Hezkuntza Publikoaren aldeko konpromisoa

Hezkuntza Publikoaren aldeko konpromisoa –

Ustec-Stes (IAC) eta Steilas sindikatuek Hezkuntza publikoaren aldeko konpromisoa berretsi dute.

Urriaren 19 eta 20an Kataluniako USTEC·STEs (IAC) eta Hego Euskal Herriko STEILAS sindikatuok pilpilean dauden hezkuntza gaien inguruan aritzeko topaketak egin ditugu. Jarduna egoera soziopolitikoaren analisia egiten hasi dugu. Ondoren, lan talde ezberdinetan, LOMLOE, irakasleen kidego bakarra, masterrik gabeko kontratazioak, hezkuntza sistemaren finantziaketa, unibertsitatea, Lanbide Heziketa eta 0-3 etapa aztergai izan ditugu bi egunez.

Halaber, elkarlanerako gure lan hildoak finkatu ditugu eta gure herrien aldeko burujabetzaren eta eskola publikoaren aldeko konpromiso tinkoa adierazi nahi izan dugu. Politika birzentralizatzaileak betikotzen eta zerbitzu publikoen ikuspegi neoliberala gailentzen ari den honetan, ezinbestekoa da gure herrien arteko aliantza estrategikoak indartzea.

Norabide horretan, honako ebazpena adostu dugu bi sindikatuok.

Sistema kapitalista heteropatriarkalak eragindako atzerakada sozialak ondorio larriak izan ditu azken hamarkadan: gizarte arrakalak handitu dira, pobrezia areagotu da eta birzentralizaio politikak indartu dira. Politika atzerakoi hauek hezkuntza arloan ere eman dira eta, sarritan, gizarte arrakala handitzearen arrazoiak hezkuntza sistemetan bilatu behar ditugu. Gauza berbera esan dezakegu birzentralizaio politiken inguruan; hezkuntza izan da azken hamarkadan estatuko alderdi batzuen zein besteen birzentralizaziorako politiken ardatzetariko bat.

USTEC eta STEILAS sindikatuok eskola publikoa hezkuntza sistema burujabeen oinarria dela uste dugu, demokraziaren indartzeak, ezinbestean, zerbitzu publikoen aldeko apustua berarekin dakarrelako. Kapitalismo globala eta finantzarioa elite batzuentzat pribatizatzen ari dira orain arte herritarren ahalduntzerako eta ongizate publikoa sortzeko balio izan duten mekanismo eta erakunde guztiak. Hezkuntza da horren adibide garbia. Atejoka dugun LOMLOEk ez du LOMCEk aurreikusitako norabidean aldaketa nabarmenik ekarriko: Hezkuntza sistema propioen garapena galarazten du, ez ditu pribatizaio dinamikak eteten eta ikasleek euskara eta katalana ez ikasteko aukera ematen jarraitzen du.

Horregatik guztiagatik USTEC·STEs (IAC) eta STEILAS sindikatuok argi dugu, garai zail hauetan, zeinetan zerbitzu publikoetan eta eskubideen murrizketak egunerokoak diren, inoiz baino garrantzitsuagoa dela indarrak batzea eta gure gizartearen ardatza behar duen hezkuntza publiko burujabe baten alde borrokatzea.

Beraz, bai Euskal Herrian bai Kataluinan, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, hartara demokrazian sakondu eta hezkuntza sistema publiko propioak garatu ahal izango baititugu.

Hezkuntza Publikoaren aldeko konpromisoa

Hezkuntza Publikoaren aldeko konpromisoa