Hildakoa amu denean

Hildakoa amu denean

Atzo, Leioako Kanpuseko liburutegiko sarrerara heldu nintzenean, Ertzainen autoa topatu nuen bertan. Barruan, aztoramendu itzela. Teilatutik erori berria zen atzo zendutako langile subkontratatua. Gorputz txarra utzi zidan gertakariak. Liburutegia goitik behera hustu zuten, eta ez zen beste hizketagairik ikasle urdurituon artean.

Dena den, heriotzak bezainbeste nahastu zizkidan barruak  berehala piztu zen argazki festak. Whatsapp-en lehenengo, twitter-en gero, eta baita zenbait hedabideren albisteen “apaingarri” gisa ere. Kasu batzuetan, estalirik agertzen zen hildako langilearen gorpua, baina beste zenbaitetan, agerian, erori berri zela,  mugikorraren zoom-ak ahalbidetu bezain gertu.

Oro har, hedabideen kode deontologikoek hildako pertsonen argazkien argitalpena informazio ezinbestekoa emateko balio duenean baimentzen dute soilik, eta ez dut uste langile zenduaren argazkiak ezinbestekoa den azalpen gehigarririk ematen duenik. Horrek ez du axola, hala ere. Poltsikoan hedabide mugikor bat daramagun honetan, morboa gailentzen zaio hildakoei eta euren senitartekoei zor zaien errespetuari.

Baina non du jatorria hilotzen argazkiek zenbaitengan pizten duten morbo horrek? Oiloa eta arrautzaren paradoxan erortzeko arriskua aitortuta, hedabideek (eta batez ere telebistek)  heriotzak albiste bihurtzeko duten joerak eragina duelakoan nago.

Uler dezaket pertsona ezagun baten heriotza albistegietara eramatea, baita atentatu batean hildakoena ere; eta badakit indarkeria matxistak hildako emakumeak zein atzokoaren gisako lan istripuak albiste bihurtzea salaketa egiteko modua izan daitekeela. Baina ez ote diote hedabideek bestelako hilketei merezi ez duten tartea ematen? Hor dugu Breton kasua, Asuntarena, eta zergatik ez, baita Isabel Carrascorena ere. Maiz, albistegiek Castle, Bones eta antzekoekin lehiatu nahi dutela dirudi.

Eta behar bada horixe da hilketa edo hildako bat albiste egin aurretik gure buruari galdetu behar geniokeena: noiz da heriotza albiste, eta noiz amu? Morboaren bitartez ikusle edo irakurleak erakartzeko amua direnean, hildakoen gorpuak zizareak bailiran erabiltzen baititugu.

Hildakoa amu denean
iritzia, istripua, langilea, leioa, liburutegia
Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK