Hezkuntza akordio honek ez du publikoaren aldeko apustua egiten

Hezkuntza akordio honek ez du publikoaren aldeko apustua egiten – 

EAJk-PSEk-EHBILDUk-IUPODEMOSek hitzartutako aurreakordioaren aurrean, hezkuntza akordio honek ez du publikoaren aldeko apustua egiten.

Hezkuntza publikoaren arloko partaide, erabiltzaile eta eragileak garen heinean, Hezkuntza Akordio honek hezkuntza pribatuaren alde jokatzen duela uste dugu eta eskola publikoaren kontra. Entzundako hitzez aparte, ez dago idatzizko aipamenik Eskola Publikoa ardatz izango dela adierazten duenik. Kontrara, sistema duala betikotuko duen Lege Berriaren oinarriak finkatu nahi direlakoan gaude.

  • Lege horren abiapuntua “Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa” izango da, ikastetxe bakoitzaren titulartasuna lausotzen duen kontzeptua, alegia, egoera oso ezberdinetan diren bi hezkuntza-sareak parekatuz. Bi sareen sistema diskriminatorioa ez da gaindituko “Euskal Hezkuntza Zerbitzu publikoa”ren parte izanik eta baldintza batzuk betez. Titulartasun pribatuko ikastetxeek ez dituzte inoiz baldintza horiek bete. Zergatik pentsatu orain beteko direla? Zer neurri, orain arte egon ez direnak,  ezarriko dira bete daitezen?
  • Lege berriak sare pribatuaren finantzazioa handituko du. Doakotasuna derrigorrezko baldintza izango dela elementu berritzaile gisa agertzen da, eta Akordioak hori bermatzeko hartzen duen konpromisoa ikastetxe pribatuen finantzaketa igotzean datza. Baina  doakotasuna derrigorrezkoa da duela 40 urte. Ikastetxe pribatuei diru gehiago emango zaie orain arte bete egin ez dutena bete dezaten.
  • Eskola-segregazioaren aurka proposatzen diren neurriek ez dute segregazioarekin bukatuko. Udal matrikulazio bulegoak “familiei matrikulazioa egiten laguntzeko” izango dira, beraz, ikastetxe pribatuek familiak “filtratzeko” aukera izaten jarraituko dute. Segregazio iturri nagusia den 0-3 tarte horretarako diru laguntzak mantenduko dira ikastetxe kontzertatuetan, eta gure hezkuntza sistemarako sarbidea gela pribatuetan ere egiten jarraituko da, ikastetxeen % ia 50ean, segregazioarekin jarraituz. 
  • Euskarari dagokionez, atzerapauso nabarmena dago. Murgiltze eredua bertan behera geratu daiteke ikastetxe bakoitzaren esku uzten baita hizkuntza proiektua sortzea eta, ondorioz, zenbat ikasgai emango diren euskaraz, gazteleraz, zein ingelesez. Irizpide nagusia “ingurune soziolinguistikoa” izango omen da eta hori arriskutsua dela uste dugu. 

Laburtuz, Akordio honek sistema duala finkatzen du bi sareak berdinduz zerbitzu publikoa ematen dutelako aitzakiarekin; ikastetxe pribatuei finantzazioa handituko die; ez du segregazioari benetako neurriekin aurre egiten eta ez da murgiltze eredua unibertsalizatzen.

AKORDIO HAU EZ DA HEZKUNTZA PUBLIKOAK BEHAR DUENA.

Hezkuntza akordio honek ez du publikoaren aldeko apustua egiten
“Euskal Eskola Publikoaz Harro” Topaguneak elkarretaratze bat egin zuen atzo Gasteizko Legebiltzarraren aurrean.

Hezkuntza akordio honek ez du publikoaren aldeko apustua egiten

Zer duzu buruan “Hezkuntza akordio honek ez du publikoaren aldeko apustua egiten”-ri buruz

  • Adi egon beharra dago bai Hezkuntzan, bai administrazioaren kudeaketan egitekoak diren aldaketei. Arrisku erreala dago EAEn kaleratzear diren hizkuntza eskakizunen dekretua eta administraazioan euskara normalizatzeko dekretua biak inboluzioa eta atzerapauso erabatekoak izatea euskarari dagokionez, batetik hizkuntza eskakizunen figura maxkaldu egingo delako, ahuldu; eta horiek egiaztatzeko modua, malgutu. Normalkuntzarako tresnarik zorrotzena, perfila, kamustu alegia, eta nola? : besteak beste, sozietate publiko, fundazio etab. gurdi berera igoz. Alegia publikoen maila, pribatuen mailara jaitsiz, azken horiek ‘normalizatzeko’ balioko duela salduz. Diferenteak direnak zaku berean nahastuz, horren aitzakian maila jaisteko.