Hezkuntza Sail berria ez nahikoa izan da

Hezkuntza Sail berria ez nahikoa izan da –

HEZKUNTZA SAILA 2020-21: Hezkuntza Sail berria ez nahikoa izan da

Hezkuntza Sail berria ez nahikoa izan daIkasturte hau zaila izan da guztiontzat; osasun larrialdiak hezkuntza publikoaren garrantzia nabarmendu duen arren, honek ez du eraginik izan ez baliabideetan ezta hezkuntza publikoan egin den inbertsioan ere. Hezkuntza zentroetan eta haurreskoletan egoerak okerrera egin ez badu, bertako langileek egindako esfortzu eta lan  ikaragarriaren ondorioa izan da. Hezkuntza Sailaren aldetik, ordea, ahaleginak ez nahikoak izan dira; baliabideak berandu iristeaz gain, eskasak izan dira, ratioak ez dira sekula jaitsi, ezjakintasuna eta inprobisazioa etengabekoak izan dira, eta gaur-gaurkoz oraindik txertaketaren inguruko argibideen zain gaude.

Ikasturtea Hezkuntza Saila berriarekin hasi zen. Lan hitzarmen berri baterako proposamenarekin negoziaziorako bidea ireki zen, baina ikasturtea amaitzear dagoen honetan esan behar dugu asmo horiek guztiak motz gelditu direla, ez baitira edukietan gauzatu. Hezkuntza Sailak ez die eutsi hezkuntza kalitatea eta langileen lan baldintzak hobetuko dituzten erdiguneko gaiei, esate baterako, ratioak, jubilazioa eta kontsolidazioa. Horretaz gain, ez dira hasiera batean adostu ziren eduki eta egutegiak errespetatu. Beraz, hezkuntza publikoa osatzen duten sektore bakoitzean negoziazioak erritmo desberdina izan badu ere, guztietan zehaztasun falta, aldebakartasuna eta hezkuntza publikoaren aldeko apustu irmo bat egiteko borondate eza egon da.

Haurreskolak Partzuergoan zortzi greba egun egin behar izan ziren, besteak beste, negoziazio kolektiboari ekiteko, eta ahalegin horren guztiaren ostean negoziazio mahaia osatu bai, baina bestelako aurrerapausorik ez da eman. Behin da berriz gerentearen ezintasuna eta ezjakintasuna agerian geratu dira eta aldebakarreko kudeaketa eraman du aurrera. Lan legepeko hezitzaileen interinitate tasa %64koa bada ere, 2018an adostutako LEParen deialdia oraindik ez da argitaratu, kontsolidazio prozesua sektorean aplikagarria izango ote den ez dakigu eta oraindik 2004ko Lan Hitzarmenak indarrean jarraitzen du.

Irakasleen negoziazioari dagokionez, berrikuntza eta berrantolaketa hitzez josi du sailak negoziazioa, baina urte baten ostean oraindik ez dakigu horiek nola gauzatuko diren. IRALEren edo UHEIren kasuetan, esate baterako, berrantolaketa horiek baliabideen murrizketa baino ez du ekarri. Hitzak baino konpromisoak nahi ditugu, plantilla mantendu eta behin-behineko langileen kontsolidazioa ahalbidetuko duten neurri zehatzak hartuko diren konpromisoak alegia. Hezkuntza Sailak  horrelako konpromisorik hartu ez duenez, ikasturtea inolako adostasunik gabe itxiko dugu.

Begi-bistakoa da EAJ-PSEren gobernu berri honek betiko politika pribatizatzailearekin jarraitzen duela. Horren lekuko argiak dira Gasteizen egingo den EUNEIZ unibertsitate pribatua, 0-3 etaparen doakotasunerako urratsak ez eman izana edo matrikulazio prozesuan ikastetxe publikoaren kalterako ematen ari diren iruzur guztiak.

Horregatik guztiagatik, ikasturte amaiera honetan STEILASek argi du Hezkuntza Sailaren neurriak eskasas izan direla eta guztiz ez-nahikoak. Gobernuak ez du behar adina apustu egin Eskola Publikoaren alde, murrizketa dinamikan eta aldebakartasunaren logikan jarraitu du eta hori guztia, hezkuntza sistema publikoaren kalterako.  

GORA EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA!!

Hezkuntza Sail berria ez nahikoa izan da

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude