Heziketa denen ahotan. Denen ardura?

by Peter Shanks, FlickrCC
by Peter Shanks, FlickrCC

Lanera bueltatzeko bezperan, bihartik aurrera etorriko zaigunaz pentsatzen dut nahi gabe. Kezka uxatu nahian, nire buruari esaten diot gaurko eguna aprobetxatu behar dudala “bizi gaitezen orain, orainean, utz dezagun alde batera biharkoa, etorriko zaigu-eta dagokionean”. Baina, ahaztea lortu dudala uste dudanean, berriz etortzen zait gogora ikasturte berria.

Ez da lan makala tokatzen zaiguna. Ia uda osoan entzuten jardun dugu hezitzaileok egin behar duguna. Entzun genion Ricardo Blazquezi zein hezkuntza ote den terroristen belaunaldien arteko erreleboa bermatzen duena galdezka, eta eskolak egin behar duenaz mintzatzen. Entzun genion Bernardo Atxagari ere, herioatzaren inguruko heziketa gomendatzen. Entzun diogu duela gutxi Bernabe Tiernori, EHUko udako ikastaroetan, erlajazioa eta meditazioa irakatsi beharko genukeela ikasleen zoriona eta oreka lortzeko. Ez dira egun asko pasatzen adituren batek gure haur eta gazteen heziketaz adierazpenak egin gabe.

Baina, ez zaizue iruditzen eskola dela, hain zuzen, aho guztiek aldarrikatzen eta eskatzen dituzten balioak lantzen dituen erakunde bakarra? Begira dezagun kalea, begiratu inguru gertukoa eta urrutiagoa, entzun dezagun helduen arteko elkarrizketetan azaltzen diren interesak eta lehentasunak, begira ditzagun telebista gehienek eskaintzen dizkiguten irudiak, iragarki zein programetan, begira dezagun… eta azter dezagun zer den haur eta gazteen heziketan gehien eragiten duena. Ematen du gizarte osoa kezkatzen dela balioen gaiarekin, baina oso bakarrik sentitzen gara maisu-maistrak ahalegin horretan.

Ordu batzuk pasa ditut kezka burutik ezin kendu. Ardura handia da irakasleok daukaguna. Baina halako batean lasaitu naiz. Bejoindeigula! Isabel Zelaak 5. mailako ikasleentzat bidaliko dizkigun ordenagailuekin lortuko dugu!

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

Zer duzu buruan “Heziketa denen ahotan. Denen ardura?”-ri buruz

  • Lehen ere buruhauste gutxi, eta orain eskuko ordenagailuez arduratu behar: piztu, itzali, kargatu, konpondu, zertarako erabili… Igual baten bat ireki, tripak atera, eta misterioa barruan gordeta aurkituko duzu. Eskolari ez zaio lan makala jartzen, baina haur gaixoei ere! Eskertuko dute, bai, egunean hainbat tartetxo eskuak garbitzen pasa behar izatea!