Herria

Herria –

Nerea Ibarzabalek, Bizkaiko Hitzan.

HerriaAski heldu bilakatu zara zure harreman mota guztiak analizatzeko, zure rolak, botere posizioak, menpekotasunak, esanezinak; lagunekin, gurasoekin, ahizparekin, bikotearekin, bikote ohiekin. Edo hori iruditzen zaizu behintzat, gustatzen ez zaizkizun jarrerak aldatzen saiatzen zara, berba egiten ikasi duzu horrelakoak konpontzeko. Beno, edo gutxienez nahiko zenuke, edo burutik pasatu izan zaizu. Tira, edo sekulako alfergura ematen dizu eta jo eta paso egiten duzu honetaz, hori ere zilegi da.

Baina bada harreman mota bat kontroletik kanpo sentitzen duzuna guztiz, konparaezina besteekin, zailena kudeatzen: zure herriarekin duzun harremana. Herriarekin esango dut momentuz, ez dakidalako hau hiriei guztiz aplikagarria ote den.

Zure herriarekin duzun harremanean daude, alde batetik, zure herria eta honekiko duzun momentuko pertzepzioa, aldakorra guztiz egutegiaren arabera adb: gustuko duzu festetan, baina gorroto duzu terraza jendetsu forma hartzen duenean eta pasatzen den guztiari begiratzen dionean indiskretuki, eta, hala ere, bere falta sumatzen duzu kanpora zoazenean eta jendaurrean aitortuko ez zenukeen harrotasuntxo bat pizten zaizu zure herriaz berba egiterakoan; eta harreman honen beste aldean zaude zu, eta zutaz esaten den guztia. Askotan zeuk ere ez dakizu zer den, baina sentitu egin dezakezu atzetik etiketen estela bat duzula jarraika, umetatik gaur arterainokoa, aurrekari denak iraungiezinak baitira. Ziur zuk ere badituzula herrikideak, inoiz beraiekin berba egin ez arren, eurei buruzko gauzak dakizkizunak askotan intimoak beharko luketenak, gainera. Beldurtzerainoko eraginkorrak dira herri barruko komunikazio kanalak.

Herria da familiaz osatutako familia bat, horrek ekar ditzakeen abantaila eta kaos guztiekin. Horregatik miresten ditut beraien herriarekin harreman orekatua izatea lortu duten pertsonak, ez dakit zu zaren horietako bat, edo zure herria ez den beste leku batetik ari zaren hau irakurtzen esnatu berritan azken esaldi honek azpi-titulua behar du: “edo ihes egin duzun eta asteburuetan bakarrik itzultzen zaren”.

Azken multzo honetakoa bazara, agian zu ere ni bezain egoista sentituko zara batzuetan. Beti berdin egotea leporatzen zenion herria zu barik aldatzen ari delako mintzen zara, ez zarelako lehen bezala sentitzen itzultzean, zuk berez iraganera itzuli nahi duzulako kotxea han aparkatzen duzun unean; gero errudun sentitzen zara hori pentsatzeagatik, noski, badakizulako zuk hautatu duzula herria eraikitzen denborarik ez pasatzea, eta ezin diezula ezer eskatu han geratzea erabaki dutenei, are gutxiago zure erara eraikitzeko. Herria momentuko pertsonak dira. Eta honek ez dakigu ze lekutan uzten zaituen zu, baina hala da.

Baina nola negoziatzen da harreman berri bat zure herriarekin? Herri-batzar bat deitzen da udaletxean? Herri-afari bat? Poesia errezitaldi bat prestatzen da zineman? Pentsa ze gordina. Zu hor negarrez oholtzan, sentitzen duzuna azaltzen, eta zure herrikideak lasai egoteko esaten, beti maiteko duzuela elkar.

Herria Herria Herria
herria
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude