Hizkuntza BAT!

Hizkuntza BAT!

Orreaga Iritzi Taldea

Heldu den astean, lagun arteko bazkaria. Gure herriko eskualde guzietako bazkaltiarrak elkartuko gira… Baiona, Hondarribia, Iruña, Agurain, Gernika, Donibane-Garazi eta Altzürükükoak. Noiz? Larunbatean, zapatuan, ibiakoitzan, neskenegünean. Bainan hizkuntza BAT; bakarra.

Hizkuntza guzien arteko egoera, prozesu historiko eta politikoen emaitza da. Hor aurkitzen da gure gaurko arazo eta nora-ezaren iturria. Prozesu horiek ongi aztertzea eta ulertzea ezinbestekoa da era guzietako gaizki-ulertu eta konplexuen olatuan galdu edo mozkortuko ez bagira. Esaterako, “Gaztelera” hitza erabiltzeko modua bera ere. Onarpen edo hurbiltasun bat adierazten du guk gure mesedetan onartu izan baginu bezala. Hausnarketa sakon eta kolektibo baten beharrean da gure herria. “Gaztelera” terminoarekin deitzeaz ahaztu eta “Espainola” hitza erabiltzen hastea litzateke zuzenena, ez baita gure hizkuntza. Alemana eta Frantsesa ere, ez diren gisa berean. Gureak ez diren Estatu banatakoak baitira.

Hizkuntza batHerriek ez die, dagokien hizkuntzari, beraien borondatez uko egiten beste hizkuntza bat erakargarriagoa edo hobea delako. Bai, aldiz, etnozidio bat egon delako. Gurea bezalako herriek, okupazio militarra jasan duen kolonizazio antolatua, eta epe luzekoa gainera, pairatu dutenek arazo latzak dituzte beraien burua identifikatzeko unean. Menderatzaileek, lurraldea zatikatzearekin batera herrialde menderatuaren izendatze-aldaketari ekiten dio herriko jendeak berak ere, nortzu diren ere ahantz dezaten, eta horrela, hobeki asimilatuak izan daitezen. Izaera nazional propioa emanen dion botere-gorenik gabe, oso zaila da norbera nor den jakitea, ezin baitio bere buruari izen propio batez deitu. Esanekoa eta akritikoa bihurtuko da beraz. Hitzak ez dira errugabeak: boterea duenak asmatzen, ezartzen eta bere mesedetan erabiliak izan daitezen bermatzen ditu, guk errealitatea bere ikuspegitik ikus dezagun. Bere intereseko gaietan eragiteko ahalmenik ez duen herriaren azken aukera, baimenak erregutzea besterik ez da. Batzu, kontsentsuaz mintzo dira, baina ez dago kontsentsurik euskarari dagokionez; eta ezta egonen ere. Boterea berreskuratzea. Ez dugu beste aterabiderik.

Atzean duen indar politikoaren araberakoa da hizkuntza baten indarra, eta egoera beraz. Hemen, gure baimenik gabe ezarri zizkiguten guretzat guziz arrotzak diren Frantsesa eta Espainola. Eta boterea, indarra erabili zuten horretarako. Zertara dator orain, beraz, guk baimena eta kontsentsua eskatu beharra?

Kolonialismo mentala, hiztunei bere hizkuntzak ezertarako balio ez duela sinestarazi eta mespretxaraztean datza. Hizkuntza des-politizatu behar dela erraiten duenak, agerian uzten du, intentzionalki afirmatzen duela hori nahasmena eragiteko eta hizkuntza menderatuaren indarrak are gehiago ahuldu daitezen. Aldiz, “inposizio” hitza ez da inoiz erabiltzen hizkuntza haundien Historia ofizialean, hizkuntza menderatuen hiztegiko parte baita jada; eta honetaz ohartzen ez den herriak, ez du oraindik kolonizazioaren eragina gainditu. Horregatik da hain garrantzitsua Des-ikaste prozesua martxan jartzea eta gureari eustea, egiazki gertatu dena kontatzeko gai izan gaitezen.

Beraz, deskolonizazioa, norberaren pentsamenduan hasten da. Hitzak dira autodefentsarako lehen tresnak eta hizkuntzak batasun politiko bat ematen dio lurralde bati. Bestela, inperio guziak ez lirateke saiatuko haien hizkuntza inposatzen armen bidez.

Euskara, ekimen politikoak ekarri badu gaurko egoera honetara, ez al du ekimen politikoak jarriko bere lekuan? Noiz hasi behar dugu, beraz, euskaldunok, Estatu propioa aldarrikatzen eta bere zerbitzuan lanean, gure interesak babesteko, lege propioak onartzeko eskumen guziak ekarriko dizkiguna inbaditu/okupatu gintuzten Estatu arrotzen legedian, besteak-beste, zein hizkuntza erabil dezakegun galdetzeko ordez?

Finean, dena baita politika: Herria, Lurraldea Gobernu Propioa (antolaketa administratiboa beraz), kultura, ekonomia, indar militarra, mundu-ikuskera, sena, izaera, nortasuna, Arrazonamendu propioa,… Dena. Bakoitzari, dagokiona beraz. Eta baita hizkuntza ere, noski. Dena baitoa hertsiki loturik eta ezin daike bereiz. Gu, euskararen jendea gira, horri dagokion guziarekin. “Linguae Navarrorum” zioen Santxo Azkarrak.

Euskalunon, Nabartarron hizkuntza. Nabar eran edo logikan pentsatu behar dugu beraz, eta euskaraz; eta ez inperialistek nahiko luketen gisan, duintasuna berreskuratuko badugu behintzat. Hizkuntza baten aldeko ekimen hoberena, beraz, herriaren independentzia lortzea da. Gu, euskara BAT-en jendea gira, gara, gera, gare, gra eta gütützü.

Mezua beraz, garbia da: BAT. Herri BAT, Lurralde BAT, Gobernu BAT.

hizkuntza BAT

4 pentsamendu “Hizkuntza BAT!”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2015-12-21 12:11

    “Esaterako, “Gaztelera” hitza erabiltzeko modua bera ere. Onarpen edo hurbiltasun bat adierazten du guk gure mesedetan onartu izan baginu bezala”…

    Nik maiz “kastillano” izena aditu izan diet Nafarroako zenbait euskaldun zahar, adineko, ez nahitaez abertzaleri.

    Kosta egiten zait arrazoibidea entenditzea. Hurbiltasuna? Nola, Gaztelako hizkuntzari espainola deitu beharrean gaztelera edo gaztelania deituta, ematen ahal zaion hizkuntza horri tankera “bertakoagoa”.

    Izan ere, hegoaldeko euskaldunek ez dute izan inoiz beren burua gaztelartzat, baina bai espainoltzat…

    Kastillano, gaztelania, gaztelera esan izan dugu euskaldunok, baita gure eliteek erositako apologietan suharki defendatzen genuenean, gure odol garbitasunaren kariaz espainoletan espainolenak ginela. Romance eta castellano idatzi izan dugu beti.

    (…)“Gaztelera” terminoarekin deitzeaz ahaztu eta “Espainola” hitza erabiltzen hastea litzateke zuzenena, ez baita gure hizkuntza. Alemana eta Frantsesa ere, ez diren gisa berean(…)

    Hori ez da egitate objektibo bat, baizik asmo nazionalista baten adierazpena. Espainia eta Frantziako konstituzioek “espainiera edo gaztelania da espainol guztion hizkuntza” eta “frantsesa da errepublikaren hizkuntza bakarra” diotenean bezala.

    Zuek euskara Euskal Herriko hizkuntza bakarra izatea eta gaztelania edo espainola atzerriko hizkuntzatzat tratatzea duzue helburutzat. Hor konpon. Ez da zertan asmo ezinezkoa izan behar. Sionistek hebreera artifizial bat eratu zuten beren estatuaren hizkuntza bilakatzeko, eta ekinaren ekinez lortu egin zuten. Guk ere lor genezake. Baina tira, lan horretan hastea diagnosi erabat okerrak eginez eta narrazio historiko deliranteak asmatuz, ez da arrunt txukuna.

    Egiari zor, bai historikoki bai soziologikoki, gaztelania berta-bertakoa izan dugu. Eta ez nahitaez inposizio militar eta politikoaren ondorioz. Azken bi milurtekoak lekuko, euskara ez dela izan Euskal Herriko, VASCONIAko biztanleen hizkuntza bakarra.

    • Gure herrian ‘erdara’, ‘erdaraz’, ‘erdalduna’-eta terminoak erabiltzen ditugu, ez ‘gaztelania’ edo ‘espainola’; oraintsu jarri dira modan azken horiek. Badaezpada diot; eta hala, hemengo historiografian ondorioak izan ditzan.

  • “gaztelania berta-bertakoa izan dugu”… Ahaztu zaizu esan kanpotik etorrira, erromatarrak, eta gure lurretatik sortuta. Baina, azken finean, inbasio batetik.
    “narrazio historiko deliranteak”… inperialismoak erabiltzen dituen argudioak eta kolonizatuek erreplikaten dituena.
    Espainola-gaztelarea. Espainola ez du existitzen, hori bai asmakizuna. Ahal dugu esan naberreraz hizkuntza bezala, edo espainolez baina gaztelarea eta euskara dira hizkuntzak. Beno, gaztelarearen kasuan, dialektoa ez hizkuntza.
    Espaina edo Nabarra bi termino juridiko politikoak direlako eta beste gauza batzuk gehiago baina ez dira hizkuntzako terminologia bat. Lingua navarrorum? kanpotik deituta, berriro erromatarrak. Ulertzen dela? Bai, baina euskaraz da izen aproposamena, gaztelariarekin gauza bera.

  • Euskaraz mintztatzea eta nabarreraz pentsatzea gustatu zait, pentsamendu horrek oso politikoa delako. Hizkuntzaren ezezik gauza interesgarriak azaltzen dira textu hontan, non BAT egiterakoan lurralde, hizkuntza eta sujeto politikoa ondo kokatuak azaltzen diren.