Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala lan-tresna izateko konpromisoa berretsi dute hizkuntza gutxiagotuetako komunitateetako ordezkariek

Famili-argazkiaHizkuntz Eskubideen Behatokiak antolatuta nazioarteko bigarren sinposioa ospatu da ekainaren 8an eta 9an Donostian. Horrekin batera, bigarren egunean ekitaldia egin du Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Bertan, Behatokiaren 10. urteurrena ospatzeaz gain, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren berrespena ere egin dute euskalgintzako zein nazioartetik etorritako hainbat ordezkarik, honen 15. urteurrenean.

Hizkuntza eskubideen aitortzarako eta defentsarako estrategiak nazioarteko sinposioaren bidez, egun hizkuntza-komunitateek beren eskubideen aitortzarako eta bermerako nazioarteak zer-nolako tresnak sortu dituen aztertu da.

Honela, gaur egungo diskurtsoan gurea bezalako hizkuntza gutxiagotuetako kideentzat baliagarriak izan dakizkiguken kontzeptuak jorratu dira bertan. Batetik, hizkuntza askatasunaren mitoari aurre egiteko, eskubide kolektiboen aldarrikapenerako ideiak eskaini ditu Josep Mª Terricabras, Filosofian katedradun gironako Unibertsitatean eta Hizkuntza Eskubideen deklarazio Unibertsalaren jarraipen-batzordearen presidenteak, sarrera hitzaldian.

Hizkuntza-eskubideak izan dituzte hizpide behin eta berriz sinposioko parte-hartzaileek eta horretarako beharrezkoa izan da horien definizio ahalik eta zehatzenera jotzea.

Jaume Vernet-ek, zuzenbide konstituzionalean katedradun Rovira y Virgili Unibertsitatean eta Consell de Garanties erakundeko kideak, azaldu zituen ahultasunak, bermeak, berezitasunak… finean hizkuntza-eskubideen ezaugarri nagusiak. Definizio batera ere ekarri zituen “eskubide publiko eta subjektiboak dira, hizkuntzaren erabilerari dagozkionak eta izaera arrunta dutenak”. Baina definizio sinple horretan hitz bakoitzak duen semantikoa ikusi ahal izan da. Eskubideak aldarrikatuko baditugu, eskubide horien definizioa, subjektua etab. ezagutu behar ditugu.

Zuzenbidean Doktore EHUn Iñigo Urrutiak, Vernet-en  bidetik jo zuen hizkuntza-eskubideen konplexuen definizioarekin, izaerarekin eta hizkuntza justizia edo ekitatera hurbilduz.

Eduardo Ruizek, Deustuko Unibertsitateko pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, Europako Kontseiluak hizkuntzen babeserako ezarritako mekanismoak azaldu zituen ondoren. Eta horien benetako balioa eta horietan euskalgintzatik nola eragin daitekeen azaldu zuen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Behatokiak hamar urtetan egindako lanaren bidez.

Lehen eguneko goizeko saioek hainbat gabezia utzi zituen agerian, baina CIEMEn erakundeko lagunek hizkuntzei aitortza ekitatiboa ematen dien, hizkuntzen arteko bereizkeriarik eragiten ez duen eta gurea bezalako hizkuntza komunitateen berreskurapenerako lagungarri den Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak eta honen ekarpenak azaldu zituzten.

Hori bezain garrantzitsua da gizarte zibil antolatuak deklarazioaren printzipioak bere egin eta lau haizetara zabaltzea. Ostegun goizean, beraz, herri desberdinetan gauzatzen diren esperientzien berri jaso dute sinposioko parte hartzaileek. A Mesa Pola Normalización Lingüística, institut d’Estudis Occitanis, Kevre Breizh, obra Cultural Balear, Acció Cultural del País Valenciá eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak berak azaldu dituzte euren esperientziak.

Patxi Juaristik, Soziologiako doktore Deustuko unibertsitatean, bestalde, gizarte zibilaren aldarrikapen arrakastatsuak zeintzuk izaten diren azaldu du, hauen eraginkortasuna eta herri indigenen kasuetako adibideak ere eman ditu. Gizarte zibil antolatuak eraginkortasuna ziurtatzeko baldintzak ere zerrendatu ditu, baliagarriak izango direnak gizarte zibil antolatuaren ordezkari ziren lagun guztientzat.

Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik mezu bat zabaldu nahi izan du sinposioaren amaieran: “gizarte zibil antolatuak iraulketarako gaitasuna izan dezake eta seguruenik hizkuntza gutxiagotuetako gizarte zibil antolatua saretzeak urrats kualitatiboak eman ditzake orain dela 15 urte Bartzelonan sinatutako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala behar duen tokira eramateko.

Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren berrespen ekitaldian, Laura Mintegik, Euskal Pen Klubeko lehendakariak, deklarazioaren sorreraren inguruan hitz egin du. Bestetik, bi egunotan sinposioan parte hartu duten hizkuntza gutxiagotuetako komunitateetako ordezkariek ere Hizkuntza Eskubideen Deklarazioaren garrantzia aipatu eta hau berretsiz Behatokiak egin duen berrargitalpena sinatu dute eta hauekin batera, CIEMEN eta Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren jarraipen batzordekideek. Garabide elkartearen eskutik Euskal Herrian dauden Hego zein Ertamerikako herri indigenetako hainbat komunitateetako ordezkarik ere sinatu dute deklarazioa; Gualmapuko, Futa Koyagtun Koz Koz Mapu elkarte indigenako ordezkariak, Ekuadorreko, Kawsay fundazioko ordezkariak, Mexicoko Tosepan erakundeko kideak eta Guatemalako, Ceforma erakundeko kideak. Euskal Herritik berriz, Kontseiluak berak, Kontseiluko bazkideek, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.

behatokia, hizkuntza-eskubideak, sinposioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude