Historia bi aldiz errepikatzen da (II)

Historia bi aldiz errepikatzen da (II) –

Andoni Olariagak NAIZen.


Historia bi aldiz errepikatzen da (I)

Ezkerraren iraganeko akatsetatik ikastea ideia ona izaten da, horiek ez errepikatzeko. Garai nahasia izan arren, irakaspen onak dira Hirugarren Internazionalean (1919-1943) fronte bakarraren eta hirugarren garaiaren artean gertatutako eztabaida eta kalapitak. 1917-1921 artean, Errusian krisi ekonomikoaren eta baldintza iraultzaileen arteko korrelazioa egina zen. Ez zen territorio guztietarako baliagarria, ordea. 1921ean hirugarren internazionalean egindako hitz-hartze batean, Leninek mendebaldeko Europarako estrategia diferentzial baten beharra azpimarratu zuen, Errusiarekin kontrastean. 1917ko garaipenak baldintza jakin batzuk baitzituen: langileen eta nekazarien gehiengoa haien alde zegoen eta ejertzitoaren erdia (10 milioiren erdia) boterea hartu bezain laster haien alde jarri zen. Mendebaldean halako prozesu bat kopiatzea erridikulutzat jo zuen, baldintzak guztiz bestelakoak zirelako: jendartea irabazi beharra zegoen lehenik, edozein botere lortzeko asmok arrakasta izateko.

Historia bi aldiz errepikatzen da (II)
Andoni Olariaga. Arg: Dani Blanco (ARGIA)

Azken ildo horren kontra, 1929an Komintern-aren hirugarren aldiaz ezagutzen dena jarri zen martxan, premisa batekin: kapitalismo mundialaren krisi katastrofiko berehalakoa omen zetorren, eta horrekin koiuntura iraultzailea irekitzen zela ondorioztatu zen. 1929ko krak-ak irakurketa mekanizista hori puzten lagundu zuen. Horrez gain, beste premisa batzuk ezarri ziren: faxismoaren eta sozialdemokraziaren banaezintasuna eta diktadura polizialen eta demokrazia burgesen ekibalentzia. Alegia, alderdi komunisten “eskuinera” zegoen guztia etsai nagusi bilakatu eta faxismoarekin parekatu zen: “iraultza abagunea” oztopatzen ari zirenen kontra joan behar zen. Horrela, ultra-ezkertiartasun mozkorraldi betean sartu zen Internazional Komunista. Italian PCIk (Partito Comunista Italiano) erbestean beraiekin zeuden lagun sozialistak etsaitzat eta faxismoaren agentetzat jo zituen. Apustu taktiko horren ondorioak hondamendia izan ziren langile mugimenduarentzat, zatiketa eta faxismoaren gorakada ekarri baitzuten.

Esperientzia horren abaroan, Antonio Gramsci sardiniarrak Kartzelako Gutunetan (1926-1935) fronte bakarraren ideiari jarri zion enfasia: ekialderako balio zuen eskemak ez zuen mendebalderako balio. Ezin zen pentsatu jendarteak goizetik gauera ideia burgesak abandonatuko zituenik, faxismoaren kontrako iraultzarako prest zegoenik edota klase batasuna ezkerreko alderdien paktuekin erdietsi ezin zitekeenik. Izan ere, Europako mendebaldean estatuaren eta jendarte zibilaren harremana aldatu zen, jendarte zibila indartsuagoa eta antolatuagoa zegoen. Hori dela eta, aurrekoak fronte bakarra eta zabala eratzea eskatzen zuen, lan ideologiko eta politiko sakona egitea, jendartearekin batera eta sektarismoetatik urrun.

Neoliberalismoak ederki ulertu zuen aurreko hori. 1981ean Margaret Tatcherrek azpimarratu bezala, helburua jendartearen arima (zentzu komuna) bereganatzea zen, inposatu nahi zuen sistema ekonomiko-politikoa naturaltzat har zedin. Tatcherrek kontserbadurismo moral ingelesa eta merkatu askearen ideologia batu zituen; EAJk euskal marka eta balioak, alderdia eta erakundeak nahasten dituen bezala. Izan ere, neoliberalismoak jendartearen zentzu komunetan inprimatzen ditu bere zutabe ideologiko eta politikoak, horiek lubaki nagusi bilakatuz. Menderakuntza sistema bezala, ezin da ulertu, hortaz, engainu huts bezala, baizik eta lubakiz lubaki aurre egin beharreko sinesmen multzo konpartitu bezala.

Gaur erregimen horren azkartzea bizi dugu: pribatizazioa, prekarizazioa, eskubide sozial eta politikoen atzerakada, biodibertsitate ekologiko, kultural eta linguistikoaren galera, zaintza eta migrazio krisia, joera geopolitiko ezegonkorrak, autoritarismoaren gorakada… Zibilizazio krisi bortitza bizi dugun arren, aurrekoa ez da ezinbestean koiuntura iraultzailea bilakatzen. Izan ere, badago pentsatzen duenik koiuntura politikoa kapitalismoaren gainbehera dela, eta iraultza proletarioa gauzatzeko momentua. Hortik abiatuta, aurrekoarekin bat ez datorrena abagune hori zapuzten ari da, eta, beraz, “bloke burgesaren” (bloke faxistarekin berdindua) parte da: estrategia, bloke hori sostengatzen duen ezkerrarekin haustea da, “proletalgoaren boteretzearekin” bat ez datorren oro borrokatu eta “langileriaren” autonomia eraikitzea.

Banan-banan azaltzearren. Alde batetik, fase honek insurrekziorako baino aliantza zabal herritar eta eraldatzaileak egiteko aukera paregabea eskaintzen du. Gaurko helburua aliantzak egin eta jendea batzea izan behar du (ez jendartea banatzea, aurkari politikoa eta etsaia nahastuz), minimo batzuen inguruan, indar korrelazio zein koiunturaren irakurketa errealistetan oinarritutako bideak proposatuz; Leninen eta Gramsciren orduko irakaspenei jarraiki. Bestetik, neoliberalismoak ongizate estatua birrindu eta instituzio publiko oro pribatizatzeko norabidea hartu du, autoritarismoa gorantz doa eta potentzia erreakzionarioa handituz doa. Borroka urte luzeen ondorioz klase prekarioenek, borroka feministak, askapen mugimenduak edota beste mugimendu eraldatzaileek lortutako eskubide, baliabide eta erakundeak burgesak direlakoan baztertu eta “autonomoak” sortzea proposatzen dute batzuek. Gaurko testuinguruan, ordea, aurrekoa neoliberalismoari eta faxismoari alfonbra gorria jartzea da, publikoaren eta komunaren aldeko borroka desmobilizatzea: beste hitz batzuetan, lehen bataila-fronteari muzin egitea. Are gehiago, bataila hori emateko herri mugimendu eta indar eraldatzaileen artikulazio saiakerak zein bloke historiko berri bat osatzeko elkarlanak zapuzten dira aurrekoarekin, estrategia zatikatzaileak elikatuz.

Ustezko kontsigna erradikalena izatea baino garrantzitsuagoa da, hortaz, fase historikoa ondo ezaugarritzea. Eta hortik abiatuta, mundua eraldatzeak jendartearen pentsaera aldatzea eskatzen du, jende ahalik eta gehien herrien eta pertsonen burujabetzaren aldeko borrokara batzen saiatzea. Neoliberalismoaren eta faxismoaren kontrako txerto eraginkorrenak, herri gehiago, burujabetza gehiago, esku hartze publiko gehiago, komunitate kritiko gehiago, imaginazio eraldatzaile gehiago, kultura gehiago, dira.

Historia bi aldiz errepikatzen da (II) Historia bi aldiz errepikatzen da (II) Historia bi aldiz errepikatzen da (II)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude