Hezkuntzaren lege berria: herri baten desagerpenean beste pausu bat

Hezkuntzaren lege berria: herri baten desagerpenean beste pausu bat – 

Egunotan hezkuntza lege berriaren proiektua dela eta erakusleihoan izan dugun zuztarrik gabeko eztabaidan ez zait iruditu funtsezko ezer jarri denik dudatan eta orain artekoa luzatzera datorren lege bati men egiten zaio lotsa handiegirik gabe.

[Txiorik Onena] 2022ko 14. astea

Izan diren beste puntuak albo batera utzita, ni hizkuntzaz arituko naiz:

Euskara: Iruzurrak aurrera segitzen du.

Orain dela berrogei urte edo antolatu berriak ziren instituzio autonomiko horietatik apustu garbia egin zen: herri hau (hiru probintziez osatutako hori) euskalduntzea hezkuntzatik soilik lortuko zen. instituzio horiek gobernatzen zituztenen pentsamoldean Hezkuntza eskola zen ez besterik, eta eskola, haiek kontrolatzen zuten erreminta. Azterketa sakonik egin gabe ere berehala konturatuko ginateke edozein estatu edo edozein botere-gunetik egiten den lehenengo maniobretako bat izaten dela hori: Eskola beren interesen arabera antolatzea. Eta azterketa sakonxeagoa eginda -baina hain sakona ere ez- hortik ondorioztatu genezake haien interesak herri hau euskalduntzetik oso urruti zeudela. Nork esan du, beraz, berrogei urteotan eskolak (D ereduak) ez duela esperotako fruituak eman? Nork esperotakoak? Ez ba, hezkuntza sistema honek zoragarri funtzionatu du eta horretarako egun non gauden begiratu besterik ez da egin behar.

Ez zait denbora alperrik galtzea iruditzen aurreko parrafoak dioena aletzea:

Garai hartako gobernante haiek herri hau euskalduntzea hezkuntzatik soilik egingo zela erabaki zutenean, hezkuntzaren eta eskolaren inolako ezberdintasunik egin gabe, azio ez edonolakoak egiten ari ziren:

1- Antza denez, hezkuntza ez da kalea, familia, lagunak, komunitatea, horiek ez omen dute inolako eraginik haur baten heziketan. Hezkuntza eskola besterik ez da, alegia, gobernante haiek eskutan zeukaten erreminta; eta hura baliatuko zuten haien hezkuntza sistema ezartzeko beren interesen mesedetan.

2- Ordurako baina bazegoen eskola sistema bat euskara hutsez Euskal Herri guztian, eta ez bakarrik hiru probintzietan, funtzionatzen zuena, herritik sortua eta pedagogikoki garai hartan abangoardia zena. Hala ere, instituzioak ez beste inor eraikitzen ari ziren sistema berri hartan guztiz bazter gelditu ziren ikastolak. Ez bide zuten interes zipitzik ere zazpi probintzietan hedatutako eta pedagogikoki puntakoa zen euskarazko eskola sistema bakarrean.

3-Hiru probintziak euskalduntzeko prozesuan pisu guztia eskolan ezartzean helduen euskalduntze-alfabetatzea ere guztiz utzi zuten bazter eta hemen ere, a ze kasualitate!, kalea, lagunak komunitatea, laboralki aktibo zegoen jendea bazter utzita. Esparru honetan ere, helduenean, bazen beste ekinaldi bat helduak euskalduntzen eta alfabetatzen eskarmentu handia bazuena eta hau ere bazterrean utzi zuten. Arrazoia begi bistakoa da: euskalduntzea eskolatik ekarri behar bazen hori haurren kontua zen eta ez helduena.

Errez da ikusten: haurrak/komunitatea haustura eragin zuten erabatekoa: Haurrak kaletik, jendearengandik, komunitatetik isolatu zituzten eskola deituriko kapsula itxi batzuetan sartzeko. Kalean berriz –oso bajatua zebilen kale hartan, jendarte hartan komunitate hartan, helduen munduan euskarazko bizitzak gero eta traba handiagoak aurkitzen zituen bidean eta instituzio berri horiek sorturiko molde modernoak erdararako gonbita egiten zuten argi batzuetan, itzalgaizka bestetan. Haustura. Zer behar du ba hizkuntza batek pattaltzeko, moteltzeko eta xixtrintzeko ibili behar dituen mota eta hedadura guztietako bideak, xidorrak eta estratak ixtea eta moztea ez bada?

Emaitzak hor dira: D ereduko (besteez hitz egin ere ez dugu egingo) kume horiek nagusiki ez dira euskaldun atera eta atera direnak familia (edo kalea, edo komunitatea) euskalduna zelako atera dira, alegia, ondo antolatua zuten haustura (komunitatea/haurra) gorpuztu ez zen kasuetan ez besterik.

Haur-gazte hauentzat euskara azterketak gainditzeko bizigabeko hizkuntza –tresna- besterik ez da, burbuja horretatik kanpo ezertarako ere balio ez duena.

Helduen mundua, bere aldetik, ederki moldatu da erdararako gonbitera, ondo funtzionatu du elebitasunaren tranpak: hizkuntz hegemonikoa beti nagusitzen da artifiziozko berdintasun eta askatasunaren espazio surrealista horretan. Kulturalki inoiz baino espainolagoa da herritarra.

Nik ere murgiltze eredua nahi dut, baina komunitate guztia hartzen duena, eskola mundua zein helduen mundu guztia: hala kalean, nola fabrikan, hala komunikabideetan nola haurtzaindegian, hala parrandan egiteko unean nola politikoen sermoietan, hala klausurako komentuetan nola famatuen adierazpenetan. Ze ote da eskolarako soilik den murgiltze eredua eskolatik atera eta erdaraz funtzionatzen duen mundu batean? Ezer ere ez. Hor erdarazkoa da murgiltze eredua, zoragarri funtzionatu duena urteotan.

Zergatik ez diete Salamancako haurrei espainolezko B2 eskatzen eskolatik ateratzen direnean?

Nork esan du berrogei urteotan eskolak ez duela eman esperotako fruituak? Nork esperotakoak?

Orioko bardoak esana da: “euskara lana egiteko eta bizitzeko beharrezkoa denean bukatuko da euskararen arazoa”.

Baietz orduan haur guztiak euskaldun peto atera eskolatik!

Bitartean hamaika korrika eta euskaraldi antolatuko dira, alperrik.

Hezkuntzaren lege berria: herri baten desagerpenean beste pausu bat.

8 pentsamendu “Hezkuntzaren lege berria: herri baten desagerpenean beste pausu bat”-ri buruz

  • Benat Castorene 2022-04-19 12:28

    Harrigarri, milesker artikukulu interegarri honetarako.
    nola esplikatzen duzu ikastolen eta Gau eskolen eskarmentu herrikoiaren bazterrean utzi nahi izaite edo bederen kontuan hartu nahi eza hori?
    Eskuin/esker oposizio ideologikoaren ondorioa?
    Estatu espainolaren eta barneko erdaldunen hostilitatearen bedurra?
    Bestetik euskara ez ote da, abertzaleentzat ere, sobera egon ikur sinbolikoa sobera laster instrumentalisatua borroka politikoaren beharretarako baina sekula behar luken altueran eta sakontasunean kontuan hartua?

  • Benat Castorene 2022-04-19 12:31

    Harrigarri, “milesker artikulu interesgarri honetarako”.
    barkatu berriro tarapataka eta gaizki idatzirik.

  • Kaixo Benat:
    Mila esker erantzunagatik eta barkatu berandutzea.
    Espainiaren sistemaren barruan eraikitzen ari ziren instituzio horiek guztiz bazterrean utzi zituzten herri ekimenak eraikitako guztia, eta bazterkeria hori sektore abertzaleek egin zuten. Zergatiak? Protagonistei galdetu beharko, baina nik aginte grina, botere gosea eta ekonomia kontrolatzeko irrika zaila da ez ikustea. Espainiaren performance hark ezarritako instituzioekin nola itsutu ziren sektore abertzale batzuk ikustekoa da eta esango nuke itsutze hori, fede hori, (euskaldun fededun?) gizartean zabaldu dela oso modu kezkagarrian urteen poderioz gaur egun dugun ezer dudatan ez jartzerainoko egoera honetara iritsi arte.
    Garai hartan altxorra geneukan eta horri ez diogu inoiz zuen balioa eman: Ikastolek eta AEKk didaktokiko eman zuten maila puntakoa zen, antolakuntza ereduetan egin zuten ekarpena ere bai, eta hori guztia herritik sortua, euskara hutsez eta diktadura batean egin zela kontuan hartuta, etsigarria da ikustea orduko agintari haiek nola bota zuten guztia putzura. Lan erremintaz gain bagenuen beste gauza batzuk esportatzeko, baina, gaur egun dugun ekonomia basati hori besterik ez da baloratu instituzio horiek martxan jarri zirenetik.
    Zergatiak? Batetik herri mugimendua oztopoa zen negozioa Espainiarekin egiteko unean, bestetik den-dena instituzioetatik egin behar premia latz hura nagusitu zen ezin ulertuzko moduan: ez zekiten zer, ez zekiten nola, ez zekiten norekin baina beraiek egin behar zuten. Ez zioten aukerarik eman bazekienari, eskarmentu zeukanari. Ezta aholkua eskatu ere. Kalitatea ez, beste gauza batzuk onetsi ziren, eta azkenean hizkuntza galtzaile, gaur egun arte.

  • Benat Castorene 2022-04-21 09:26

    Kaixo Harrigarri
    Azkenean esplikaziorako””[… ] aginte grina, botere gosea eta ekonomia kontrolatzeko irrika[…]” eta herri ekimena zitekeen oztopoa Madridekin negoziatzen zituztenentzat dituzu lehenesten eta arrazoin dukezu. Gogoa bazinu, bigarren artikulu bat egin behar zinuke ideia garatzeko.
    Bestetik, galdera bat (erantzunak presarik ez du): er ziren bada gauza batzu horiek baloratu izan ez zirenak instituzioak abian jarri zirenetik? ekonomia mailakoak ziren ala?
    Adeitasunez

  • Barkatu Benat, ez dizut ondo ulertu galdera.

  • Benat Castorene 2022-04-21 13:45

    Honako esaldi hau :
    ” Lan erremintaz gain bagenuen beste gauza batzuk esportatzeko, baina, gaur egun dugun ekonomia basati hori besterik ez da baloratu instituzio horiek martxan jarri zirenetik.”
    ez dut ongi ulertzen . Piska bat esplizitatzen bazinu mesedez?

  • Tira, idatzian esaten dudana: ez dut uste azpiratutako kultura edo estaturik gabeko herri askorik egongo denik munduan diktadura batek ondo zapalduta egonda ikastolena bezalako sare edo AEK bezalako egitura antolatzeko gai izan direnak. Antolaketaz aparte esparru pedagogiko-didaktikoan haiek sortu zutena balioa handia dutela iruditzen zait, gaur egun ere galdu ez duen balioa. Horregatik diot esportatzekoa, alegia munduan -egoera bertsuan egonda ala ez- herri askotara eramateko modukoa, baina hemen esportatu negozioak gizentzeko egiten da eta ez hizkuntza edo kultura.

  • Benat Castorene 2022-04-22 10:14

    Egia da ez dutala nik ere ezagutzen ikastolak eta AEK bezalako esperientziarik inguruko herrietan, neuri horretakorik ez behintzat. Hala ere beharbada biek piska bat inspiratu dukete Okzitaniako kalandretak eta Bretainiako Diwan eskolak ere neurri batean.
    Berriz mundu zabalean ez dezaket batere segurta ez den sekula horrelakorik ezer existitu.
    Orduko ikastolen pedagogiak zor zien garai hartako pedagogia modernoei, baliabide eskasari baina sustut orduko abertzalismo orai baino biziago bati.
    Bestetik ikastola eraldatu da belaunaldien eta denboraren joanarekin eta Iparraldean behintzat orai anitzek pentsatzen eta erraiten dute soluzio hoberik ezean prekauzione handirekin bertan emaiten den oraiko hezkuntzak ez diela erantzuten herriaren kinkari eta beharrei, adibidez, arrazoi nabarmenengatik, historia eta filosofia ezparruan.
    Baina kontu hauek gainditzen dute beharbada artikulu honen markoa.
    Hala ta guziz milesker artikulua eta zure erantzunengatik.