Hitanoa online ikasi dute 10 lagunek

Hitanoa online

Lehenengo aldiz, hitano ikastaroa online egin du 10 laguneko talde batek; hau da, internet bitartez ikasi dute lagunarteko hizkera informalerako berezkoa den erregistro hori. Ikastaro honen aurretik ez da hitano ikastarorik antolatu sarean, eta erantzun ona izan duela azpimarratu dute Maramara* taldeko antolatzaileek. Interneten bidez eskaini denez, ikasle batek Txiletik egin ahal izan du ikastaroa.

 

Ikasleek 14 ikas unitate landu dituzte beste hainbeste astetan, eta hitanoaren oinarri teorikoak barneratzeko aukera izan dute, praktikaren bitartez. Balorazioetan, gustura gelditu direla esan dute, mintzapraktikari eskainitako tartearekin, batez ere. Izan ere, bakoitzak 14 ordu izan ditu tutorearekin bakarka mintza praktika egiteko. Horrez gain, ikaskideekin hitz egiteko aukera ere izan dute, ariketa batzuk egiteko unean. Gainontzeko ariketak ordenagailuarekin egin dituzte, bakarka: bakoitza bere etxetik edo lantegitik aritu da, betiere tutore baten gidaritzapean.

 

Orain euren esku dago ikasitakoari etekina ateratzea, eguneroko bizitzan. Baina, horretarako aukera gutxi duenarentzat, hitanoa.com web guneak mintzakide batekin praktikatzeko aukera eskaintzen die, txat edo Skype bidez. Asteazkenero baitago mintzakidea hitanoa.com atariko mintzagunean, 16:00etatik 17:00etara, hitanoa praktikatu nahi duen edonorekin hika aritzeko prest.

 

Maramara* taldea hitano ikastaro gehiago eskaintzeko lanean ari da, bai aurrez aurreko formatuan, bai online. Une honetan Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan Hitanoa II ikastaroa ematen ari da, Mintza hadi, lagun ikastaroa egina duten funtzionarioei ahozko erregistro informalean sakontzeko baliabideak emanez. Horrez gain, udarako hitanoa ikasteko barnetegia antolatzen ari dira Ritxi Lizartza eta Eneko Haritza irakasleak.

 

Euskara maila erosoa duen edonork parte har badezake ere, Maramara* taldeak, antolatzen dituen hitano ikastaroekin, batez ere euskararekin lan egiten duten profesionalak trebatu nahi ditu hurbiltasuna adierazten duen hikako erregistroan, euren lan esparruan aplikatuz hika egiteko eredu txukun bat zabal dadin. Orain arte 25 ikastaro baino gehiago antolatu ditu jada, eta 300 ikasle baino gehiago aritu dira.

 

WWW.HITANOA.COM