Hezkuntza normaltasunerako bidean?

Hezkuntza normaltasunerako bidean? –

Orain dela 15 hilabete gure bizitza zeharo aldatu zen, eta oso denbora gutxian errealitate berri batera egokitu behar izan ginen. Hezkuntza arloan egun batetik bestera aurrez aurreko eskolak utzi eta online ematen hasi ginen. Sistema horretarako prestatuta ez bazegoen ere, iazko kurtsoa era duinean bukatzea lortu genuen.

Hezkuntza normaltasunerako bidean?

Irailean, denen hezkuntza eskubidea bermatzea beharrezkoa zenez, aurrez aurreko irakaskuntzara bueltatu ginen. Irakasle lanetan jarduten dugun askok eskolak hiru astetan itxita egongo zirela uste genuen, baina, zorionez, uste horiek ez ziren bete. Egia da ia etapa guztietan (haur hezkuntzatik unibertsitatera) denboran mugatutako konfinamenduak egon direla, eta noiz edo noiz, zenbait gela eta ikastegi itxi egin behar izan direla. Dena den, izan diren kutsatze kasuak ez dira espero ziren beste izan, eta ikasleekin tokia eta denbora partekatzeak sasi-normaltasuneko bidean kokatu gaitu.

Hau positiboa izan arren, tamalez, hezkuntza sisteman dauden aspaldiko arazoei aurre egiten jarraitu behar izan dugu; besteak beste, irakasleon egonkortasunik eza eta baliabide material eta pertsonalen inguruko gabeziak. Arazo hauek mingarriagoak izan dira COVID garai honetan, eta eragin handiagorik ez badute izan, arduraz eta koherentziaz jokatu duten ikasle zein irakasleei esker izan da.

Irakasleen lanak ikasturte luze honetan bi helburu nagusi izan ditu: ohi bezala, ikasleen garapen integrala sustatzea eta, gauden egoera berezia kontuan izanda, ikasleen osasuna zaintzea. Jakina, bi helburu horiek lortzea modu desberdin batean gauzatu da maila bakoitzaren arabera. Adibidez, haur eta lehen hezkuntzako irakasleek ikasgelen eta patioen berrantolaketa egin behar izan dute, segurtasun neurriak bermatzen dituzten ikasguneak sortzeko. Prozesu hau, noski, ez da erraza izan, eta sarritan irudimenari eta esfortzuari esker lortu da erronka zail honi aurre egitea.

Derrigorrezko bigarren hezkuntzatik gorako mailetan, nerabe eta gazteen ezaugarriak kontuan hartu behar izan dira arestian aipatutako bi helburuak lortze aldera. Irakasleek bidelagunaren papera indartu behar izan dute, etapa honetan hain tipikoak diren aldaketak era seguru batean bizitzeko COVID garaian. Hori guztia egin behar izan dute curriculumak markatzen dituen edukiak ere ahaztu gabe. Kasu honetan, teknologiak aparteko laguntza eskaini die irakasleei, batik bat, ikasleak etxean konfinatuta gelditu behar izan direnean.

Baina aipatutako ikastegietan emandako kutsatze gutxiaren arrakasta ez da bakarrik izan irakasleei esker. Ikasle gehienek aparteko jokabidea izan dute birusa kontrolpean izateko; txikiek zein helduek. Ez zen erraza, baina eskola testuinguruetan ikasle gehienek, orokorrean, bete dituzte jarritako arauak (hidro-alkohola bota, segurtasun distantzia zaindu…), zenbaitetan ulergarriak izan daitezkeen egoera gatazkatsuak izan arren.

Egongo dira batzuk telebistako irudietan oinarrituta baieztapen honekin ados ez daudenak, batez ere nerabe edo gazteez hitz egiten dugunean. Arrazoi dute, agian hezkuntza formaletik at gelditzen diren esparruetan izan dira jokabiderik desegokienak; baina zer alternatiba eskaini diogu kolektibo horri behin bere aisialdi aukera guztiak murriztu dizkiogula? Ez ditut justifikatuko portaera horiek, noski, baina ezin dugu ahaztu duela 15 hilabetetik salbuespeneko egoera batean bizi garela, eta nerabe eta gazte horien larruan ere jartzen jakin behar dugu.

Txertaketa aurrera doan heinean egoera arintzen joango dela ematen du, baina dagoeneko aditu askok esan dute hartutako zenbait segurtasun neurri denboran zehar mantendu beharko direla; beraz, COVID aurreko jokalekua oraindik urrun dagoela dirudi. Egoera hori bada, gizarte gisa hausnarketa inportante bat egin beharko genuke: zer eskainiko diegu haur, nerabe eta gazte horiei izan diren egoera desegoki horiek ez errepikatzeko eta haien aisialdirako eskubidea bermatzeko? Erantzun garbi eta erraz bat ez dago, noski, baina, agian, hezkuntza sistema, eta bereziki hezkuntza ez-formaleko aukerak indartzean (gazteguneak berriro ireki, kirol ekintzak martxan jarri, udako eskaintza ludikoa zabaldu…) egon daiteke galdera horri erantzuteko gakoa. Azkenen finean, esperientziak zerbait irakatsi badigu, hauxe izan da: guk aukerak eskaini ezean, haur, nerabe eta gazteek beren elkargune propioak bilatuko dituzte.

Beraz, denon osasuna babesteko hobe da aisialdirako alternatiba seguruak eskaintzea beste alde batera begiratzea baino.

BERRIA-n argitaratua

Hezkuntza normaltasunerako bidean? Hezkuntza normaltasunerako bidean? Hezkuntza normaltasunerako bidean?

Pedagogian doktorea eta EHUko irakaslea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude