Historia bi aldiz errepikatzen da

Historia bi aldiz errepikatzen da –

Andoni Olariagak NAIZen.


Ideia eta sinesmen guztiak hiru mundu ikuskeratan sailka daitezke: bat, indarrean dagoen gizartea iraunarazi nahi dutenak (boterearen ohiko jarrera); bi, indarrean dagoen errealitate horren mugak gainditzeko asmoa dutenak; eta hiru, indarrean dagoen gizartea aldatu nahi dutenen kontra erreakzionatzen dutenak. Tradizio historiko gisa, ezkerra bigarren esparruan koka daiteke: jendartean dauden eskaera justuak bere gain hartuz, gizartea eraldatzen saiatzen da.

Historia bi aldiz errepikatzen da
Andoni Olariaga. Arg: Dani Blanco (ARGIA)

Indar eraldatzaileetan, helburu orokorrak antzekoak izanik, desadostasunak mundua ikusteko betaurrekoetan egon ohi dira. Zein da zehazki aldatu behar den mundu hori? Ze zapalkuntza sortzen ditu? Ze subjektu zapaldu? Euskalduna, emakumea, arrazializatua, langilea, gorputz disidentea…? Horien arteko hierarkia bat ote dago? Zeintzuk dira zapalkuntza horien oinarriak (ekonomikoak, kulturala, biak…)? Nork sortu eta birsortzen ditu? Botere hori zer da, ekonomikoa ala kulturala, kanpokoa ala barnekoa? Ala biak? Ze eskala politikotan operatzen du, lokalean, nazionalean, globalean? Galdera horien erantzunaren atzean munduaren ikuskera kultural eta politiko oso bat dago, hiru zutoinetan egituratua; gutasun bat (“nor gara?”), eta, beraz, bestetasun bat (“noren kontra ari gara?”); helburu batzuk (“nora goaz?”); eta helburura heltzeko bidea, modua (“nola joango gara”, also known as, estrategia). Beraz, egoera sozialaren irakurketa, zapalkuntzen nolakotasuna, helburuak, eraldaketa subjektua, estrategia… Horiek zeharo diferenteak direnean bateraezinak diren mundu ikuskerak sortzen dira. Ezkerrak tragediarik gabe asumitu behar du aurrekoa.

Badago Euskal Herria ardatz hartzen duen mundu ikuskera bat, hitz gutxitan, nazio askapen mugimendu gisa ezaugarritzen dena. Injustizien aurka altxatu eta ondoren bere buruaz teorizatzen hasi zenean, eztabaida eta liskar teologikoetan murgildua zegoen ezker batekin egin zuen topo: alderdi komunistak ezker berriaren aurka, alderdiak mugimendu sozialen aurka… Dogma batzuk anartean: nazio borrokak eta feminismoak klasea banantzen zutela (espainola eta frantsesa, noski), nazio eta klase borroka bateraezinak zirela, iraultzak globala izan behar zuela… Horren aurrean, askapen mugimendua hiru ezaugarrirekin ardaztu zen: bat, eraldaketa prozesu oro herrien askapen sozial eta nazionaletik egin behar zela ulertuz (batzuek herria baino gehiago maite baitzuten marxismoa); bi, momentuan momentuko uholde eraldatzaileek zekartzaten kritika eta berritasunetara irekita egonez (ez noski, gatazka eta erresistentzia gabe), askapen borroka unibertsalak ziren borrokekin lotzen saiatuz, eta horiek zekartzaten ondorio organizatibo, estrategiko eta ideologikoak berriskusteko prestasuna erakutsiz; eta hiru, helburura bidean, herriarekin batera, indar korrelazioek eta egoeraren irakurketaren araberako estrategia egingarriak proposatuz, ezkerreko infantilismoari entzungor eginez, iraultza sirena-kanta fantasiosoak (iraultza proletarioa gertatuko omen zen) alboratuz.

Hegelek zioen bezala, historiako fenomeno esanguratsuak bi aldiz gertatu ohi dira. «Tragedia gisa lehenik, fartsa gisa ondoren», erantsi zuen Marxek. Belaunaldi berrien eztabaidetan 60-70eko hamarkadetako eztabaiden erresonantzia nabari da. Gaurko belaunaldiak ez dira jaio, ordea, XX. mende bukaerako iraultzen aparretan (Kuba, Krabelinen Iraultza, 68ko Maiatza…), beste mundu bat posible zelako fede itsuarekin. Aitzitik, segurtasunak eta esperantzak birrindu dituen mundu batean jaio dira: ezkerraren porrotak, neoliberalismoaren nagusitasun kultural eta ekonomikoa, distopiak (“errazagoa da munduaren bukaera irudikatzea kapitalismoarena baino”), krisi finantzarioa, larrialdi klimatikoa, zaintza kate globalaren krisia… Euskal Herriaren kasuan, borroka ziklo luze baten amaieran eta berri baten hastapenean. Mundu arnasberritu batean: feminismoaren azken olatuan, teoria dekolonialekin, LGTB+ mugimenduarekin, mugimendu ekologistekin…

Horiek guztiek ezkerraren mundu ikuskera baztertzaileak alboratu eta berregokitzera behartu du, askapen mugimendua barne. Horrek, besteak beste, mugimendu eraldatzaile oro behartzen du klase borrokaren konplexutasuna ulertzera (emakumeak, euskaldunak, arrazializatuak, klase sozialak direla), burujabetzaren aurpegi anitzak kontuan hartzera (botere eskalak aldatu bai, baina nazio-estatuak unitate politiko nagusiak izaten jarraitzen du) eta prozesu eraldatzaileak herriarekin, eta ez haren kontra, egitera: eraldatzailea, eta ez erreakzionarioa, izateko asmoa badu. Azken hori gertatu da, ezker-eskuin: ziurtasun zaharrak eta janzkera berriz mozorrotutako betiko dogma zaharrak ekarri dituztela bueltan, hondatutako merkantzia. Generoaren, nazioaren, klasearen… batasun faltsu eta baztertzaile baten nostalgia, zer eta, azken hori, komunismoaren izenean.

Musika hori ez da berria. Euskal Herrian ez ezik, Europa osoan hedatua dago. 60ko hamarkadatik hala izan da, herri honek askatasuna lortu artean hala izaten jarraituko du. Bitartean, arduraz jokatzeko unea da, neurriz, luzerako ikuspegiz, umiltasunez eta autokritikoki, bakoitzak bereari begiratuz, debate teologikoetan denbora galdu gabe. Telesforo Monzonek esan bezala, gu «ez goaz teoria batentzako herri baten bila, herri batentzako bide baten bila baizik». Ez alderantziz. Bihotzean herria, buruan korronte eraldatzaile unibertsalak, feminismoa, sozialismoa eta komunismoa, dekolonitatea, antiarrazismoa eta ekologismoa, dialektikoki elkarren artean eragiten, Euskal Herritik eta mundura, eta alderantziz, gizarte justuago bat eraikitzen. Eta agian, lehen bezala orain, bide batzuk separatu diren bezala, beste batzuk aurrerago berriz elkartuko direla pentsatuko dugu. Euskal Herria baitugu irabazteko.

[#EztabaidaNazionala] Herri batentzako bide baten bila

Historia bi aldiz errepikatzen da  Historia bi aldiz errepikatzen da  Historia bi aldiz errepikatzen da

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Historia bi aldiz errepikatzen da”-ri buruz

  • Artikulu honen egileak argituko baligu Euskal Herriaren historian noiz gertatu zen aipatzen duen Tragedia eta nouz gertatu den Fartsa….hobeto ulertuko genuke zer esan nahi duen.