“Hil dira”

“Hil dira” – 

Bidarteko (Lapurdi) Salbatore Atxoarena Plazan, Herriko Etxea, eliza eta frontoia elkartzen diren euskal toki sakratuan, Frantziako hainbat herritan aurki daitekeen moduko harria dago, bi Mundu Gerratan hildako tokiko umeen oroigarri. Eskulturan umeon izen-abizenak daude, frantsesez beste lapurteraz ere irakurgarri: GVRETZAT HIL DIRA.

Bidarteko oroitarria

Bidarteko oroitarriaren argazkiak (norberak ateratakoak).

Mezu hau etorri zitzaidan burura Azaroak 25 (A25) eguna medio, Metro Bilbao-k bere geltokietan jarritako markesina ikusi nuenean. Metroan topatzen dira Bilbo Handitik dabiltzan ia guztiak (Euskal Autonomia Erkidegoko populazioaren ia erdia), eta bertan ikusi zezaketen eskela antzeko kartel more bat, urtean zehar bortizki akabatutako andreen izenekin (abizenik gabe, bitxiki), zerrenda hiru puntuz (…) amaitzen zela (ez al ziren hain inportanteak…?) Esaten ez den arren, suposa daiteke Bilbo edo Bizkaiko emakumeak zirela, sikiera partez, izenok lelo honen pean zeudela: EMAKUMEAK ZIRELAKO HIL DIRA.

Hil dira
Metro Bilbaoren A25eko afitxa.

Bitxia da nola kausa guztiek halako narratiba epikoa behar duten goretsiak izateko. Bidarteko eta Frantzia osoko umeak (mutilak) frontera eramanak izan ziren, aitzitik eskola errepublikanoak hezi baitzituen lurraldeko erregio galduak (Alsazia, Lorena) berreskuratzeko. Dotrina hutsa, umeak etsaiaren kontra botatzeko. Umeok ez ziren aberriaren alde hil; aberriak berak hiltzera bidali zituen. Aberriak hil zituen!

Frantziar ume militarrak (1890)
Frantziar ume militarrak, 1890an. Argazkia: Norberak aterata, Carcasonako Eskola Museoko bitrina batetik.

Antzeko moduan, Metroko zerrenda-emakume horiek (egiazkoak omen) ez ziren andre zirelako hil; akaso andre zirelako HIL ZITUZTEN, eta hori ere ez dago guztiz argi. Gure herri honetan postura politiko jakinengatik hil diogu elkarri, baina ez sexuagatik. Izatez, pertsona bortitzek ahulenak gaitzesten eta akabatzen dituzte, hori ere ez da berri.

Azken bi urteotan, adibidez, bortizkeria bikario deritzona amek praktikatu dute Espainian aitek baino, umeak ahulenak izaki [1]. Ahulenak kendu zituen Frantzian paretik, umezurtzak etorkizunean ez zaintzeko-edo. Abortuarekin agian beste horrenbeste esan dezakegu. Eta modu berean, gizon batzuek –euren inguruarekin bortitz– hildako emakume horiek gainetik kendu zituzten, ezerk justifikatuko ez dituela.

Gai hauen harira, azken asteok gogor izan dira A25ari begira, batez ere Espainiako Legedian gertatutako nahasteak jota. Indarkeria matxistarengatik espetxeratutakoen zigorraldiak jaitsiko omen dira (presoak etxera!), eta logikoki, ezinegona ezin disimulatu; azaroaren 23an Espainiako Diputatuen Kongresuak zirku lotsagarria erakutsi zuen, mutur eskuineko andre batek Berdintasun Ministroari gogor iraintzen ziola. «Matxista» deitu zioten iraintzaileari… baina bera emakumea da. Eta baita Frantziako Maréchal-Le Pen (iloba eta izeba) ere, edo Italiako Meloni. Andreak andreen kontra.

Baten batek dio bortizkeria kalean mantentzea interesgarri zaiela kolektibo feminista jakinei (andre eta gizonak dituztenak), horrela euren guda epikoa justifikatzen dutelako. Hau espekulazioa da, baina ez guztiz baztergarria (gure herrian badira beste kausetako bortitzak kalean egon daitezela nahi duenik, sistemaren aurkako borrokan euren kausak tinko iraun dezan). Bitartean zenbat pertsona eramango ditugun oroitarrietara, defendatutako kausaren ondorio soil dira. GURETZAT HIL DIRA.

Bada garaia konturatzeko hemen ez dagoela gizon-andre arteko borrokarik. Ez dago klase gatazka hona eramaterik (hura ere arrazoien poderioz hil da): langileak burgesen kontra… Emakumeak gizonen kontra… ‘Sexu disidenteak’ heterosexualen kontra… Potoloak ‘gorputz arautuen’ kontra… Denak denen kontra, gutxi batzuk kalea eurena egin dezaten, eta aktibismotik bizi daitezen, gerra garaietan bezala, non gutxi batzuek besteak aurka jartzen dituzten, betiere euren kausa propioen alde.

Argi dago joko horretan administrazioa ere sartu zaigula, politikak kolektibo kaltetuak ere ‘zaintzen’ dituelako (ez baditu topatzen, sortzen ditu eta etsaiak asmatzen dizkie). Alderdiak, boto bila, kolektiboak gaitz guztietatik ‘libratuko’ dituzte, eta etsaia akabatuko. Bitartean, inoiz ez diagnostiko onik; beti behar ditugu politika/o berriak, beti bortizkeria gehiago, eta zapalkuntzak toki orotatik, nahiz eta inoiz ez ditugun hainbeste medio (eta diru) jarri horiek ezabatzeko. Zigor neurri gogorrik ordea ez dugu nahi, hori «estatu poliziala» litzatekeelako, eta bidenabar etsaia eta bere biktima diskurtsotik desagertuko liratekeelako.

Zenbat gehiago hil behar ditugu honetaz guztiaz jabetzeko?

[1] Datua ere tentuz hartu beharrekoa da, aldagai eguneratuagoak behar baitira zifra borobilagoa atera ahal izateko, dio ikerlana burutu zuen Newtral enpresak (2021, ekainak 19).

“Hil dira”

Komunikazio irakasle eta iritzi emaile. "Ausartzea bertute haundia, zuhurtziaren lagun beharra"

Zer duzu buruan ““Hil dira””-ri buruz

  • Bi kontu: Espainiar estatuko datuak bost. Geronenak nahiago, hagitz ezberdinak dira eta. Eta hil EGIN dira.