Hezkuntza-sistema propio bat eraikitzeko eta langileon aldarrikapenak kontuan izateko eragiten jarraituko dugu

Hezkuntza-sistema propio bat  –

Emendakinak aurkeztuko dizkio LABek

Hezkuntza-sistema propio bat eraikitzeko eta langileon aldarrikapenak kontuan izateko eragiten jarraituko duguHurrengo egunetan sakontasun handiagoarekin aztertuko duen arren EAEko hezkuntza legearen aurreproiektua, LABek hezkuntzako langileon aldarrikapenak lortzeko eta egungo hezkuntza-sistema gainditzeko borrokan jarraituko duela dio. Bide batez, lege-proposamenari emendakinak hobetzeko proposamenak egingo dituela iragartzen du eta hurrengoa adierazi.

Lege proiektu batek ondoren garapena behar izaten badu ere, oraingo honetan, atentzioa ematen du, Lege aurreproiektu honetan, ondoren dekretu edo erreglamendu bidez arautzeko, hainbat gauza geratzen direla asmo hutsean, irekian edo zehaztasun maila handiegirik gabe. Hainbat dira, LABen ikuspegitik, argitu edota hobetu beharreko puntuak.

Nazio ikuspegiari dagokionez, autonomia estatutuak ezarritako esparrutik haratago inolako adierazpenik jasotzen ez duen lege-proposamena dela uste du LABek, hezkuntza eskumen osoaren transferentziari uko eginez. Euskal Hezkuntza sistema propioa egituratzea oztopatzen duen marko juridiko politikoa ontzat eman eta Euskal Herrirako hezkuntza-sistema burujabean urratsak emateko planteamendurik ez duena. Ildo horretan faltan botatzen du hezkuntza-sistemarako egiturazko bide-lerroa izan beharko litzatekeen Euskal Curriculumik ez agertzea aurreproiektuan, Jaurlaritzak bere eskumen guztiak baliatuta adituekin eta eragileekin elkarlanean osatu lezakeena.

Hizkuntzari dagokionez, euskaran zentratuko dela dioen arren, zehaztasun falta salatzen dugu. Euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas eredu bakarra ezartzeko hizkuntza-ereduak desagertzeko asmorik ez du agertzen.

Hezkuntza-sistemaren antolaketari dagokionez, berriz, Euskal Hezkuntza Zerbitzuari “Publiko” abizena jarri diote, egungo sistema duala betikotu eta mantendu asmoz; titularitate publikoko eskolak eta titularitate pribatuko ikastetxeak, denak, publikotzat tratatuz. LABek uste du izaera edo bokazio publikoko ikastolak eta ikastetxeak badaudela; zerbitzu publikoa eskaintzen duten arren, oraingoz sare publikoan ez daudenak. Eta horietaz gain, oraindik orain irabazi asmoa duten edota doktrinamendu erlijiosoa hezkuntza-proiektuan txertaturik duten ikastetxe itunduak ere.

Gabezia nabarmenena euskal hezkuntza zerbitzua osatuko luketen ikastetxeen betekizunak betearazteko kontrol mekanismoetan dagoela uste du LABek, bereziki, betebeharrak betetzen ez dituzten ikastetxeek izango dituzten ondorioak ez dituelako jasotzen aurreproiektuak; doakotasunari, euskalduntzeari, hezkidetzari edo inklusioari dagokionez, adibidez. Erabat kezkagarria da laikotasunaren afera, oso modu lausoan agertzen da eta ez du bermatzen diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan doktrinamendu erlijiosorik ez dutenik egingo. Bide beretik, jatorri edo maila sozio-ekonomikoagatiko segregazioari aurre egiteko neurri batzuk jaso arren, ez ditu zehazten orain arte halakoak (kuoten kobratzeko debekua, erroldetako iruzurrak…) saihesteko erabili diren trikimailuei aurre egiteko tresnak.

LABek uste du hezkuntza-legea sare publiko bakarrerako trantsizio tresna izan beharko litzatekeela, era deszentralizatuan antolatutako sarea eta partehartze eta autonomian oinarrituriko eskola anitzek osatua. Bide horretan publifikazio aukera eta araudia -alde sozialarekin negoziatu beharrekoa- hala nahi duten ikastetxe guztientzako izatea aldarrikatzen du LABek, ez soilik Hezkuntza Sailak erabakitzen dituen horientzako.

Eskola Publikoa ardatz izan dadin, Eskola Publikoaren Plan estrategikoa berehala aurkeztea eskatzen dugu. Bertan kuantifikatuko diren neurri eta inbertsioak dituela azpiegiturei, lan-baldintzei, laguntza eta berrikuntza arloei, publifikazioari edo azpikontrataturiko zerbitzuen errebertsioari dagokionez.

Bukatzeko, aurreko eskakizunez gain, zuzenean hezkuntza-sistemako langileen kolektibo bakoitzaren lan-baldintzei eragiten dieten aldarrikapenetan jarriko du arreta LABek: langile publikoak kontsolidatu eta egonkortzean, lan-hitzarmenak berritzeko beharrean, soldata arrakalarekin bukatzeko neurrietan, itunpeko langileen lan-baldintzen homologazioan eta horien kontratazioaren kontrol-mekanismoetan, publifikazio araudiaren negoziazioan, azpikontrataturiko langileen homologazioan eta zerbitzu horien errebertsioan, langile guztien euskalduntzean, plantillak gazteberritzeko neurrietan, kontziliaziorako neurrietan eta lan osasunean.

https://irakaskuntza.lab.eus

Hezkuntza-sistema propio bat eraikitzeko eta langileon aldarrikapenak kontuan izateko eragiten jarraituko dugu