Herri eta hirien jasangarritasunaren alde, jaiegunetan denok jai

Herri eta hirien jasangarritasunaren alde, jaiegunetan denok jai –

Kapitalismoaren izenean egiten diren sarraskien artean, merkataritza eta kontsumo ereduan ematen ari dena da handienetariko bat.

Herri eta hirien jasangarritasunaren alde, jaiegunetan denok jai

Merkataritza sektoreko ordutegien liberalizazio izugarria eta eredu berriak mehatxu iraunkorra dira. Gutxi barru sektorea erabat desarautua izango dugu, eta argi izan, langile eta merkatari askoren kaltetan izango dela.

Irekiera mugagabearen merkataritza eredu honek, sektorea bultzatu ordez, langileon lanaldiak malgutu eta ustiatu egiten dituzte. Langile batzuen beharrizanaz eta prekaritateaz baliatzen dira 365 egun irekita dauden dendak zabaldu edo goizeko 8:00etatik gaueko 23:00ak bitarteko ordutegiak ezartzeko.

Auzo eta herrietako merkataritza suntsitu egiten dute, eta ondorioz, sektoreko enplegua ere, soilik kate handietako jabeak aberastuz.

Egun, eraso hau gehien nabaritzen den sektorea elikagai-merkataritza da, baina honek ez du esan nahi gainontzekoak salbu daudenik. Gaur egun sektore guztietan nabarmena da merkataritza liberalizatzeko patronalak ematen duen pausu bakoitza kaltegarria dela langile guztiontzat, eta ondorioz, gizartearentzat.

Eragina ez da lan munduan soilik pairatzen, hiri eta herri ereduaren aldaketarekin lotura zuzena du. Kaleak husten ari gara. Bertako saltokiak, Km 0-koak, betiko dendak eta arreta pertsonalizatua galtzen ari dira, bideragarriak ez direlako.

Hainbat arrazoi daude horretarako. Alde batetik, merkataritza-guneek eskaintzen duten kalitate-prezio dikotomia saltzaile txikientzat onartezina da. Bestetik, udal politikek ez dute bultzatzen merkatari txikien eredua eta ez dituzte baliabideak hauen mesedetan jartzen, bideragarriak egiteko. Turismoari begira antolatzen ari dira herri eta hirietako zerbitzuak, eta ez bertako biztanleontzako. Gaur egungo alokairuen prezioekin ezinezkoa da negozio bat mantentzea, are gutxiago erosleak erakartzen ez badituzu eskaintza hobeak egiteko aukerarik ez duzulako. Ordutegien liberalizazioaren guda gero eta larriagoa da. Bilbon alarma gorria behin baino gehiagotan piztu da eta urteak daramatzagu borroka honetan murgilduta, baina ezin gara lasaitu, mehatxua bizi-bizirik dago eta.

Azkenik, kontsumitzaile bezala dugun erantzukizunari erreparatu behar diogu, gure eros beharrak sobera asebeteta ditugu eta arduratsu izan behar dugu, zer eta noiz kontsumitu behar dugun pentsatuz.

Langile klasearen arteko elkartasunean eta errespetuan oinarritzen ez bagara, urrun izango gara sektore bakoitzaren aldarrikapenak lortzetik; gazteak, pentsiodunak, langabeak, sektore publiko zein pribatuetako langileak…

Herri eta hirien jasangarritasunaren alde, jaiegunetan denok jai