Hezkuntza legea zertarako? Duguna ondo lotuta uzteko?

Hezkuntza legea zertarako? –

Hezkuntza Sailak ikasturte hasieraren kudeaketa kaskarrak ikastetxe publikoetan izan dituen ondorio latzekiko ezikusiarena egin eta dirudienez erronka handiagoak direnei ekin die. Lehendakariak atzo jakinarazi zuenez, Hezkuntza lege berria urte bat aurreratuko da. Presaren zergatia ez dakigun arren, publiko egin denari erreparatuz, ulertzen dugu legearekiko adostasuna argia dela eta bidelagun nor izango duen ere bai, jakiteke dagoena da zerekiko den adostasun hori. Lege bat behar omen dugu, baina zertarako, zerbait aldatzeko edo duguna dagoen bezala uzteko? Burutazio horiek ezinbestean datozkigu orokorrean toki politiko hain desberdinak defendatzen dituztenek bat-batean adostasunaren izenean hitz egiten dutenean, data eta guzti, hezkuntzan zer elkargune ote dituzte?

Hezkuntza legea zertarako?

Hezkuntza komunitatearekin kontsultatu gabeko balizko adostasun horretan EAJak eta EHBilduk hainbat ideia zertzelatu dituzte prentsaren bitartez. Ikastetxeen kudeaketa deszentralizatuko litzatekeela dirudi, Udalaren funtzioa areagotuz, hau da, tokian tokiko parte-hartzea sustatuz eta, bide batez, ikastetxeen autonomia indartuz.

Dagoeneko udalak hezkuntza sistemaren parte dira, esate baterako, modu formalean ikastetxeko organo gorenean daude eta ikastetxez kanpoko ekintzak antolatzeko eskumen osoa dute. Ahaztu gabe udalak Haurreskola Partzuergoan duten parte-hartzea, eta horrek sortu dituen askotariko egoerak. Edonola, bere parte-hartzea indartzea onuragarria izan daitekeen zalantzarik ez dugu, baina parte-hartze hori erreala eta ikastetxe guztientzat baliogarria izan dadin aldez aurretiko berdintasun baldintza batzuk beharko lirateke. Horrela izan ezean, parte-hartze aldakorrak desberdintasunak areagotu eta horiei zilegitasuna soilik emateko balioko luke. Inozoa litzateke kontuan ez hartzea udalen kolore politiko eta baliabide ekonomikoen aniztasuna.

Egungo errealitateari erreparatzea besterik ez dugu ikusteko udalen eskumena diren azpiegituretan dagoen aldea ikastetxez ikastetxe, zer esanik ez titulartasun pribatuko ikastetxeen azpiegiturekiko dagoena. Deszentralizazioak desarautzean sakonduko lukeelakoan gaude; horrek, hezkuntzan ematen den merkatu logikak, ikastetxeen arteko lehiak eta gurasoen erabakitzeko eskubide faltsuarekin batera, ikastetxeen arteko arrakala handitzea besterik ez luke ekarriko, ikastetxearen etorkizuneko arrakasta edo porrotaren ardura ikastetxe zehatzen eskuetan utziz. Hori horrela, Hezkuntza Sailak ardurak tokian toki banatu eta egun hezkuntzan dugun arazo larrienei erantzunik ez lioke emango, ezta bere titulartasunekoak diren ikastetxeak babestuko ere.

Adostuko duten legean zalantzarik gabe desarautze hori saihesteko bermeak jarriko direla jasoko da, zoritxarrez egun dugun araudietan horrelako asko jasotzen diren bezalaxe; bete, ordea, ez. Ikastetxeen arteko oreka lausotzeko baliogarria litzatekeen kuota kobratzearen debekua kasu. Gaur egun dugun egoerari aurre egiteko ez ditugu hitz potolo eta intentzio iradokitzaileez beteriko dokumentuak behar, egungo sistema segregatzailea arautuko duen lege argi bat behar dugu.

Hortaz, eskertuko geniokeena Urkullu lehendakariari, baita berarekin adostasunetara iritsi direnei ere, ez litzateke hainbeste noiz argitaratuko den legea baizik eta zer arautuko duen EAEn dugun hezkuntza sistema publiko-pribatu dualak sortzen dituen arazoak konpontzeko. Begi-bistakoa baita udalari eskumena emanez, ez dela desagertuko EAEn dugun %49 ikastetxe kontzertatuen kopurua.

Komunitatea eta parte-hartzea indartzeko politiken aldekoak gara STEILASen, horregatik hain zuzen ere defendatzen dugu Euskal Eskola Publikoa, hori delako alegia komunitatearen funtsa. Komunitatearen indartzeak publikotasunera garamatzalako eta zerbitzu publikoetan soilik eman daitekeelako. Hori al da lege honek jasoko duena? Gaindituko al dugu behingoz lege horren bitartez egun dugun hezkuntza sistema pribatizatzailea edo malabarismoak egingo dira orain arteko sistema injustu eta desorekatua zuritzeko, itunpeko ikastetxeen etorkizuna blindatu eta legitimatzeko, ditugun arazoen inguruan ezer arautu gabe?

Eskola publikoa berez da parte-hartzailea, hori baita publikotasunaren oinarria, ez dugu hori arautzeko beste legerik behar, ordea, bere biziraupena ziurtatuko duen berme bat behar dugu aspaldi herri honetan, eta ez dugu uste Hezkuntza Itun honek asmo hori duenik.

Beraz, Euskal Eskola Publikoaren aldeko hezkuntza politika erreal bat izan arte guk borrokan jarraituko dugu, hori baita gure hizkuntza eta gure gizartearen biziraupenerako aukera bakarra.

Nagore Iturrioz Lopez

Ainhoa Astigarraga Blanco

Hezkuntza legea zertarako?  Hezkuntza legea zertarako ? Hezkuntza legea zertarako?

STEILAS

12 pentsamendu “Hezkuntza legea zertarako? Duguna ondo lotuta uzteko?”-ri buruz

  • adar jotze hutsa. Orain arte Urkulluren proposamen guztiei begiratu ere egin gabe muzin egin dietenek beso-zabalik hartu dute legearen kontu hau. Zergatik? Kasualitatez ikastolan umeak hazi dituzten guztiak orain pozarren. Zergatik? Euren gotorlekua denon diruarekin babesteko aukera ezin hobea eskainiko dielako Bildarratz ikastolazale amorratuak. Eusko Ikaskuntza bermea omen. Adarra jotzen? Publika zokora, bazterretik bazterrerago. Lotsagarria. Eta publikazaleok non? Etsipenetik ez dugu ezer lortuko. Eta protesta hutsetik ere ez. Aliatuak behar ditugu eta modu eraikitzailean jardun, baina ezker abertzale, EAJ eta euren burua jainkotzat daukate askoren joko zikina agerian utzi behar da. Hori ez da lege bat adostea, hori da funtzionario izan nahi izatea, galbahea pasatu gabe. Hori da ikastolan betiko moduan jarraitzea, inoren diruaz, baina kontrol publikorik gabe. Akabo. Hori bistaratu behar dugu. Bukatu behar zaie jarduteko modu hori horiei guztiei eta Eusko Ikaskuntzaz baliatzen ari diren sasi-jakintsu horiei.

  • Agurtzane, zuk horrenbeste gorrotatzen dituzun ikastola hoien atzean, zenbat esfortzu eta zenbat sufrimendu dagoen jakingo bazenu, ez dut uste halako arinkeriaz hitz egingo zenukenik. Arazoa ez da ikastolena, ez zaitez hoiekin tematu. Estatua ez garen neurrian, eta estatu egitura erreala ez daukagun bitartean, zure publiko hori “estatu espaniararen publikoa” da, eta batzuk nahiago dugu, gure seme-alabak abertzaletasunean eta euskalduntasunean ikastoletan “adoktrinatuak” izan daitezen zuen “publikotasun” hoietan baino.

  • Euskal Herrian publikoa = español/frantses
    Kontua da “progre”entzat eremu publikoa esparru ezin hobea da poltronatxoa harrapatzeko ta ondo bizitzeko
    Funtzionarioak kaparrak bezalakoak dira

  • Subiranoak ez garen bitartean publikotasun mota hau erabat espainiarra eta frantsesa da. Nafarroa garaia baino ez da ikusi behar. Zelako ziria sartu zuen bere garaian “euskal eskola publikoaren ” legea sustatu zuenak. EAEko eskola publiko gehienak oso erdalzaleak dira. Testuliburuak Espainiako argitaletxeenak dira gehienak; maisu-maistra askori berdin dio euskara bera, euskara mordoilo batez irakasten dute, ikasleek zuzenean espainieraz egiten diete, hori moztu gabe. Non daude STEILAS , LAB eta ELA hori ez baimentzeko bere afiliatuen artean?
    Ikastolak, EAEkoak, publiko egingo balituzte, zer gertatuko litzateke Nafarroan eta Iparralden? Ze jakitea ondo legoke-eta, zein motatako euskaltzaletasun mota izango lukeen STEILASek berak!
    Azkenaldi honetan jende mota hau oso aniztuna da, baina, jakina erdara ardatz gainerako kulturen arragoa. Euskaratik bertatik aniztasuna noizko? Izen bat daukate, sistema espainolaren aldekoak “kolaborazionistak” dira.
    Bitartean, euskara atzera espainiar aniztasunaren izenean.

  • Itzelak zarete ikastolazale amorratuok. Publikakoak espainol\frantses hutsak gara, gure eskoletako irakasleek lotsa gabe gaztekaniaz dihardute. Hara, jakin ezazue gure eskoletan ari diren profesional usteko askok euren umeak ikastolan utzi eta gurera datozela lanera. Barka, soldata irabaztera. Horiek ere espainolak, estatuaren menpekoak,erdalzaleak,…jakina! Horiek nahi duzuen guztia eta lotsagabe galantak. Araua jarriko nuke: publikan lan egiten duenak umeak publikan. Derrigor. Zuenean danak euskalzaleak izanda, zer demontre egiten duzue publikan lanean?

  • Publikoan lanean diharduten irakasle askok, euren seme-alabak ikastolaetara daramate. Oso esanguratsua!!!!

  • Arrona, oso ondo dakit hitz egiten dudanaz. Eskola “publikoa” Tuteran zein Angelun dauzkazu. Biak ala Biak espainola eta Frantsesa. Ikastolan espainiera askotan ere ikusi eta entzuten dut. Semeak eskola publikoan ere izan ditut. Guraso aniztunez kokoteraino geratu naiz. ” Euskara ez da inposatu behar”, non eta D ereduko eskola batean. Askok eta askok euskarari saioak kentzearen aldekoak dira guraso aniztun horien artean, ingelesari emateko, egiten utziz gero. Euskara bost axola die. Hara eramaten dituzte hurbiltasunagatik eta erosotasunagatik. “Clan” eta “Disneyko” marrazki bizidunez beste ezagutzen dute, ez galdetu ETB 3ko telesailez edo marrazki bizidunez. Bestalde, Kulturaz, hizkuntzaz, historiaz eta lurraldetasunaz galdetu ahal diezu zer dakiten. Ziurrenik, Nevada mendilerroa ederto kokatzen jakingo dute. Baita nork idatzi duen ” La Celestina” ere jakingo dute, Espainiako ibai nagusiak eta bere lurraldeak ere bai. Eta jakina, espainiera non hitz egiten den ere bai. Hemengoaz, etxe ondokoaz zer dakite?

  • Bitartean, Biba EAEko eskola publikoa, ahaztu dezagun lurraldearen erdia baino gehiago publikotasun autonomiko espainiarraren izenean! Zelako kontzientziadun hauek, gero! Euskara esku onetan dago jende honekin. Hipokritak eta sistema espainiar zaleak!

  • Ez mozorrotu zuen erabakiak. Erabaki nahi duzuena, eraman umeak nahi duzuen tokira, baina, mesedez, ez etorri euskara aitzakia hartuta. Hori aitzakia hutsa da. Beste bi gai interesgarri jarri dituzue mahai gainean: gurasoen arazoa eta lanean euskararekiko atxikimendurik batere ez duten irakasleena. Irakasle horiekin oso erraz dago. Kalera. Berdin da non ari diren, zuzendaritza dago, arau batzuk daude, D ereduan ari dira, eta lanean gaztelaniaz? Kalera!!!!! Gurasoena zailagoa da. Jakina daudena guraso badaezpadako asko, bai pribatuetan (ikastolan), bai publikoan. Koherentzia gutxikoak. Umeak D ereduan matrikulatu badituzu, koherentziaz jokatu behar duzu bai etxean, bai eskolako bileretan, bai alde guztietan, baina hori ez dago ezelango eskolaren esku. Ez zenuke hasi beharko “a mi en castellano o en cristiano” eta eskolak hartutako erabakiak zalantzan jartzen han eta hemen, baina hori beste kontu bat da. Gurasoak iparra galduta gabiltzala? Konforme. Eskolari eskatu, Udalari eskatu, Osakidetzari eskatu eta eman? ezer ez, exijentziak, betebeharrik ez. Orduan, atera kontuak ume horiek nolakoak izango diren. … baina gaia beste bat da hemen. Lege batek ekarri gaitu hona. Hezkuntza legea. Zertarako? Diru publikoa nola kudeatu behar da? Nori eman behar zaio lehentasuna? Kontzertatu guztiekin zer? Diru publikoaz ari dira? Kontrol publikoa orduan. Funtzionario izan nahi dute? Pasa galbahetik.

  • Mikel Haranburu 2021-09-23 13:15

    Galbahetik pasa daitezen, irakasle direnak baina funtzionario izatera jo ez dutenak (edo galbahetik pasa ezinik geratu direnak), gero agian potrojorran aritzeko sekulako?
    Aizu, ahaztu “Euskal Eskola Publikoa”, zeren eta gehienez ere, bost administrazioren menpeko ikastetxe kontrolatu eta bideratuak izanen bailirateke eskolak.
    Onak ala txarrak, ikastolak dira mugimendu bakar bateak saiatzen direnak, Euskal Herri osoan bateratsu ari direnak, eta gainera, historia dutenak. Ikastoletan, non bokazioz ari izan diren belaunaldi batzu honez gero, hizkuntza helburuak nekez baino nekezago lortzerik ez dagoelarik, nola lortuko da ezer burokrata erdalzale batzuren esku dauden ikastetxeetan?

  • Mikel Haranburu 2021-09-23 13:24

    Aurreko batean, beste gai baten harira, publiko/alternatibo dikotomia aipatu nuen, osasungintza publiko eta osasungintza alternatiboa, hain xuxen ere. Eta parekatu irakaskuntzan gertatzen den irakaskuntza publikoa eta pribatu-kontzertatua (…?) dikotomia.
    Orain beste bat aipatu nahi dut. Irakaskuntzan soilik publikotasuna onartzen dutenek, ez ote dute, bestalde, esate baterako gaztetxeen mugimendua defendatuko, besteak beste autogestioa edo administrazioarekiko menpekotasun eza gogoan hartuta? Autogestioa hain neurri altuko balioa izanik, egun, nolatan ez diote aitortzen edo aitortu nahi hori bera ikastolei? Gurasoen kooperatiba gisa eraturiko ikastolak, ez al dira kooperatibismoaren beste aurpegi baliotsu bat? Gaztetxeek, kasu, publikoak izan beharra al dute?
    Ez dut baieztatzen ezer, baina norberak gogoeta egin dezala, zein diren bere aukerak…

  • Aipatzen duzun lege horrek nazio mailako ikastolak kontuan hartuko balitu, ederto! Baina, zoritxarrez, EAEko eremu administratibora mugatuko da, ze Euskal Autonomia Erkidegoa Estatu Espainoleko autonomia bat da-eta.
    Foru erkidegoan beste lege bat atera beharko lukete, han dagoen euskararekiko murrizketa ere barneratuko duena. Iparraldekoez ahaztuko gara ala zer?
    Gainera, ateratzekotan benetako “D” ereduaren gisako benetako murgilketa bakarra adostu beharko lukete. Gaurkoz, ezinezkoa dagoen borondate politikorik ezagatik, horretan bat eginda artikuluan esaten denarekin.
    Zuk itunpeko hitzarmen horren barruan ikastolak ere sartu dituzu. Egia ere bada, kontratu bat daukatela Estatu espainiar bateko autonomia erkidego bateko hezkuntza sailarekin. Baina, horren barruan “kristau eskolak” daude, hau da, “unionismoaren” seme-alabak hartzen dituena. Ziurrenik, denetarik izanen da, gainerako sareetan bezala, nagusitasuna beraiek daramatela. Gauzak horrela, hara euskara hutsez ikasteko berariaz ez dituzte bidaltzen.
    Sare publikoko OOG eta Klaustro zenbait, anitz ez erratearren, “Cervantesen Hizkuntzaz” egiten dituzte, “D” eredua izanda ere.
    Horrek du salatzen eskuararekiko hurbiltze ezdeusa bera.
    Aitzitik, “Berria” egunkaria Argia aldizkaria eta bertze batzuk ere pribatuak dira, planteamendu horrekin ere zer egingo dugu? Erantzuna argia izan dadin, epela ez!