Hitza hits (gogoeta euskarazko hedabideez)

MTI5MQ==

Bazkide naiz Hitza sortu zenetik. Eta asteburuetan ez bada, ez dut Hitza etxean ia sekula irakurri plazaratu zen egunetik, besteak beste, banaketa oso oso berandu egiten dutelako. Eta ordutik euritan askotan busti izan ditut galtzerdiak eta galdera hau egin izan diot nire buruari: sareak orainkariak zerbitzen dizkidan bitartean, zer eskaintzen dit gaur egun niri Hitzak? Eguneko segundu apur batzutako bistadizo azkarra (etxetik kanpo beste nonbait irakurria klaro), eta… eta kitto!

Ez baitut intereseko gauza gehiegi aurkitzen kazetan. Ez baitut iritzi artikulu gomendagarri gehiegi topatzen, ez herri honek aurrera egiteko autokritika eta hausnarketa sakonik, ikerkuntza kazetaritzatik batere ez, eta dena da gertatuaren kronika arina, azalekoa edo iragarpen soila. Politikakerietan ainguratua gehiegiegitan.

Hori bai, Hitzari esker ondo ikasi dut Urola Kosta eskualdean dagoela Zarautz, baina, andre jaunok, nik ez dut eskualdea bizi: nire herriko berriak jarraitzen ditut baina ez zait gehiegi interesatzen Azkoitia, Zestoa eta Aiako berri izenburutik aurrera. Ez ditut 8 orri behar. Gehiago: ez ditut orriak behar.

Euskararekiko konpromisoz naiz Hitzako bazkide, ez produktu erakargarria zaidalako. Eta ez gaude euskalgintzan estrategikoak diren eremuetan apustuak galtzeko. Nire uste apalean behintzat Hitzak ez du jarri genion erronka nagusia betetzen. Ez du jendea euskaraz irakurtzera animatzen eta ez du periodico vascoaren irakurlerik gure sutondora erakartzen. Pentsa! Gu ere ez gaitu konbentzitzen!

Ez dakit zer diozuen zuek, zer iritzi duzuen zuen herriko prentsaz (egunkari, orainkari eta aldizkariez), baina gure eskualdekoak apustu berriagoak, ausartagoak eta parte hartzaileagoak behar ditu. Zuzendari berria du gainera orain Urolakostako Hitzak. Aukera ona izan daiteke gauzak aldatzeko. Hori bai, udatik aurrera gauzak aldatzen ez badira, bazkide izateari utziko diot.Inkondizionala izatea ondo dagoelako baina ez kaikua izatea. Euskararen herrian, zoritxarrez, diru eta laguntza premian dauden etxe asko daude zain atea nork noiz joko.

Irudia | hitza | zz | Creative Commons By SA
eudel, komunikazioa, kritika, prentsa, Urola Kosta, Urolakostako Hitza
Imanol Epelde

La terre est bleue comme une orange

29 pentsamendu “Hitza hits (gogoeta euskarazko hedabideez)”-ri buruz

  • Patxi Gaztelumendi

    Interesantea oharra.
    Ea inork kosk egiten dion amuari… eztabaidarako puntu bat baino gehiago jarri dituzu eta.
    Nik, besteak gutxietsi barik, hau azpimarratuko nuke:
    “baina gure eskualdekoak apustu berriagoak, ausartagoak eta parte hartzaileagoak behar ditu”.
    Apustu berri, ausart eta parte hartzaileak. Berrikuntza, irudimena, ausardia eta partehartzea, edozein hedabidek, izan papereko, digital, uhin bidez edo multimedia beharko lituzkeen premisak… aurrerantzean gaurdanik.

  • Hasier Etxeberria

    Nago Epelderen kritika zintzo baino zintzoagoak, dianaren erdian eman duela: ez dadila Urola Kostako Hitzako inor samindurik sentitu, Hitzaz ari bada ere, ez baita Hitzaz bakarrik ari. Epelderen kritika bete-betean etor liteke bikain, euskarazko hainbat eta hainbat komunikabide aztertzeko. Nor ez da ibili halako hamaikatan? Nor ez da identifikatua sentitzen hor esaten denarekn? Baina hori baino gehiago ere bai, ekimen asko eta asko azter daitezke ikuspegi horretatik. Batzuetan ematen du “ari gara, beraz bagoaz” esaldia barneraturik dugula. Zenbatetan, ordea, “horrela ez goaz inora, itxura batean ari bagara era?”. Euskararen mundua erakargarri egiteko, lehenik eta behin, euskaldunontzat egin behar dugu “benetan” interesgarri eta ezinbesteko. Itxurakeriekin jai dago. Zorionak Imanol Epelderi asurdiagatik, eta hobe bai honek guztiak balekar gogoeta eta onurarik bere atzetik!

  • Imanol Aranburu 2010-01-23 13:34

    Ni ere erabat ados nago Imanol Epelderen hitzekin, gure eskualdeko hitzan ere gauza bera gertatzen baita. Gauzak gero eta sinpleago eta ahal den gutxiena arakatuta egiten saiatzen ote diren susmoa dut, gainera euskara aldetik ere akats batzuk ere bila daitezke artikulu eta berri batzutan. Txintxarrisferako Tontokaletik blogean egin zitzaion kritikatxo bat hitzari duela bi urte baino gehixeago eta erantzun bat baino gehixeago izan zuen, hona hemen esteka: 
    http://tontokaletik.blogsome.com/2007/11/09/hitza-kazetaritza-egiteko-modu-berria/

  • Hitzak tokiko euskaraz izan beharko lirateke, batez ere elkarrizketen transkripzioak, eta ez dira.

  • Mmmmmm… ondala urte gitxi Epeldek einddaben mouko kritika bat irakurri baneban epelak-eta-bi entzungo zittun ustezko guays-ak. Ezta epelkexetak gelditzen gure Epelde. Ta esanbirdot, tamalez ta samiñ handiz, orokorrin ados nazela etten daben diagnostikuaz. Ikusteotelako eztala satelite-vasco-elebidunzale-moketazale nazkagarri bat kritiki etten dabena, euskaltzale zintzo bat baino (berak esanda Hitzako harpidedune dala sortu zanetik, txapó). Geure eskualdin be, korporaziñoi jelkide monokolorran blokeu kontutan hartu te gero prefosta (hau Kuba mouku-re, analisise hasibizu yankisan blokeu attatuaz ta gero beste buzti) ba esanbirdot neure zalantza sakonak dakazela ia benetan azertaran produktun enfokiaz (parametro nausixakin, 25 peztako berbak erabiliaz) ta kalidadiaz orokorrin. Tamejodeunhuevo hau esati, eh?? ez pentsa erreza ettengaztanik, ezta gittiauabe. Prentsa lokala ta hizkuntza nazionalin gauza estratejikueire aleritxi lagateko. Ezna, adibidez, Epeldeaz ados gauza baten: nik bai usteot pauso estrategiko bat gauzatu dabela 7 Hitzok… bai lortu dabe lehen DV ta Correo hispanofiluk irakurten ben milaka lagun batzuk euskeraz irakurten ipintti. Hori ukatzen dabenak eztau nahi egixan parte bat ikusi. Amaitzeko, ta ongoz, eriztengazta Hitzak sortu einbizile, demaseko pausu ixanzala ta hausnarketa sakonttu bat eiñ ostin redirekziona ta etxapliuan morun zerurarte allabilittakela. Eileike. Yes We Can. Let´s Do It.

  • Miren , ez düzu aski “prefosta” modernagarri hori idaztearekilan. Ez dautzut fitsik konprenitzen ahal Zuberoa huntatik.

  • Barkamenak Unpadox, ta Biba Xiberoa. Hau da standarrerako itzulpena: Orain urte gutxi Epeldek luzatutakoa bezalako kritika bat irakurri izan banuen bereak-eta-bi entzungo zituen igorleak. Ez da epelkerietan geratzen gure Epelde. Eta esan behar dut, tamalez eta samin handiz, orokorrean bat natorrela berak egiten duen diagnosiarekin. Ikusten baitut ez dela satelite (errealitatetik at)-vasco-elebidunzale-moketazale (instituziokerizale) nazkagarri bat kritika egiten duena, euskaltzale zintzo bat baizik (berak aitortua Hitzako harpideduna dela berau sortu zenetik, chapeau). Gure eskualdean ere, udaletxe jelkide kolorebakarrekoen blokeoa aipatu eta gero, noski, (gai hau Kubarena bezalakoa da -analisia egiteko unean yankien blokeoa aipatu behar da eta gero beste guztia) ba esan behar dut neure zalantza sakonak ditudala ea benetan asmatu den produktuaren enfokearekin (parametro nagusiekin, hitz potoloak erabiliaz) eta kalidadearekin orokorrean. Ta asko izorratzen nau hau esateak, eh? Ez pentsa erraza egiten zaidanik, ezta gutxiago ere. Hizkuntza nazionalean idatzitako prentsa lokala gauza garrantzitsuegia da berau airean uzteko. Bestalde, ez nator bat Epelderekin gauza baten: nik bai uste dut urrats estrategiko bat gauzatu dutela 7 Hitzok…bai lortu dute lehen DV edota Correo bezalako prentsa hispanofiloa irakurtzen zuten milaka lagun batzuk euskaraz irakurtzen jartzea. Hori ukatzen duenak ez du egiaren zati bat ikusi nahi. Amaitzeko, ta oraingoz, iruditzen zait Hitzak sortu egin behar zirela, urrats sendoa izan zela eta hausnarketa sakon bat egin ondoren berbideratu eta su-artfizialen gisa zeruraino heldu behar liratekeela. Egin daiteke. Yes We Can. Let´s Do It.

  • Donostian ere ale batzuk gara Irutxuloko Hitza astekariaren hutsa askotan sentitu duguna. Hasiera-hasieratik izan nintzen ni aldizkari horren harpidedun. Baina eguneroko Hitza etorri -orain egunerokoa ere ez da-, eta banaketa-arazoengatik etxean jasotzeko aukera galdu nuen. Baina gauza da azken bolada honetan inguruko okindegi eta tabernetan ere nekez aurkitzen dudala HITZA. Eta aurkitzen dudanean, pena handiz gogoratzen naiz astekari duin hartaz. Ondo dakigu irakurle batzuk irabazi dituela euskarak HITZAri esker. Ondo dakigu zer baldintzatan egiten den HITZA. Baina bide honetatik horiek ere galduko ditugu. Kalitatearen aldeko apustua egin behar da. Kalitatea edukietan, kalitatea edizioan, kalitatea hizkuntzaren erabileran… Eta, besteak beste, iragarkiak ondo luzituko dituen euskarri txukuna, iragarleak erakartzeko.
    Lan handia egin du HITZAK. Proiektu interesgarri eta estrategikoa du eskuen artean. Baina, porroterako bidea har dezake, maila pixka bat jasotzen ez badu.

  • Hau kasualitatea! Epelderen kritika ARGIAren gaurko Euskal Kulturaren Hari@k ere bildu du.
    Egunero egunero egunero DV, Correo eta beste hainbat komunikabideren adierazpenak, elkarrizketak, iritziak eta gainerakoak nabarmendu baina kasualitatez zortzi Hitzetakoak ahazten eta baztertzen dituen horrek,
    CIESen datuen arabera EAEko hirugarren egunkari irakurriena (Correo eta DVren atzetik) eta Gipuzkoako bigarren irakurriena (DVren atzetik) izan arren.

    Egunero egunero egunero? Ez, barkatu! Zortzi hilabetean behin kontuan hartzen dute bat edo beste.

    Gaur, esaterako. Hori ere kasualitatez izango da…

    Epelderen kritika ulertzen dut, eta neurri batean baita konpartitu ere. Baina kontraesan nabarmenak ikusten dizkiot. Ez du paperik nahi. Ez du orrialderik behar. Baina “ez gaude euskalgintzan estrategikoak diren eremuetan apustuak galtzeko”. Kaikuak, niretzat, publizitate instituzional guztia DVra eta Correora bideratzen duten udalen aurrean isilik geratzen diren lagunak dira. Francoren eskelak argitaratzen dituzten horietara doa diru publikoa. Euskara eta euskalgintza komuneko papera da udal abertzaleenentzat ere. Eta gu publikoki HITZA kritikatzeaz arduratzen gara. Erabat zilegia iruditzen zait kritika egitea, eta publikoki konpartitzea, baina lehenago toreatu beharreko beste zezen batzuk badaudela iruditzen zait.

  • Ederki, Maider! Baten kritika kritikatu nahi, eta beste hedabide bati egurra ematen hasi! Haria@ ezagutzen baldin baduzu, jakingo duzu hor herrietako berri txikiek ez dutela lekurik, ni ere jasotzaile naizen aldetik eguneko 10 berri horien artean ez zaizkidalako interesatzen Abaltzisketako frontoiko obrak eta Azpeitiko babes ofizialeko etxebizitzen zozketa. Herri aldizkarietako berriak ere ez dira jasotzen, eta Hitzak baino gehiago zabaltzen dira haiek! Herrietako informazio zehatza nahi duenak hortxe dauka Hitza. info.
    Bat nator Epelderen iritziarekin oro har: produktu eskasa da, bai, baina ezin esan funtzioa bete ez duenik, jendea egunero euskaraz irakurtzen jarri duelako inguruan. Imanolek herriko informazioa jaso nahi badu, inoiz baino errazago du blog erako albistegi bat bultzatzea; Zarauzko Txaparro aldizkaria krisi larrian omen dago, eta gaztetxe alde horretan topatuko ditu lanerako lagunak. Hitzei oharra: berritu ala hil!

  • Gorri: munduko gauzarik normalena da Hari@n ez agertzea Abaltzisketako frontoiko obrak edo Azpeitiko babes ofizialeko etxebizitzen zozketa. Normala da. Ez dena hain normala, eta bai erabat susmagarria, ez agertzea Anariren elkarrizketa luzeak, Laboaren heriotzari buruzkoak, Tabakalerako kontuak, idazleen eta musikarien elkarrizketak, eta abar luzea. Interes ‘nazionalekoak’ diren artikulu, elkarrizketa eta gainerakoak, alegia.

    Gainerakoan, Epelderen kritikaz esan dut: ulertu egiten dut, eta hein batean baita konpartitu ere, kontraesan nabarmenak dituela iruditzen zaidan arren, eta lehenago astindu beharreko beste alorrak baditugula uste dudan arren.

  • Maider: eztabaida beste bat zen, baina puntu interesgarri bat aipatu duzu. Adibide batzuk eman dituzu, eta hain zuzen nire ustez Hitzaren beste ahulezi bat dena aipatu duzu: gai batzuk eskualdeko hedabide batean nazionaleko baten tartearekin eta ikuspegiarekin lantzea. Anariren elkarrizketa? Berrian irakurri nuen nik, eta irratian entzun ere bai. Hitzan 2 orrialde oso eman zitzaizkion, oker ez banago, eta exajerazio bat da nire ustez, seguruena eskualdeko beste hainbat berri moztu edo kenduko zirelako. Esan dezatela gero Urola Kostarako 8 orrialde gutxi direla!
    Nire ustez normala da Hari@n ez agertzea, 10 berri hautatzeko bestela ere nahikoa hedabide badaudelako eta interes nazionaleko horiek bestela ere nahikoa jasota geratzen direlako.

  • Patxi Gaztelumendik: “Interesantea oharra”. Interesantea?

    H. Etxeberriak: “Nago Epelderen kritika zintzo baino zintzoagoak (…)”. Zintzoa?

    Imanol Epeldek berak hasieran: “Gogoeta euskarazko hedabideez”. Pluralean ari al da?

    Motzean: euskarazko hedabide baten aurkako SALAKETA egin du Epeldek.

    Zer da Hitza? Zertarako sortu zen? Irakurri haren helburuak eta oinarriak zein diren? Zertan egin du huts horretan? Frogak, Imanol.

  • Patxi Gaztelumendi

    Oso interesantea, Beltz.
    Gerora sortu den hari guzti hau baino hagitzez interesanteagoa.
    Hobetzeko egindako kritika. Berritzeko idatzitako hitzak. Partehartzea aldarrikatzeko berbak, besteak beste.

  • Nik ikusten dudan moduan.
    1- HITZA ez da enpresa bat, modu tradizionalean, beraz ez dudana ulertzen da kanpotik egindako kritikak… hau da, Hitza langile hutsen esku usterakoan guk ere akats ederra egin dugu.
    2- Kalitatean mejora egin behar dela, ados! Horretarako, ikuspuntu militantetik lan egingo duten langileak behar ditu.
    3- Ezin da Hitza, kritikatu, daukan blokeo egoera kritikatu barik… ikusi zergatik estrategikoki bizkaian behintzat, Hitzaren kontrako politikak eramaten dituzten aurrera instituzioetatik.
    4- Eta bakoitzari, interesatzen zaizkion notiziak interesatzen zaizkio… niri ere blog honetako albiste erdiak, txorradak iruditzen zaizkit… baina… zuzeu-k hutsune bat betetzen duela iruditzen zait. Eta elcorreo-k eta DV herrietako albiste pilo bat dituela ikusten ez duenak… zergatik, jende askok erosten du elcorreo, gara barik?
    5- Azkenik, ez zait justua euskaltzale zintzo batek, HITZA barreratik kritikatzea… eta guk zer egin dugu, bere ibilbidea ez dadin horrelakoa izan?
    6- Ados nago, gauza asko, batez ere, sarean hobetu behar dituela HITZAk… baina saretik aparte ere, mundu erreal bat dago!

  • Seguruenik iritzi guztietakoek duzue arrazoi apur bat. Baliteke Hitza bere berezko helburuetako betetzen aritzea, baina ulergarria da ere Imanolen jarrera: kontsumitzaile baten ikuspuntutik egindako kritika da, beste edozein produkturi eskatuko genizkiokenak betetzen ez dituelako egindako kexa. Azken finean, Hitzak erabilgarria ere behar du izan, eta ez sinbolo hutsa, aurretik aipatu den bezala, “hutsunea betetzeko” ondo dagoena baina berez gehiegi erakartzen ez zaituena. Jendeak ez dezan esan solidaritateagatik dela Hitzako harpidedun.
    Hitza ez da enpresa bat izango modu tradizionalean, baina produktu bat den neurrian kontsumitzaileen artean zabaltzeko taktikak behar ditu, eta nik uste dut horretarako baliagarriak izango zaizkiola mota honetako kritikak.

  • Ziurrenik, irakurri batean, denok egon gaitezke konforme Epeldek egindako kritikekin, alegia, herri aldizkariak oro har gertakizunen kontaketa hutsera mugatzen direla, axalekoak direla…
    Kontua da, kritika hori horrenbesteko kontundentziarekin publikatu aurretik, beste zenbait faktore –funtsezkoak- hartu beharko liratekeela kontuan, oraingoan hartu ez direnak nire irudipenean. Hala nola, produktu horiek egiteko zenbateko aurrekontua manejatzen den (diru iturri publikoak, pribatuak..), zenbat lagunek osatzen duten langileen plantilla, horiek zenbat orduz lan egiteko kontratua daukaten eta errealitatean zenbat lan ordu sartzen dituzten, zenbateko soldata duten… Datu horiek jakinda gero (denok irudika ditzakegu nondik norakoak izango diren, aski kaskar eta barregarriak alegia), nork bere buruari egin behar liokeen galdera da baldintza horietan ea posible den nork bere herri edo bailaran ezagutzen dituen produktuak baino hobeak egin ahal izatea… Tenore horretan jartzen denak ez dut uste halako kritika zorrotzak publikatuko lituzkeenik.
    Beste kontua da halako produktuak nahi ditugun ala ez, merezi duen produktu horiek egitea ala ez…

  • “hutsunea” betetzen badu, baina ez badu irakurlea erakartzen, gaizki betetako hutsunea da. Beste bat etorri eta hobeto egin arte.

  • jon eskisabel 2010-01-28 09:14

    Nire ustez, Epeldek egindako kritikak baditu hainbat hutsune. Esaten du: “Ez baitut iritzi artikulu gomendagarri gehiegi topatzen, ez herri honek aurrera egiteko autokritika eta hausnarketa sakonik, ikerkuntza kazetaritzatik batere ez…”. Baina zer eskatzen diozu Hitzari? Non aurkitzen duzu hor aipatzen duzun guztia? Nork ematen dizu hori? Ez diezaiogun Hitzari ilargia eskatu… Hitzari eskatu behar zaio herrietako informazioa ondo ematea, eta punto. Hori da bere eginkizuna, horretarako sortu zen.
    Klaro, hor dago Epelderen arazoa… Esaten du: “nik ez dut eskualdea bizi: nire herriko berriak jarraitzen ditut baina ez zait gehiegi interesatzen Azkoitia, Zestoa eta Aiako berri izenburutik aurrera. Ez ditut 8 orri behar. Gehiago: ez ditut orriak behar”. Hori da, ez duzu Hitza behar.
    Garbi dago, Hitzek ez dute lortu irakurleak euskarazko prentsara erakartzea, baina hori bakarrik Hitzaren errua da? Nago munduko produkturik onena eginda ere nekez lortuko zela helburu hori, beste hainbat faktore daudelako hor tartean, denok dakigunez.

  • Oier Aranzabal

    Epelderen kritika zintzoa da. Ez dut zalantza izpirik.
    Baina Urola Kostako Hitza, kontuan izan behar, Euskal Herri osoan hoberen funtzionatzen ari den Hitza da. Zergatik? Kontsumitzaile potentzial asko dituelako eskualdean (harpidedun asko), atxikimendu handia duelako herriekiko eta bertako eragileekiko eta nola ez, bertako langileek SERIO lan egiten dutelako. Lehenengo pertsonan esan dezaket hori, haiekin pare bat aldiz lan egin dudalako. Erredakzio serioa dute, lana gogor egiten dute eta euskararen kalitatea asko zaintzen dute.
    Iruditzen zait hedabide honek lortu duena txalogarria dela Urola Kostan.
    Epeldek egiten duen kritikaren zati bat Hitzaren aurkakoa baino paperezko edizio ororen aurkakoa da. Noski zertarako erosi Berria, interneten irakurtzearekin konformatzen bazara? Berdin Hitzarekin. “Ez ditut orriak behar” interneteko gizona da Epelde.
    Bestalde, ez ahaztu, HITZA ez da hilabetekari bat, ez da ARGIA, beraz ezin aurkitu super erreportairik, ez eta orri oso bateko saiakerarik. HITZAren papera eguneroko berriak tratatzea eta eskualdeko eguneroko protagonistei lekua uztea da.
    Nik Urola Kostako Hitzaren defentsa egingo dut, ondo, gogor eta serio lan eginaz duela urte batzuk pentsaezina zena lortu baitute. Eguneroko herri egunkari serio bat ateratzea.
    Apustuak behar direla, hobetu behar dela? Zalantzarik gabe, baina Hitza zer den ahantzi gabe, eta are gutxiago orain arteko lana mespretxatu gabe.

  • Eztabaidari gatza eta pipera emate aldera: Zergatik Goienkariak du bere eskualdean erreferentzialtasuna eta Hitzek ez? Inork pentsatu du inoiz zergatik Hitzak ez du inoiz Debagoiena aldean egunkaririk atera? Busturialdean, adibidez, ezer ez izatetik (herri aldizkaririk ere ez) Hitza izatera pasa dute, eta badabil? (Boikotaren kontuak alde batera utzita), Bizkaiko Hitzek zer nolako hizkuntza eredua darabilte? Eta abar ……….

  • xiber: Hitzek ez dutela erreferentzialtasuna beren eskualdean? Irakurri hau: “EAEko hirugarren egunkari irakurriena da Hitza, CIESen arabera: 2009ko lehen ikerketaren arabera, Hitzak egunero 90.000 irakurle ditu Gipuzkoan eta Bizkaian”. Esteka, hemen:
    http://ttiki.com/9766

    Eztabaidari gatza eta piperra eman nahi badizkiozu, datu errealak eman, probokazio hutsean jardun beharrean. Benetan konstruktiboa zure ekarpena.

    Debagoienan zergatik ez den sortu, ez dakit. Idearik ez, baina suposatzen dut han dagoeneko euskarazko beste komunikazio proiektu sendo bat garatuta zegoelako izango dela, eta Hitzaren beharrik ez zelako ikusten.

    Oso oker ez banago, Hitzak hainbat eta hainbat euskara elkarterekin elkarlanean garatu du eskualdez eskualde proiektua. Urola Kostako Hitza bera da adibide esanguratsua: Txaparro, Artzape, Danbolin, Uztarria, Baleike…

    Hitza Bizkaian badabil? Boikotak boikot, blokeoak blokeo, badabil, bai. Kuba bezala. Ez da urrezkoa, noski. Zaharkitua geratu da beharbada batzuen gusturako. Baina nola abesten zuen Carlos Pueblak? ‘El vino, de platano, y si sale agrio…’. Eta Hitza Bizkaian badabil, bai. Begira CIESen datuak. Objektiboak dira. Erabat.

  • Oierri: ARGIA paperean astekaria da, ez hilabetekaria…

  • xiber, beste datu objektibo bat, erreferentzialtasunari buruz. Zarauzko Udalaren enkarguz Aztikerrek egindako ikerketa, ‘Hedabideak eta euskara Zarautzen’.
    http://www.soziolinguistika.org/eu/node/4430

    Datuek hankaz gora botatzen dute Epeldek esandako kontuetako bat: “Ez du jendea euskaraz irakurtzera animatzen eta ez du periodico vascoaren irakurlerik gure sutondora erakartzen”. Aztikerrek egindako ikerketak besterik dio.

  • Zorionak, Epelde, 25 iruzkin!
    😛

  • Hitzaren batera sortutako langilea 2010-02-13 19:46

    Beste bat: “2- Kalitatean mejora egin behar dela, ados! Horretarako, ikuspuntu militantetik lan egingo duten langileak behar ditu.”
    Erabat ados nago eta hor dago gakoa, Epelde eta eztabaida honetan parte hartu duten lagun guztiak behar ditugu euskara bultzatzeko, zabaltzeko… eta horretarako kalitatezko tresnak (Hitza bezalako produktuak, adibidez) sortzea ezinbestekoak dira. Baina zergaitik ez zaudete hemen lanean? ikuspuntu militantetik lan egiteak “ondo” bizitzeko adina dirurik ematen ez duelako agian?
    A! Hitzak aurten 6 urte beteko ditu otsailaren 20an, eta Egunkariak 7 urte itxi zenetik. Zorionak langile, irakurle eta kritiko guztioi. Eskerrik asko.

  • Imanol, uste dut zeure kasu pertsonala kontatzen ari zarela. Nire gurasoek inoiz ez zuten euskaraz irakurri Hitza sortu arte, eta orain egunero irakurtzen dute. Hobetzeko gauzak dituela? horixe baietz. Langileek ere aitortuko dute hori, baina mementoan ez dago webgunea edo paperekoa asko hobetzeko adina baliabide, uste dudanez. Eta, uste dut, zuk ere badakizula hori. Beraz, kritika zeri buruz da zehazki?…

  • Imanol Epelde

    […] alde, baina badago oraindik ere zer egin galanta. Gaur irakurri dut Imanol Epelde zarauztarrak Urola-Kostari eginiko kritika. Ez nuen hau espero. Imanolek badaki nola dabiltzan egunero zenbaki berri bat ateratzeko, baina […]

  • Imanol Epelde

    […] ere, Silveirarekin zerikusirik ez badu ere, hauts handiak harrotu zituen Zuzeun, Imanol Epelderen sarrera batek, HITZAri buruzkoa, […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude