Hiltzeko makinak gidatzen

Hiltzeko makinak gidatzen –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

Larunbateko gertakari bi. Autoak eta auto-gidariak.
Hiltzeko makinak gidatzenAtzo arratsaldean etxe ingurutik buelta bat ematera atera nintzenean, irakurria nuen goizean auto-gidari batek Alejandro Valverde eta beste txirrindulari bat nahita harrapatu zituela Murtzian.

EHUren Gipuzkoako campusaren errektoreordetzaren inguruan nengoela, zebra bide baten parean ikusi nuen nola gelditu zen azken unean auto bat. Azkar samar zetorren eta zebra bidea gurutzatzen hasitako pertsonak bastoiarekin keinu bat egin zion.

Beste espaloian nengoen ni, eszena lehen ilaratik jarraitzen.

Autoko gidariak leihatila jaitsi eta, harroxko, zera bota zion oinezkoari birritan:

¿He parado o no he parado? (Gelditu naiz edo ez naiz gelditu?).

Biak ni baino zaharragoak ziren: 60 urteren bueltan autokoa, 70ak pasata oinezkoa. Azken hau sasoiko bai, baina baldartzen hasita urteen poderioz. Erabat naturala iruditu zitzaidan bere erreakzioa, beldurraren ondorio.

Oinezkoak ezer esan aurretik, txoferrari esan nion ez zuela batere arrazoirik. Edo horrelako zerbait, jada ez baitut ondo gogoratzen zer esan nion.

Gidariak, niri begira:

Usted se calla (Egon zaitez isilik).

Bera ere isiltzeko eta bere bidetik jarraitzeko erantzun nion. Kitto. Horretan amaitu zen kaleko xextra.

Jende gehiago zegoen inguruan, denak zur eta lur gizon haren erreakzioarekin.

Ez dakit konturatzen garen auto bat gidatzen dugunean hiltzeko makina bat dugula gure ardurapean. Eta horren jakitun gidatu behar dugula.

Gaur irakurri dut Murtziako gidariak 69 urte dituela.

Zer ostia gertatzen zaigu autoa hartzen dugunean?

Bai, galdera erretorikoa da.

Hiltzeko makinak gidatzen

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Hiltzeko makinak gidatzen”-ri buruz

  • Kontua ez da zer gertatzen zaigun autoa hartzean. Kontua da geroz eta gizarte gutxiago eta geroz eta “eskubide” gehiago ditugula. Ni, ni eta ni. Eta ez dugu besteen agindurik, ohartarazpenik onartzen, ez gaude besteen ezer onartzeko prest. Hau da gure bilakaera. Edonon irakurriko duzu “eskubideen alde”, “nire eskubidea”… inoiz entzun duzu “nire betebeharrak”? Inoiz ez. Eta gizarte batek funtzionatuko badu betebeharrak ere beharko dira, ez? Baina hori erridikulizatu egiten da, denek gainera: eskuinekoek zein ezkerrekoek. Hori moral kontua da eta badakizu… erligioa eta morala esfera pribaturako dira. Azken aldian badaude ahaleginak moral kontuak berriro berreskuratzeko, baina ahaleginetan dabiltzan horiek izan dira aurrez zegoen guztia erridikulizatzen aritu direnak. Eta noski… orain nork egingo die kasu, autoritate oro suntsitu badute? Zer, eta euren diseinuko morala?

  • “Gaurko gazteriak luxua maite du, maniak dituzte eta autoritatea gorroto dute. Gurasoei erantzuten diete, hankak gurutzatzen dituzte eta maisuak tiranizatzen dituzte”. Sokrates.
    “Gaurko gazteriak ez du iraganarekiko errespeturik, ez etorkizunarekiko esperantzarik”. Hipokrates.
    Garagarra, lasai ibili, tempora mutantur, et nos mutamur in illis, baina beti izango duzue aukera kontserbadoreek, edozein garai eta gizartetan “o tempora, o mores” lamentatzeko.

  • Bai, bai… erlatibismoarekin jokatzen duzue beti, baina gero zuen egiteko moduetan kontuz! Hor ezin da erlatibismoarekin jokatu.