen gainetik duintasunez elkarrekin aurrera egiteko.
Hizkuntza eskubideen urraketak 2019an
Hizkuntza eskubideen urraketak 2019an
Hizkuntza eskubideen urraketak 2019an

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.