Hezkuntza publikoaren aldeko adierazpena

Hezkuntza publikoaren aldeko adierazpena –

Hezkuntza publikoaren alde, pribatizazioari ez!

Hezkuntza publikoaren aldeko adierazpena
Bilboko Atxuri ikastetxeko kideak.

Guraso, ikasle, irakasle, hezitzaile, langile eta gurekin bat egin duzuen norbanako eta eragile guztiei zorionak gaur Bilbora etortzeagatik eskola publikoa aldarrikatzera.

Euskal Eskola Publikoaz harro gaudela esateko eta hezkuntza publikoaren alde mobilizatzeko bildu gara gaur. Dugun hezkuntza sistema dualak (erdia publikoa eta erdia pribatu-itundua) eskola publikoaren kaltean jokatzen duela salatu nahi dugu, segregazioa, bi mailako ikasleak eta gizarte haustura sortzen dituelako. Hezkuntzak ezin du merkatuaren menpe egon, hezkuntzarako eskubidea ezin da egon familien ahalmen ekonomikoaren baitan.

Bi hezkuntza-sareak ez dira berdinak eta ezin dira parekatu bere tratamendu politikoan eta babes mailan. Eskola publikoa da inklusiboa den sare bakarra, gizarte kohesioari ekarpen handiena egiten diona eta gehien euskaldundu eta euskalduntzen duena.

Horrexegatik, hona hemen gure aldarrikapenak:

  1. Eskola publikoak administrazioaren lehentasun osoa izan behar du.
  2. Eskola bakarra aldarrikatzen dugu, publikoa, euskalduna, inklusiboa.
  3. Hezkuntza pribatu-itunduari mugak jartzeko garaia da. Ekimen pribatu guztiak diru publikoarekin sostengatzen dituen politikekin bukatu behar da. Jaiotze-tasa behera doan une honetan, Administrazioari diru publikoaren erabilera bidezkoagoa eta efizienteagoa eskatzen diogu.
  4. Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen araudi adostua sortu behar du.
  5. Euskarazko murgiltze eredua orokortu behar da eta diru publikoarekin ez finantzatu euskalduntzen ez duten eta integrazioaren kontra jokatzen duten hizkuntza-ereduak dituzten ikastetxe pribatuak.

Ondorioz, interpelazioa egiten diogu Eusko Jaurlaritzari egoera diskriminatzaile honetara iristeko burutu dituen hezkuntza politikengatik eta baita sare pribatuko ikastetxeei ere, beren pribilegioak mantendu eta segregazioa areagotzen laguntzen dutelako.

EAEn Hezkuntza Akordio berri bat egin nahi den momentu honetan, hezkuntza-sareez, finantzazioaz, murgiltze ereduaz eta eskola-segregazioaz hausnartuko behar da gardentasunez sare publikoko eragileekin. Ez dugu nahi egungo sistema duala legitimatuko duen akordiorik, eskola publikoa sistemaren erdigunea bihurtuko duena baino, sistema inklusibo, euskaldun, ekitatibo eta ez-segregatzaile baterantz aurrera egiteko ezinbestekoa dena. Etorkizuneko jendarte eredua dago jokoan.

Bukatzeko, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunetik denona eta denontzat den eskola publikoaren alde egin eta eskola-segregazioaren kontrako eta gizarte kohesioaren aldeko konpromiso argia azaldu dezala eskatu nahi diogu Jokin Bildarratz sailburuari.

Zorionak guztioi gaur gurekin bat egiteagatik eta adi hemendik aurrera egingo ditugun ekimen eta deialdiei.

.

DEITZAILEAK: Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Zabaleko bizirik Amurrioko, Donostialdeako, Lasarte-Oriako plataformak, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak eta Goieskola, EHIGE, HEIZE, IKASLE SINDIKATUA, IKASLE EKINTZA, GAZTE KOMUNISTAK, LAB, STEILAS, CCOO, ESK, CNT

ATXIKIMENDUAK: Osasun publikoa aurrera!, Bigite Elkartea – Asociación Vizcaína de Integradoras/es Sociales y Animadores/as Socioculturales, Ongi etorri errefuxiatuak (Gipuzkoa), Emigrados Sin Fronteras, Komite Internazionalistak, Zirika! herri gunea, Mekauen Konpartsa Internazionalista, Gasteizko Alde zaharreko Goian kultur eta kirol elkartea, FEMINISTALDE taldea, AMUGE, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, ELA, Ikasle Abertzaleak.

Hezkuntza publikoaren aldeko adierazpena

10 pentsamendu “Hezkuntza publikoaren aldeko adierazpena”-ri buruz

  • Zehaztasun batzuk eta ez nolanahikoak:
    Orain 20 urtetik hona ikasleen euskara mailak behera egin du. Zenbait eskoletan nabarmenki. Euskaraz mintzatzeko batere erreztasunik ez dute izaten. Horrela Erabilera ez daiteke bermatu inola ere. Zergatik goaz gainbehera etenik gabe? Narbatek huts egiten du hemen. Irakasleak? Darabilzkiten pedagogiek? Gurasoek? Zer edo nork besterik? A, hori bai, Hezkuntzako agintariek dudarik gabe; eta gainera hekatonbe hau ukatzen segitzen dute. Negazionismoan finkatu dira

  • Eta zer? EAE da Euskal Herria? Nafarrok ez al gara Euskaldunak? Edo Zuberotarrak?
    Terminologia okerrez bete duzue idatzia, Espainiako indar politiko guziek bezala. Berdin-berdin mintzo zarete. Kolonialismoaren hizkera da, kolonoen hizkera. Gauzak zuzenago egin beharko ditugu euskaldunok, bestela honek ez aterabiderik.

  • “Harro” hitz hori soberan dago, guztiz lekuz kanpo bizi dugun egoeran bizita. Batez ere, erdiesten ari garen emaitzat erdietsita. Harro baino zuzenagoa litzateke “etsita”

  • Oso erraza da planteamendua, zein erreferentzia hartzen duzue Espainia ( bere autonomiekin ) ala Euskararen Herriarena?
    Estatus juridikoak berak ” gurea ” dena pribatua izaten behartzen du, nahitanahiez. Zuen publikotasuna erabat arrotza da Euskararen herri oso batetik abiatuta. Arrigorriagako ikasle bati galdetu non dagoen Elorrio edo Arrigorriakoari Elorrio bera! Hori bai ederto dakite Espainiako lurraldetasun osoa. Gainerako gaiekin gauza bera, historia, gurea, ez espainiarrena; estatu subirano bat izan genuen-eta. Euskara hizkuntzaz eta kulturaz ez dakite ezer. Orduan ze publikotasun eta publikotasun ondo defenditzen duzue, zipaioena eta kolaborazionistena?
    Gurea den zerbait existitzen bada, ez men eginez eta erresistituz askatasuna emango dio gureari.
    Irakasle askoren indiferentzia baino ez da ikusi behar, horretaz jabetzeko. Kontzientziarik ez!! Hori bai, hil amaieraren zain egoten direnek ederto defenditzen dute unionismoaren “publikotasuna”.

  • CCOO eta Steilas zer dira, bada?
    Euskaltzaleak ala unionistak?

  • Mikel Haranburu 2021-11-08 14:01

    Esate baterako, inoiz eta inon, baina Euskal Herrian, demagun Arabako herri batean, “migratzaile”, hots, atzerritik etorri jende multzo bat, Arabieraz mintzo den komunitate bat osatuko balitz, eta beren hizkuntza mantendu eta hartan bizi nahi balute haiek, eta ikast… barka, eskola bat antolatuko balute, “pribatizazioari” bide emanen liokete, eskola ez litzateke publikoa, elitista baizik, beharbada, eta horregatik, mugak ipini beharko litzaizkioke, ez litzatekeelako inklusiboa izanen, ez euskalduna. Administrazioak ez lioke diru zuzkidurarik eman behar. Gainera, diru publikoa horrelako eskola batean gastatzea ez litzateke efizientea izanen, nahiz eta kurrikulo osoa bete lezakeen, eta bertan Euskara ikas balezate ere…

  • Mikelentzat; neuk dakidala, aipatzen duzun administrazioa erabat espainiarra da. Publikoa denik ez daukat zalantzarik. Nola da hori? “Monarquia parlamentaria, Felipe VI.a, Konstituzioa” LH 5. eta 6.mailetan. Sierra Nevada,Tajo, Guadalajara, Zamora eta abar. Euskal Herria 3 ibai eta lurraldeak. Unean uneko maisu-maistrak azaltzen badu, jakina! Berez euskararen herriaz, Nafarroaz, azken batean, txintik ere ez. Beraz,”Euskaletik” txapela?
    Arabako adibideak ez du balio, konkistatuak, kolonizatuak, bananduak, gutxituak eta asimilatuak garenean, gero! Berori esateak jazartzaileen eremuan jartzen baitzaitu!

  • Mikel Haranburu 2021-11-09 10:03

    “Berori esateak jazartzaileen eremuan jartzen baitzaitu!”
    Lasai, Biper; nirea joku dialektikoa izan da, ironia; artikuluaren sinatzaileek beren ideietatik segitu beharreko adibide bat… ea ezer erantzuterik duten, edo eta planteatzen duten Euskal Eskola Publikoa bakarrik edo gehienbat ikastolei kalte egiteko den, balizko “pribatizazioa” salatuz bidenabar.

  • Deitzaile eta atxikituak zer dira? Entitate publikoak? Ala pribatuak? Zenbatek jasotzen dituzte diru laguntza publkikoak? Agian haiek jorratzen dituzten gaiak jorratzeko administrazio publikoak azpisailak indartu beharko lituzke eta ekimen pribatuko elkarte eta eragile hauei xoxik ez eman.
    EH espainiar/frantziar estatuetan asimilitzako argudioak berriz ere.

  • Mikel Haranburu 2021-11-12 13:23

    MIE, ez ditut zure galdera guztiak ulertzen, denak batera emanak, baina uste dut gauza bat, garrantzitsua, argitu beharra dagoela.
    Ikastetxe kontzertatuek ez dute “dirulaguntzarik” jasotzen; zeinahi den titulartasuna, zerbitzu publikoa ematen dute, titulartasun publikoa dutenek bezalaxe, eta administrazioek zerbitzu horren kostua ordaintzen du.
    Batzutan, behintzat, diferentzia batekin: administrazioak ez du bere gain hartzen ez eraikinaren jabetzari dagokion kostua, ez eta mantentze lanek dakartena ere. Hortaz, kalkuluak kalkulu, nahiko “merkea” zaigu guztioi iniziatiba “zibileko” irakaskuntza, besteak beste, herri ekimenak sortutakoa.