Hitza bide itsu baten aurrean

Hitza bide itsu baten aurrean –Sagardotegi denboraldirako telefono adimentsua

Jose Luis Otamendi poetak “Hitza bide itsu baten aurrean” izeneko testu ederra irakurri zuen atzo Azpeitian, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkini babesa agertzeko asmotan EH Bilduk antolatutako ekitaldian.

Hitza bide itsu baten aurrean

Hitza atera nahi dut aldi hobe baten alde. Jendeari agindutakoa betetzetik hasi, hartutako hitza jaso, zaindu, eta bueltan emateko.

Hitza atera nahi dut egia baten alde, aldi baterako utzia zaiguna gauzak aldatzeko erabili. Karguak hartu, dezakegun neurriko aldaketak eragin eta, ondoren datorrenari lekukoa eman. Diot, boterea aldatzeko ez badugu baliatu behar, hobe dela ezer ez zikindu eta gauzak bere horretan utzi.

Hitza atera nahi dut ez aldare eta ez fede, baina hitza badelako elkar ulertzeko muga eta ate, bada jendetasun zantzu, galga. Hitza bada nolabait promesa humano bat, eta ardura kolektiboak txandan txandan elkar banatzekoak dira, orain nik eta gero zuk, orain zuk eta gero nik. Bestela ez dakit zer diren baina ez dira ardura. Utzikeria izan daiteke, edo inori emandako hitza janez norbera gizentzeko grina agian.

Nago geure arteko egia bat dela aski hamaika gezur eraisteko. Nago dirua bezala jendearengandik hartutako hitza atzera jendeari eman behar zaiola.

Hitza atera nahi dut bidea ixteko bidegabekeria bati. Usu hala esaten badugu ere, sarri horrela mintzatu arren, denok ez gara Ainhoa eta Iñaki, baina orain bi bien gainera dator mendeku eta eskarmentu jasa. Gehiengo zapuztu hori ez dadin jaiki hurrena, gauzak beste era batera egin daitezkeela ez dezala inork ikasi, berriz ere ilunak har dezan jendearen barrua, berriro beldurra sar dadin etxeetara. Kontu serioak, osasuna edo ogasuna esaterako, besteen esku utz ditzagun, bestek ebatz ditzaten horrelakoak beti, ogasuna eta osasuna esaterako. Eta orain hori dela kausa, jo-puntuan dira Euskal Herriko bi politiko zintzo, nahita ere denok ez baikara Ainhoa eta Iñaki.

Hitza atera nahi dut istorio mingots honen erditik, eta botere faktiko guztien aurrean aitortu denoi gorputz bat eta denbora zaigula emana munduan nor izateko. Aldea dago zer lurretan, zein sasoitan jausi den munduan bakoitza. Nolako babesa eta abaroa izan duen behar zuenean. Gaitasun handiko izaki akastunak gara. Gehien gehienok orduka izaten gara abegikor edo hotz. Orduka jendekin edo bakarzale, orduka kementsu orduka hauskor, eta inoiz zoriontsu. Gehien gehienok izaki intermitenteak garela uste dut, batzuetan muker bestetan jator. Eta beste ezer baino nor garelako iritziarekin bat nator, bakun eta soil, bakan garela eta zein berean berritu ezinak. Hala ere uste dut batzuetan ez garela herri, ez badugu asmatzen, saiatzen ez bagara, batzuetan talde moduan jokatzen ez badakigu, ez garela nor, hertzak falta ditugula osatzeko.

Hitza atera nahi dut aldi hobe baten alde, ez dadin dirua izan munduan libre dabilen bakarra, libre dabilen bakarra ez dadin izan dirua.

Geure tristura eta pozen bakardade intimoan nahi dugu bizi, bai, baina ardura kolektiboak ahaztu gabe, orain zuk eta gero nik. Orain nik eta gero zuk. Besteren lekuan jartzen jakin, geure lekua ez galtzeko inoiz, duin dagokigun lekuan egoteko beti. Denok ez gara Ainhoa eta Iñaki, bistan da, baina gaur Ainhoa eta Iñaki denonak dira.

Hitza atera nahi dut jendea ez dadin lotsatu hurrena, gauzak beste era batera egin daitezkeela erakusteko. Hitza atera nahi dut akorduan gera dakigun konplitutako hitza nola den zigortua hemen, zein ordain garestia duen agindutakoari eusteak. Ahantzi ez dezagun oraindik badela hemen eros ez daitekeen jendea, eta badela salgai ez dagoen herri bat.

Hitza atera nahi dut hitza badelako jabe finkorik gabeko eremu bat, orduka kementsu, orduka hauskor, orduka jendekin, orduka hotz, batzuetan muker, bestetan jator. Hitzak gordean daramalako inoren gogoa eta gorputza goitik beheraino erasan dezakeen promesa humano bat.

Hitza atera nahi dut, eta hautu libre baten aldarri betean berretsi, kontu serioak, osasuna edo ogasuna esaterako, geuk ebastekoak direla, geure geureak, Ainhoa eta Iñaki bezala.

Hitza bide itsu baten aurreanHitza bide itsu baten aurrean