Historia: gustuko ez dugun istorioa

Ados nago Azkuna alkatearekin: historia ez dugu ahaztu behar. Beraz, bat nator Bilboko alkate frankisten portretak ez kentzearekin. Areago, “arte- galeria interpretatiboa” bilakatuko dela erantsi duenetik, hots alkateen nondik-norakoak aztertuak izango direla aditzera eman duenetik. Izan ere, historia ez da gustuko dugun istorioa, euskaldunok ez baikara beti biktimen alde lerratu. Espainako guda zibilari dagokionez, euskaldun askok frankismoaren aldeko hautua egin zuten 36an. Hor ditugu Bilbo inbaditu zuten nafarrak, Lequerica, Esteban Bilbao, Sánchez-Mazas, Miquelarena edo Juan Telleria, Cara al Sol musikaren egilea, hain zuzen.

Iragana gogoratzea modan dago Euskal Herrian,“sufrimenduaren mapa” osatu nahi baitu Eusko Jaurlartizak. ETA eta Estatuaren biktimak oroitzeko tresna izatea du helburu ekimenak. Ez legoke txarto frankismoaren biktimekin berdina bultzatzea, non hil zituzten eta nork burutu zituen triskantzak gogoratzeko. Bilboko udaletxearen pasilloak memoriaren maparen zati bat bihur litezke, Lequericaren nazien aldeko jarrera aipatuz edota Areilzak “Bilboko askapenaren egunean” jaulkitako diskurtsoa lerroz lerro irakurraraziz. Era berean, trantsizioa desmitifikatzeko ere balio lezake ekimenak, demokraziaren txapeldunak direnen iragan frankista azaleratuz (Areilzaz ari naiz, baina ez da adibide bakarra).

Oro har, frankismoa goraipatzen duten kaleak, portretak eta monumentuak erregimenak egindako basakeriak oroitzeko erabil ditzakegu. Historiako liburuak ez baitira aski. Bestela, urteak pasa ahala eskolako kontu aspergarria irudituko zaigu frankismoa; ipuin urruna bailitzan, “dictadura” eta “dictablanda” bereiziz, “Francorekin ez ginen hain txarto bizi” errepikatuz, edota are garratzago, Espainan eta Hegoaldean frankistarik ez zegoela sinestuz. Azken batean, historia gertatu zena gogoratu eta, apaindurarik gabe, interpretatzea da eta Bilboko udaletxearen portrerak eredu bikainak dira iragana ez ahazteko, hemen ere frankista asko baitzeuden.

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.