Hezkuntza ituna garatzea da aldaketan sakontzea Nafarroan
Hezkuntza ituna garatzea da aldaketan sakontzea Nafarroan –
Hurrengo martxoaren 25ean hezkuntza ituna jarraitzeko bilera eginen da, hau bereziki garrantzitsua da, zeren itun hau ezartzeko une erabakigarrian baikaude, neurri inportanteak ikasturtea bukatu baino lehen prestatu behar direlako, 2019-20 ikasturtean abian jartzeko. Horregatik, premiazkoa da hezkuntza ituna jarraitzeko batzordea askoz ere maizago biltzea.
Izan ere, puntu batean berandu gabiltza, Hezkuntza Departamentuak konpromiso hartu baitzuen kreditu sindikala erabiltzeko irizpideak sindikatuekin negoziatzeko 2018-19 ikasturteko lehen hiruhilekoa bukatu baino lehen eta orobat urtero aztertzeko, baita gutxieneko zerbitzuak antolatzeko irizpideak berrikusteko ere. Horrela, iragan martxoaren 8ko greba feminista egin zen UPNk garai batean inposaturiko gutxieneko zerbitzuekin.
Bigarren Hezkuntzan irakaskuntza zuzeneko bi orduen murrizketa islatu behar da ikastetxeetako plantiletan eta hau hasiko da hurrengo asteotan. Era berean, itunean, Departamentuak jardunaldi osotzat hartuko ditu irakaskuntza zuzeneko 15 ordu Bigarren Hezkuntzan eta 18 ordu Haur eta Lehen Hezkuntzan. Hau oso onuragarria litzateke kontratu askoren prekaritatearekin bukatzeko, eta behar adinako denbora izateko programak eta proiektuak ezartzeko. Horrela, 60 urte edo gehiago dituzten irakasleek jardunaldiaren heren bateko murrizketa izanen dute, ikastetxean murriztutako orduetan egon behar gabe.
Itunak ere aipatzen du ordezkatzeko irizpideak negoziatu behar direla sindikatuekin 2019-20 ikasturtean barrena, ordezkapenak berehala egiteko. Xede hau lortzeko, STEILASek lanpostuen esleipen telematikoa egunero izatea proposatzen du, astelehenetik ostiralera, eta langile gehiago duten espezialitatetan irakasle gehiago kontratatzea, ordezkapenak berehala egiteko, batez ere, ezinbesteko lanpostuetan eta irakaslea ez egoteak ikastetxean sortzen duen eragin larriko egoeretan.
Itunak ere planteatzen du, ikasturte honetatik aurrera, 5 hilabete eta erdi edo gehiago lan egin duten irakasle guztiei kontratua zabalduko zaiela uztailean eta abuztuan. Gobernuak prozedura hau garbiro ezarri behar du, behar den ebazpena argitaratuta, eta ikasturteko kontratuak dituzten langile guztiei ezarriz, zaintzaileak eta NAHBBZko (CREENA) fisioterapeutak barne.
Neurri orokorragoetarako eta epe luzeko gaiak garatzeko, itunean oraindik eratu ez diren zenbait lan mahai xedatu dira. Bigarren hiruhilekoa bukatuta, uste dugu hauen funtzionamendua finkatzeko eta gai hauek sendo jorratzeko unea dela.
Nahiz eta martxoaren 14an argitaratu zen ikastetxeetako hizkuntza planak prestatzeko arautzen duen foru agindua, oraindik egiazko hizkuntza trataera bateratuaren programaren zain gaude, bai hizkuntza berekiena, euskararena zein gaztelaniarena, eta atzerriko hizkuntzena, Nafarroako ikastetxe eta ikasle guztientzat. Puntu hau akordio programatikoan jasoa zegoen eta nahitaezkoa da abian jartzea ikasturte honetan.
Era berean, itunak jasotzen du euskarazko irakaskuntza artistikoetan mailakako eskaintza, 2019-20 ikasturtean hasita, hortaz espero dugu puntu hau betetzea, zeren euskararen presentzia hutsaren hurrengoa baita esparru honetan.
Hauteskunde kanpainan murgilduta egoteak eta bozketen ziurgabetasunak ezin dute hainbeste lortzea kostatu zaigun itunaren garapena gelditu eta gainera, mahai sektorialeko sindikatu gehienek sinatu zutena. Hori guztiarengatik, Hezkuntza Departamentuak egutegi fidagarria eta zehatza jarri behar du mahai gainean, eta bilerak garatu behar dira progresiboki ezarri behar diren neurri guztiak kontuan hartuta.