Hitz-gosea

Hitz-gosea –

Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, apirilak 2. Aurten, Peter Svetina (Liubliana-1970) itzultzaile, editore eta idazleari egokitu zaio egunaren mezua idaztea, eta beste esloveniar bat izan da afixa marraztu duena, Damijan Stepancic (Liubliana-1969) komikigile eta ilustratzailea.

Ni bizi naizen tokian, zuhaixkak apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran berdetzen dira. Handik gutxira, tximeleta krisalidaz betetzen dira, eta kotoizko bolatxoak edo azukre-kotoiak ematen dute. Pupek hostoz hosto irensten dituzte zuhaixkak, biluzik utzi arte. Garatzen direnean, tximeletak hegan ateratzen dira, baina zuhaixkak ez dira suntsituta geratzen. Uda iristean, berriro berdetzen dira, eta horrela behin eta berriz.

Hori idazlearen irudi da, poetaren irudi. Idazten dituzten istorioek eta poemek barrua janda, ahituta, odolustuta uzten dituzte idazleak, eta, amaitu ondoren, beren hegaldiari ekiten diote istorio eta poema horiek, liburuetara erretiratu eta irakurleak aurkituz. Etengabe errepikatzen da hau.

Eta zer gertatzen da istorio eta poema horiekin?

Ezagutzen dut begietan ebakuntza egin behar izan zioten mutil bat. Ebakuntza egin ostean, bi astez eskuineko aldera bakarrik utzi zioten etzaten, eta ondoren, beste hilabete batez ezin izan zuen ezer irakurri. Hilabete eta erdi geroago, berriro liburu bat hartu zuenean, hitzak katilutik koilara batez biltzen ariko balitz bezala sentitu zen, haiek jaten ari balitz bezala. Benetan, jaten.

Eta ezagutzen dut orain irakasle den neska bat. Esan zidan: gurasoek libururik irakurtzen ez zieten haurrak pobretuta daude.

Hitzak poemetan eta ipuinetan elikagai dira. Ez gorputzaren elikagai, ez zure urdaila bete dezakeen elikagai. Espirituarentzat eta arimarentzat dira elikagai.

Norbait gose edo egarri denean, urdaila uzkurtu eta ahoa lehortzen zaio. Jateko zerbait bilatzen du, ogi-puska bat, plater bat arroz edo arto, arrain edo platano bat. Zenbat eta gose handiagoa izan, orduan eta mugatuagoa haren ikuspegia; ez du ikusten ase dezakeen janaria besterik.

Hitz-gosea, ordea, beste era batera agertzen da: goibeltasun, ezjakintasun, harrokeria gisa. Horrelako gosea dutenak ez dira ohartzen arima hotzikarek hartua dutela, euren ondotik igarotzen ari direla konturatu gabe. Beren munduaren zati bat urrunduz doakie oharkabean.

Gose-mota hori asetzen dute poemek eta istorioek.

Hala ere, ba ote da itxaropenik gose hau hitzen bidez inoiz asebete ez dutenentzat?

Bai, bada. Mutil hark ia egunero irakurtzen du. Maistra den neskak ipuinak irakurtzen dizkie ikasleei, ostiralero, astero. Inoiz ahazten bazaio, haurrek berehala gogorarazten diote.

Eta zer gertatzen da idazlearekin, poetarekin? Uda iristean, berriro berdetuko dira. Eta berriro ere, barrena jango diete beren istorioek eta poemek, gero norabide guztietan irtengo direlarik hegan, behin eta berriz.

Hitz-gosea

Hitz-gosea

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude