Hezkuntza Legea LOMCEri aurre egin gabe? Zertarako?

Hezkuntza Legea LOMCEri aurre egin gabe? Zertarako?

Hezkuntza Legea LOMCEri aurre egin gabe? Zertarako?
.
Urriaren 26an, ELAk eta STEILASek LOMCE, Heziberri eta bere errebaliden aurka antolatutako mobilizazioen harira, eztabaida sortu zen Ikastolen Elkarteak, batetik, eta antzeko ildotik LABek emandako iritziak direla eta. Euskal Herrian deialdia luzatu genuen sindikatuoi estatuko hezkuntza paktuaren aldeko estrategiaren menpeko izatea leporatu digute, Euskal Herrian garatu beharreko hezkuntza sistemaren kaltetan.
 .
Eztabaidagarria izan daiteke Euskal Herrian egiten dugun greba, lanuzte edo mobilizazio batek estatu mailan egiten den deialdi batekin kointziditu behar duen ala ez. Ziurrenik horretarako norberaren ibilbide propioa, bidaideak, indar-harremanak, deitzaileak nor diren eta deialdiaren arrazoiak, gutxienez, izan beharko genituzke kontuan. Horretan ahalegindu gara hasieratik eta hori kontuan izanik deitu genituen ELAk eta STEILASek lanuzte eta mobilizazioak.
 .
Edozein izanda ere honen inguruko iritzia, bada ELArentzat ezinbestekoa den eta edozein testuingurutan kontuan hartu behar den hausnarketa bat: LOMCEren egungo aplikazio praktikoa etorkizuneko edozein Euskal Hezkuntza Legeren muga izango da. Hau da, gaur LOMCEri men egiten dionak, Heziberri edo bestelako aitzakiak medio, gure hezkuntza sistema bere oinarrizko elementuetan erabat txikitzen duen tresna abian jartzen du, eta biharko balizko legeari ez dio desobedientzia eta alternatibarako tarterik uzten.
 .
Askotan esan moduan,  azken hamarkadetan Hego Euskal Herriko hezkuntzak, baita Nafarroako eta EAEko autogobernuek ere, jaso duten erasorik larrienetarikoa da LOMCE. Erreformak hezkuntza sistema Madrildik goitik behera kontrolatzea du helburu. Pedagogian hamarkadetako atzerakada dakar. Erreforma ikuspegi erabat merkantilistak gidatzen du, hezkuntza interes kapitalista neoliberalen mesedetan jarriz. Ikasleen segregazioa bultzatzen du. Curriculum planteamendu eta eduki erabat atzerakoiak ezartzen ditu. Hezkuntzaren eta ikasleen euskalduntzea mugatzen du. Honen guztiaren aurka eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema eraiki asmoz ari gara aspaldidanik hainbat eragile.
 .
Eusko Jaurlaritzak, LOMCEri aurre egiten diolako itxurak egiteko eta bere jarrera zuritzeko tramankulua sortu zuen: Heziberri 2020. Tramankuluak aurrez azalduriko erreformaren oinarrizko egitura, erasoak eta ezartzen dituen kontrolerako mekanismoak bere egiten ditu (modu berezian “errebalidak”). Baina Heziberrik badu, ordea, eragileak erakartzeko AMUA ere: Hezkuntza Legearen garapenaren baitan itunpeko ikastetxeentzat (Kristau Eskola eta Ikastolentzat modu berezian) finantziazio egonkor bat arautzea du helburu.
 .
Zilegi da itunpeko ikastetxeek finantziazio egonkor bat lotu nahi izatea eta horretarako gobernuekin akordioak bilatzea. Erabat eztabaidagarria, ordea, horretarako LOMCE bezalako erreforma basati bati bide ematen dion tresnari babesa ematea, Kristau Eskola edo Ikastolen Elkartea kasu. Eta ELAren ustez onartezina, Ikastolen Elkarteak egin duen moduan, horretarako Euskal Herrian LOMCEren edukirik larrienak salatu eta bertan behera uztea helburu duen lanuzte eta mobilizazio deialdi bati boikot egiten saiatzea. Are gehiago horretarako, mobilizazioen deitzaile garen ELA eta STEILASi estatuko interes, agenda eta paktuen morroi garela eta hezkuntza sistema propioa eraikitzeko konpromiso nahikorik ez dugula aditzera ematea.
 .
2013an Euskal Herrian LOMCEri aurre egin eta gure hezkuntza propioa garatzeko eragile ezberdinen arteko plataforma zabala osatu genuen. Mobilizazio indartsu eta dinamika interesgarriak jarri genituen abian. Halaber, Ikastolen Elkarteak eta LABek sobera dakite, Eusko Jaurlaritzak Heziberri dinamika martxan jarri zuenetik, Ikastolen Elkarteak Heziberriri emandako babesaren ondorioz ezinezkoa izan dela euskal hezkuntza komunitatearen dinamika bateratuari behar bezalako jarraipena ematea, LOMCE eta Heziberriren aurka eta gure Hezkuntza Sistema Propioaren alde. Horren adierazle garbia da 2015eko otsailean, Eusko Jaurlaritzak Heziberriren curriculum dekretuak ofizial egin eta Heziberriren 3. fasea (Hezkuntza Legea) aurkeztu zuenean, Jaurlaritzaren aurrean soilik ELA eta STEILAS mobilizatu izana.
 .
Urriaren 26ko mobilizazioen deitzaileok ere nahiago genuen Euskal Herrian mobilizazio eta elkarlan dinamika eta agenda indartsua izatea, baina mobilizaziotik kanpo daudenek ezinezko egin dute momentuz.
 .
Inork uste du gure hezkuntza sistema propioa eraiki dezakegula LOMCEk ezartzen dituen kontrol mekanismoei aurre egin gabe?
 .
Nork sinesten du Madrildik datorren oinarrizko legedi guztia betetzen duen eta LOMCEren neurrira eginiko curriculum dekretuak osatu dituen jaurlaritza honen Hezkuntza Lege bat alternatiba izan daitekeenik?
 .
Nork uste du LOMCEren oinarrizko egitura eta kontrol mekanismoak barneratzen dituen lege bat gure hezkuntza sistema propioa garatzeko tresna izan daitekeela? Onargarria al da finantziazioa lotzeko honelako peaje edo bidesaririk ordaintzea?
.
Eta Ikastolen Elkarteak bere ibilbide historikoari begira eta bere kide diren ikasle, familia eta langileei begira erantzun beharko lukeen galdera: zertarako balio dio finantziazio egonkor batek Madrildik egituraturiko hezkuntza sistema neoliberal, segregatzaile, atzerakoi eta “nazionala” aplikatu behar badu?
.
(Xabier Irastorza, ELA sindikatuko Irakaskuntza arduraduna)
Hezkuntza Legea LOMCEri aurre Hezkuntza Legea LOMCEri aurre Hezkuntza Legea LOMCEri aurre
hezkuntza, Legea, LOMCE

Zer duzu buruan “Hezkuntza Legea LOMCEri aurre egin gabe? Zertarako?”-ri buruz

  • Ama ere saltzeko prest batzuk “euskolabela” eta besteak “espiritu santuaren” izenean sosa batzuren truke .
    Eta Opusekoak, eliteko laikoak ez dutelako ahoa ireki auzoa ez lotsatzearren. Kuriosoa ze biribilketa anitzak bat egin duen Heziberri planan inguruan EAJ-ren eskutik.
    Mozkinak helburu!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude