Herri euskaldunak espaloian tinko jarraitzen duela erakutsi zuen Gasteizen

Porrotx eta Porrotxinek txupinazoarekin ekin ondotik, trikitilari eta dultzaineroek bere egin zituzten Gasteizko kaleak. Umeentzako tailer eta eskalada txapelketa ere egin ziren. 400 lagundik gorako bazkarian bapo jan ondoren, Nazio Manifestazioa egin zen “Ez gara espaloitik jaitsiko! Euskaraz bizi” lelopean. Euskaltzale andana bildu zen bertan. Akelarrea eta Ttek Elektrotxarangak kaleak girotu ondoren, kontzertuak egin ziren Euskaraz Bizi Egunari behar bezalako amaiera emateko.

euskarazbiizi

Goizeko 11:00etatik aurrera ekin zioten egunari Matxete plazan Porrotx eta Porrotxin pailazoek botatako txupinazoarekin. Kalejira bat egin zuten alde zaharreko karriketan barna saioa amaitu aurretik. Euskara ahoan, nahikoa barre eta dantza egin zuten bertaratuek. Jarraian Gasteizko kaleak alaitzen jarraitu zuten dultzainero zein trikitilariek. Otsogorrigaina mendi elkartean eskalada txapelketa egin zuen 11:30ean. Auzolana frontoian, aldiz, Urtxintxa aisialdi elkarteko kideek umeentzako tailer eta jolasak antolatu zituzten. Herri Kirol erakustaldia tamalez bertan behera geratu zen eguraldia zela medio.

 

Hala Bedi Bi irratiko kideak bidaide izan genituen larunbatean ere. Matxete plazako sarreran jarri zuten karpan Arrosa sarearen eta Info7 irratiaren bidez Euskal Herri osoko irratietara seinalea eraman zuen Euskaraz Bizi Eguneko irratsaio berezia prestatu zuten. Kontseiluko eta Behatokiko Paul Bilbao eta Garbiñe Petriati, AEK-ko Mertxe Mugika, Euskaltzaleen Topaguneko Iker Martinez de Lagos, Gose eta Tximeleta taldeetako kideak, Gasteizko euskaltegietako euskara ikasleak… makina bat lagun izan ziren Hala Bedi Bikoen mikrofonoetatik pasa zirenak.

Goizean pailazo, trikitilari, dultzainek eta abarrek giroa alaitu ondoren, 400 lagunetik gorako bazkaria ospatu zuten Landatxon. Bazkalostean Izaki Gardenak taldeko abeslari Jon Basagurenek kantaldia eskaini zuen.

Arratsaldeko 18:00etan hasi zen “Ez gara espaloitik jaitsiko! Euskaraz bizi” lelopean euskaltzale eskerga bildu zuen Nazio Manifestazioa. Bertan parte hartu zuten, beste euskaltzaleekin batera, euskalgintzako zein hainbat eragile sozial eta politikotako ordezkariek. Zanpantzar eta batukada taldeak ere ez zuten hutsik egin. “Urquijo utzi bakean!”, “Maroto entzun, Gasteiz euskaldun!”, “Ez gara espaloitik jaitsiko!” eta “Euskal Herrian euskaraz!” bezalako leloak izan ziren nagusi ekitaldi batekin amaitu zen manifestazioan. Bertan Itziar Rekalde ipuin kontalariak, Asier Díaz Gasteizko EHEko kideak, Hala Bedi Bi eta GUgeu taldeetako ordezkariek eta Nestor Esteban EHEko bozeramaileak hartu zute hitza. Aldez edo moldez, euskararen espaloian tinko jarraitzeko aldarriak izan ziren jaun eta jabe.

Ekitaldia amaitu bezain pronto, Jare Dantza Taldekoek Akelarrea egin zuten alde zaharretik zehar. Ttek Elektrotxarangako lagunek aurrez bero zegoen giroa are gehiago berotu zuten. Amaiera emateko, Dantza Plaza, Gose eta Tximeleta taldeen kontzertuak izan ziren Landatxon.

Orotara milaka izan ziren Euskaraz Bizi Egunean parte hartu zuten euskaltzaleak. Milaka lagun, euskara ahoan, euskararen espaloitik jaisteko inolako asmorik gabe.

 

Euskal Herrian Euskaraz (EHE), herri mugimenduko eragile euskaltzalea gara #MugarikGabekoEuskara

Zer duzu buruan “Herri euskaldunak espaloian tinko jarraitzen duela erakutsi zuen Gasteizen”-ri buruz

  • Zorionak EHE !!
    Eredu bat zarete.
    .
    Eta lana ez zaigu faltako:
    .
    “EUSKARAREN KONTRAKO NEURRIEI ERANTZUTERA DEITU DUTE”
    .
    “Kontseiluak antolatuta, asteazkenean protestak egingo dituzte estatuen esku hartzea gelditzeko; 46 udal daude jomugan.
    Espainiako eta Frantziako gobernuen esku hartzeari aurre egiteko, kalera irtetera deitu du Kontseiluak. Asteazkenerako egin du deialdia; elkarretaratzeak antolatu ditu euskararen aurkako «erasoak» jasan dituzten herrietan. Protesta gehienak 19:00etan hasiko dituzte, udaletxe pareko plazetan. «Tresna bat eskaini nahi genion jendeari, azken neurriekiko desadostasuna agertzeko. Erantzuteko garaia da», azaldu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak. Estatuen esku hartzea gelditu lelopean, eskuak margotu, eta eteteko keinua egingo dute….”
    http://beta.berria.info/paperekoa/1558/014/002/2014-04-03/euskararenkontrakoneurrieierantzuteradeitu_dute.htm