Herri people-n etorkizun zalantzazkoa

Herri people-n etorkizun zalantzazkoa –

Ez naiz Herri people izendatu duten ETB1eko programaren etorkizunaz ari, baizik eta han ageri ohi diren herriko jendearena. Portzierto, hitzak hizpidea ekarririk, nola ez aprobetxatu aukera hau programaren izena lotsa-emangarria dela adierazteko; “Herriko jendea behar luke nire iritzi apal edo harroan. Ez al duzue etnia desagertuen museora igarotzeko zorian eta trantzean ikusten herri people programan ageri ohi den jendea? Hemendik urte batzuetara programa horiek ez ote dira ikusi beharko behialako euskaldunak nolakoak ziren jakiteko? Burutazio bitxi horiexek hartzen didate gogoa.

Herri people-n etorkizun zalantzazkoa

Euskal Herriko ingurune populatu samar batera hurbilduz gero, gero eta zailago gertatzen da euskal etniako jendea aurkitzea. Exajeratzen ari naizela esango duzue, egoera muturrera eramaten, baina pentsa zer-nolako burutapenak izateraino heldu naizen: euskalduna ume gehiago ekartzera motibatu beharko ote luke euskal administrazioak, zerga-kenkari edo hobarien bitartez? Entzuten ari naiz: burutik egiten hasia hago; zelako etniakeria, Pandoraren kutxa irekiko duk moteil…!

Euskal etnia ez dut mitifikatzen eta ez munduko onentzat jotzen. Euskal etniakoa naiz, euskaldunen artean hazia eta hezia, eta denetik ezagutu dut: jende jatorra eta gaiztoa, zintzo-eratsua eta petral eta erretxin askoa, eta gehienak, jakina, tartekoak -neu ere halaxe izango naiz-; beste edozein etniaren antzekoa alegia, baina, diferentea bai, eta etnia hori herri txikietan ez, baizik eta hirietan eta inguru populatuetan nahi nuke ikusi Euskal Herrian, etniaz nahasiago nahi baduzue, baina egungo kultura modernora egokitua eta bera kultura modernoaren sortzaile dela.

Gai arantzatsu hau garatzeko laguntza bila, J.L. Carod Rovira katalan politikariak kazetari bati duela hamabost urte emandako erantzunetara joko dut (Vicent Sanchis: qué piensa J.L. Carod-Rovira. Deria. 2004), baliorik galdu ez duelakoan, eta aldeak alde, eta badira, gure egoeraren ispilu delakoan.

Kazetariak galdeturik ea politikoki ez-zuzena den pentsatzea Kataluniara Espainiatik hirurogeiko urteetan heldu zen immigrazio masiboak, diktadura betean eta integratzeko posibilitate ezin urriagoekin, Kataluniako herriaren egitura sozial, kultural eta politikoa arriskuan jartzen zuela?, Carod-Roviraren erantzuna hauxe izan zen: “Bistakoa da gizarte baten edozein aldaketa demografikok modu masiboan aldatzen dituela gagozkion herriaren identitate ezaugarriak. (…) Uste dut xede hori ere bazuela seguraski frankismoak Espainiako estatutik bereziki gazteleradun etorkinen baina halaber galegodun etorkinen Kataluniarako immigrazioa erraztean. (…) Nahiz eta Kataluniak une haietan etorkinei harrera eta abegi egiteko tresna egokirik ez zuen, zeren Katalunia bera baitzen, erabat harturik, klandestinitatean zegoena, kontent egon gaitezke etorkin haietatik gehienek iritsitako lur berria beren herritzat hartu zutelakoegia bada ere haietako askok, haien seme-alabek ez bezala, ez zuela inoiz aukerarik izan etxe inguruan baino erabil ez zitekeen hizkuntza berena egiteko”.

Zein neurritan daukagu guk esaterik beste horrenbeste hona etorriez?, eta etorkinen seme-alabez? Katalunian ere pentsatzen dut gai horretaz buru hainbat aburu egongo direla.

Dena den, 2004an, arazoa beste bat zen Carod-Rovirarentzat: “Orainarazoa ez da nola amaitu etorkin haien seme-alabak eta bilobak integratzeko lana, zeinak naturaltasun osoz bertarako eginak dauden, nahiz eta hiri handietan oraindik ere badiren auzoak benetako ghetto bihurtuak daudenak…arazoa ez da nola integratu katalan herrian etorkin gaztelaniadunen azken belaunaldiak, baizik eta nola integratu europar erkidegotik kanpoko etorkin saldo berria”.

Gure egoera, irakurle gehienak ados egongo direla iruditzen zait, okerragoa da Kataluniakoa baino hizkuntzari dagokionez, nahiz eta han ere hizkuntza ez-markatua gaztelania den, eta ez katalana, leku gehienetan. Zer egin, bada, migratzaile berriak integratzeko katalan komunitatean? “Honako hau esatea: “Hemen ez da beste inor kabitzen” bezain desegokia da esatea: “Paperak denentzat”, zeren ez dago herririk, munduko aberatsena izanda ere, biztanleko errenta maila handiena izanikere, gai denik bertara joan nahi duen orori duintasunez leku bat egiteko. (…) Lehen baieztapenazer behar du gure herriakTresna legal eta ekonomikoak behar ditu duintasunez hartzea erabakitako immigranteak har ditzan”.

Garbi dago ez Kataluniak eta ez Euskal Herriak, ez EAEk eta ez Nafarroako Foru Erkidegoak edo Euskal Hirigune Elkargoak dituztela behar-beharrezkoak diren tresna legal eta ekonomikoak, eta Frantziako eta Espainiako estatuek hartzen dituztela erabaki nagusiak, eta horrenbestez, teoriatik ezin garela praktikara igaro, baina aurrera egin dezagun, itzuliko gara-eta atzera berriz puntu honetara.

Nork egokitu behar du norengana: kanpotik etorriak ala bertakoak?: “Halaber esan behar da, absurdokigaitzesgarri dirudiela esatea ezen herri batera iristen denak ezin duela espero harrera-herria izatea berari egokituko zaiona. Egokitu behar duena bera da, jakinik elkarren arteko harremanetan beti bi aldeak ateratzen direla aberasturik eta aldaturik”.

Beharrezko ikusten zuen Carod-Rovirak etorkinei formakuntza-, murgiltze eta egokitze ikastaroak ematea. Eta hizkuntzei doakienez: “Herriaren hizkuntza ezagutzea funtsezkoa da kasu hauetan guztietan, zeren aukera ematen du jendearekin harreman osoak izatekoGure kasuan katalanaren oinarrizko ezagutza izatea esan nahi du, eta halaber, gaztelaniarenaHori ulertzen ez duenak ez daki badela herririk, Ameriketako Estatu Batuetan kasu, non gainera nazio ereserkia kantarazten zaien”.

Nik neuk, zuek ez dakit, beste arrazoi bat gehiago ikusten dut gai ekonomiko-politiko eta soziologiko-kultural honetan independentziaren beharra azpimarratzeko.

Etorkizuneko euskaldunek biharko EITBren artxiboetan ikasi beharko ote dute behialako euskal herrietako euskaldunak nolakoak ziren, jada desagertuak izango direlako?, ditugun eskumen politikoekin eta daramagun martxan posible ote da, funtsean, euskalduna hiriko jendea bihurtzea, gauza batzuetan arras aldaturik, baina, funtsik funtsenean, behialakoarekin jarraitutasunean, hizkuntza ardatz dela? Edota suizidio kolektiboaren amilburutik hurbil gaude?

Herri people-n etorkizun zalantzazkoa
Herri people-n etorkizun zalantzazkoa
Herri people-n etorkizun zalantzazkoa
Herri people-n etorkizun zalantzazkoa

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

18 pentsamendu “Herri people-n etorkizun zalantzazkoa”-ri buruz

  • Irantzuri eta Irantzu bezalakoei eskaintzen diet artikulu hau, eta jarraitzen nautenei noski. Hobea merezi dute noski. Gaur egun, besteak beste, bi zera daude jainkotuak gure planeta bitxi honetan: dirua eta Estatua; eta, ez dirurik -izango banu, dohaintza eder bat egingo nuke-, eta ez estaturik dugunez, ezin praktikara eraman, baina kezkak sortua, nahiz amaiera eskatologiko samarra atera zaidan.

  • euskaldun bat 2019-08-09 14:33

    Erabat ados, baina beldurra nabari da idazteko moduan. Etnia aipatzen den orduko jendeari ezinegona sortzen zaio, eta euskal etnia aipatuz gero, ufff… tabua. Baina hori da bidea, denok badakizkigun gauzak, badakizkigulako ez dira isildu behar. Eta hitz egin behar da. Zer egin dute espainiar etorkinek Euskal Herrian? Zer ari da egiten etorkin uholde berria Euskal Herrian? 1592an amerikako indigenekin egin zenaz hitz egitea ondo dago baina alferrikakoa da tamalez. Orain, oraingoaz, Euskal Herrian orain gertatzen ari denaz hitz egin behar da, orain da unea eta ez dena pasatakoan.

  • Niri ere gauza bera gertatzen zait, ia egunero. Donostian bizi naiz eta ez dut inondik inora itxaropenerako atakarik ikusten. Erabat kolonizatuta gauzkate, edo, agian, hobe esan, dauzkagu geure buruak! Tasmaniako tigrearen irudi tristeak datozkit gogora euskal elebakarrak desagerturik eta gazteleraz zailtasunekin mintzatzen direnak hiltzear daudela ohartzean. Gureak egin du…

  • Arrazoi duzu euskaldun bat, beldurrez idatzita dago. Eskerrik asko Ayla.

  • Beñat Castorene 2019-08-09 17:54

    Nahiz ez den beti ebidentea, etnia berekoak gara, deusek ez nau zaurtu edo ofentsatu zure erranetan.
    Suizidatzen ari den etnia batekoa izaitea ez da egoera erosoa horretaz kontziente eta sustut kontziente egon nahi duenarentzat .
    Amildegiaren zure metafora garatuz, balitz “timing” diferentzia bat gure artean, erran nezake guk salto egin dugula jada amildegian. Egia erran bi mende hauetan horrat bildu eta zuzendu gaituzte eta azkenean gure politikariekin paraxuta zenba negoziatuz eta bizkarrean piskabat eraginez pusatu gaituzte amildegian behera.
    Lurrean betikotz lehertu baino lehen amildegiaren paretan mirakuluz dauden arboltto horietarik bati eutsi behar ginuke eta hortik berritz igotzen entseiatu metodikoki.

    Txapa moduan aipatzen dizuetan kibutza ez da arboltto hori baizik.

    Denok ez eiki diogu horri eusten ahalko bainan eutsiko diotenek dute gure etniaren esperantza ordezkatuko.

    Metaforak bere limita dauka zeren eta nahi bainuke amildegiko hezur puskatuek ere lagun ditzaten.

  • Beñat Castorene 2019-08-09 18:04

    Beldurra naturala eta garaitzen da elgarri tinkatuz.

  • Amildegiaren metaforaren garapen jostagarria Benat, egoera latza izanagatik, irribarrea ez dela debeku frogatuz.
    Baina paraxutan jauzi eginda behera zoaztela, lurrean baino harkaitzean erroak dituen arbolttoari heldu ordez, lur sendora jaistea hobe, han beste paraxutistekin elkarturik, kibutz eder bat antolatzeko, hezur puskatuekin eta osorik dituztenekin. Milesker.

  • Benat Castorene 2019-08-09 22:10

    Alabainan laster pasatzen zira beldurretik omore onera!
    Zorigaitzez ez da deus irringarririk ez metaforan ez errealitatean.
    Paraxutak ez dira Herriari fidel egon nahi dutenentzat baizik eta besteentzat.
    Ezdakit ez duzun ulertu ala ez duzun nahi.
    Hala ere eskerrik asko zuri ere.

  • Ez, ez dizut ulertu ongi. “paraxuta zenba” hor zerbait falta da, zer da “zenba” delako hori? Nik ulertu dut amilegira jauzi egiteko paraxuta bederen utzi dizuetela eta bultza egin, pusatu.

  • Benat Castorene 2019-08-09 22:44

    Zuek amildegitik hurbiltzen zaretela , gu jada erortzen ari gara.
    Parachutak dira hemen estatuak abandonatu gaituzten euskal politikariei egindako opariaren metafora ( parachute doré).
    Pasa arazi didazu momentu batentzat metaforak egiteko gustua..

  • Oraingoan perfekto ulertu dizut. Eztabaida luzeagoan JJ-k zer idatzi duen irakurtzen baduzu, ohartuko zara hemen ere jauskari (paraxutista/paracaidista) anitz (izan) dugula.
    Ez galdu, otoi, metaforak egiteko gustua, nahiz eta batzuetan ulertzeko zailtasunak gertatu.

  • Hemen parakaidista diogu, zuek paraxutista; idazteko, aldiz, JAUZKARI euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera, eta, Elhuyar eta Zehazki hiztegien arabera: jauskari, aurreko mezuan jarri edo eman dudan bezala. Paraxuta edo parakaidas, berriz, JAUSGAILU.

  • Patxi: eskertzekoa da erakusteko duzun nahi hori, eta ikastekoa ere bai.
    Pentsatu dut lasaiago, ptxadatsuago irakurri beharko ditudala zure idatziak.
    Segi aitzina Sudupe, gauzak erranez

  • Milesker, A.

  • Buruari bira batzuk emanda, maila sektorialean, ama euskaldunak lehenesteko puntuan, neurri egingarri-eraginkor bat bera ere ez dut lortzen mamitzea. Diru laguntza publikoak emateko administrazioak gauza objektibo-egiaztagarriak behar ditu. Demagun: C1 maila egiaztatzen duen amari, diru-laguntza bat emango dio administrazioak, euskaldun heziketa lehenesteko. Baina ezin da egiaztatu C1 maila lortu duenak benetan hizkuntza transmitituko duela. Eta badaude euskaldunak C1 ateratzeko gauza ez direnak harengatik edo honegatik, eta diru-laguntzaren merezidun izango liratekeenak. Beraz, ez du balio.
    Euskara-plan integral bat behar da, alor funtsezkoenetan indarra egiteko. Horretarako ordezkari politikoen ardura behar da, eta, jakina, boto-emaileen ardura ere bai. Hasteko, politikariek bi hizkuntza ofizialak jakin beharrik ez izatea, oso hasiera txarra da. Jakinda, irakaskuntzak ez duela euskararen ezagutza bermatzen, nolatan ez dira gehiago kezkatzen abertzaleak?, euskara ikasten ez duten haurren gurasoak ere nolatan ez dira gehiago kexatzen?…

  • Eskerrik asko Pako euskaldun askoren kezka hauek hain txukunki azaltzeagatik!
    Oso kaxkar gaude, baina egoeraren ilunaz gero eta jabetuago gaude eta zurea bezalako ekarpen hauei esker aurrera aterako gara. Zalantzarik ez dut! Etorkizunean gure seme-alabek edo gure bilobek euskaldunok txotxolotuta eta antzututa egon ginen garaia nola atzean utzi genuen gogoratuko dute eta idatzi hau bezalakoak harrotasunez jasoko dituzte beraien ondorengoei gure historia kontatzerakoan.

    Aste honetan lehengusina batek eta lagun batek esan didate haurdun daudela, bigarrena batak eta laugarrena besteak! Aurrera egingo dugu, bai horixe!

    Horretarako inportanteena nire ustez giroa eta babesa da. Umeak izatea gauza beharrezkoa izateaz gain ederra dela zabaldu behar dugu eta babesa eman gurasoei, haurrak gazterik izatera animatzen diren neskei…animatu, lagundu eta gauzak erraztu. Denok, emakumeok, gizonak, aiton eta amonak…asko egin dezakegu eta asko egin daiteke. Parke txukunak eskatu eta eraiki, jaiotzen diren umeei ongi etorria egiteko ospakizunak antolatu…hainbeste gauza egin daitezke! Niretzako inportanteena giroa elikatzea da (kenkariak gaur egun ere badaude familia ugarientzat, nahiz eta nire ustez eremu horretan UEMAk ere diru laguntzak ematea lagungarria izango litzatekeen). Euskaldunok barneratu egin dugu azken hamarkadetan ume gutxi izatea gure ezaugarri bilakatu izana eta klitxe hori dida batean kendu behar dugu gainetik. Opusekoek bezainbeste ume izatearen ospea eskuratu eta harro egotean errotik aldatuko dira gauzak…euskaldun=ume ugaridun, aurrera eta muxu bana!

  • Peru_Gabiriko 2019-08-19 23:31

    Bejondeizula Irantzu!
    Ene gogoak hori derantzu !

  • Eskerrik asko berriz ere Irantzu. Oso mezu pozgarria benetan. Musuak!