Herri mugimenduak eta telebista (Zaindu lagundu zaitzakeen hori)

Herri mugimenduak eta telebista (Zaindu lagundu zaitzakeen hori)

15M mugimenduak Espainiako plazak jendez bete zituen, kazetariak itsu-gor harrapatuz. Gerora aldarriak telebista bidez hedatu ziren. Kaleko mobilizazioak, asanblada zabalak, suminduen diskurtsoak, sare sozialetako txinparta, telebista gabe sortu ziren, baina hari esker izan ziren luzaroan agenda, eztabaidagai, zer. Nola ulertu bestela Euskal Herrian utzitako arrastoa plazak erdipurdi bete baziren? (Eduardo Maurak azaltzen du hori, Plazetan hasi, agenda politikoa aldatzen bukatu artikuluan jasotako aipuan).

Madrilgo Sol plaza, bost urte geroago, telebista plato bihurtu zuen La Sexta kateak, El Objetivo saioak. Gorriak ikusi zituzten zuzeneko saioa ganoraz emititzeko. “Telebista manipulatzailea”, “plaza ez da plato bat”, “alde hemendik”… orru eta kartelak programaren paisaia izan ziren.

Herri mugimenduak eta telebista

Egokia izan zen El Objetivo Sol-etik emititzea? Juan Carlos Monederok idatzi du horri buruzko artikulua. Beste nonbaiten jarri nahi dut fokua.

Iruditzen zait hanka sartzea dela horrelako jarrera erasokorra izatea telebistarekiko. Zure aliatu interesatua izan den horrekiko. Telebista gabe hobe ote geunden, batek daki, baina dagoenari etekina atera behar zaio.

Madrilen gertatu da La Sextaren hau, baina berdin Euskal Herrian, esaterako, Arnaldo Otegik martxoaren 1ean Elgoibarren egindako diskurtsoaren ostean ETBk egindako zuzenekoan. Presoen hurbiltzearen bandera berriemailearen atzean, eta orruak ozen, “presoak kalera amnistia osoa”. Zertarako?

Telebistek audientzia nahi dute, badakigu, horrek ematen baitie bizirauteko aukera. Komunikabideek manipulatzen dute, errealitatea ebaki, itsasi, handitu, txikitu eta isilarazi ahal baitute. Hori hala da, eta ados ez dagoenak hobe du bere kanal propioak sortzea, izan La Tuerka ala Beranduegi. Izan Media (Hala Bedi taillerren izena). Herri Harresien komunikazio arduradunek ongi barneratu zuten ideia hori, edo egin dute Errekaleor Bizirik mugimenduko zenbait kidek. Bi bide: zu zeu izan komunikabide eta komunikabide tradizionalak zeure alde erabili. Bi bide horietan toki gutxi du kazetarien etsai izateak, boikota sustatzeak edo telebista formatuei muzin egiteak. Barne asanbladetan kazetari hori putasemea dela esateak nahikoa behar luke amorruaren ihesbide bezala. Kanpora begira, egin irribarre eta limurtu, amuak bota.

Hausnartu beharrekoa da, landutako gaia da, herri mugimendu eta komunikabideen arteko harremana. Galdera batek gidatu behar du nire ustez ikuspegi hori: nola lor dezakegu etekina komunikabideen jardunetik? Funtsezkoa da, esan 15M mugimenduarentzako, La Sextak nola lagundu dezakeen galdetzea. Laguntza horren aukerak eta mugak argi izatea. A priori garbi izanik gauza batzuk: ez dira gure lagunak, ez dute gure interesen alde lan egingo, ez dira gure bozeramaileak izango, haserretuko gaituzte. 

CivQWeyXAAA4wE4

Erraien bulkadari arrazoiarena gailenduta akaso hobe, efizientziarena. Zer nahi dugun, eta horretarako zer egin behar dugun. Zer erakutsi eta zer ezkutatu. Protesta gure komunitatea indartzeko da ala iritzi publikoa limurtzeko? Herri mugimenduak –ekologistak, auzo mailakoak, kulturalak…– norbere hedabide izateaz gain, prentsa erabili egin behar dute. Kazetarien mekanismoak ulertu: eskura ematea telebistari irudi ona, irratiari ahots kortea, prentsari datua… Adibidez, jendeak ikus dezala nola ertzainek jipoitzen dituzten gazte baketsuak. Irudi potentea da, sufrimendu ankerrarekin transmititua. Besarkadak, muxuak, irribarreak… mina, negarra, ezintasuna. Asko aurreratu da gai honetan Euskal Herrian.

Prentsari egiten zaion kritika eskizofrenikoa da maiz. “Zentsuratzen gaituzte, zergatik ez dute kontatzen zer ari den Sol-en gertatzen?”, eta hurrena, “telebista ez da plato bat, manipulatzaileak”. Ea, zer nahi dugu? Agertu nahi dugu ala ez? Kontziente gara telebistaren indarraz? Arnaldo Otegik egina die Topatu-ko gazteei gonbitea: “telebista independentistarako fitxatuta zaudete”.

Unibertsitateko irakasle baten anekdota batekin amaitzeko: Diario de Navarrak, urte luzez ez zuen Nafarroa Oinez aipatu ere egiten, besteak beste antolatzaileek oharrik bidali ere egiten ez zietelako. Halako batean egin zuten aproba eta kazetari “jator” bat topatu zuten, ordutik ikastolen jaiak izan zuen artikulutxoa erregimenaren egunkarian. Aurreuste eta konspirazioak baztertu, aliatuak bilatu eta zaindu.

Herri mugimenduak eta telebista / Herri mugimenduak eta telebista
15m, herri mugimenduak, komunikabideak, La Sexta, telebista
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

4 pentsamendu “Herri mugimenduak eta telebista (Zaindu lagundu zaitzakeen hori)”-ri buruz

  • Lengo egunean Otegi jaunak “lobby abertzale” deitu omen zien abertzaleeii, eta atzo “identitate gutxiago” behar omen dugu esan zuen .
    Ezker abertzalea iada ez da abertzalea, baina hori ez hala erabaki dugulako urtetan ezker abertzalea bozkatu degun geiengoak, Otegi jaunak eta bere 3 lagun golpistek ezker abertzalea nahi duten lekura mugitzen ari direlako baizik.Podemos bat nahi duzue? Ez ain euskalduna? Ondo, baina ez kontatu nire botuarekin, eta beste alderdi bat bozkatu behar badet (eta ez dago gustatze zaidan alderdirik) traizionatu nautenak ez iristeko inoiz gobernura, izan bedi.

    • Bidexato: ERABAT ZUREKIN ADOS!

    • Ze zerikusi du diozunak artikuluaren gaiarekin!!! Bai, esten du komunikabideak erabiltzea gure mezua zabaltzeko, baina ez besteen mezuen gainetik txo! Iñakiren lana ilundu besterik ez duzu egiten gaia horrela desbideratuz. Pelma.

  • Peru Dulantz 2016-05-26 11:03

    Ez dakit zer duzun “lobby abertzale” kontzeptuaren kontra. Testuinguru jakin batean erabilgarria iruditzen zait. “Identitate gutxiago” behar izatearen kontua gutxiago gustatzen zait, seguru horrela bota zuela? Harritzen naiz…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude