Herri ekimeneko euskal hedabideak ere pandemiaren ondorioak pairatzen ari dira

Herri ekimeneko euskal hedabideak ere pandemiaren ondorioak pairatzen ari dira –

Hekimen elkarteak bere bazkideen artean inkesta egin du pandemiaren eragina neurtzeko eta emaitzek erakusten dute herri ekimeneko euskal hedabideak ere osasun krisiaren ondorioak pairatzen ari direla.

Herri ekimeneko euskal hedabideak ere pandemiaren ondorioak pairatzen ari dira

Aurrekaririk gabeko osasun krisia bizitzen ari gara eta pandemiaren hedapena galerazteko hartzen ari diren ezohiko neurriak geure egitasmoetan ere ondorio zuzenak eragiten ari dira. Aurreko krisialdi ekonomikotik erabat osatu gabe eta hedabideen mundua bizitzen ari den eredu aldaketaren erdian, sektorea egonkortzeko bidean lehen pausoak ematen ari zenean, krisialdi berri bat pairatzen hasi da.

Egoera berezi honi aurre egin nahian erakunde publikoek aurrekaririk gabeko neurriak hartu dituzte, hala nola herritarrak etxean konfinatzea eta ezinbestekoak ez diren aktibitateen etenaldia. Bada, komunikabideon kasuan, lehen mailako zerbitzu izendatu gaituzte eta ahal dugun guztia egin dugu lanean jarraitzeko, besteak beste, herritarrei pandemiaren inguruko informazio zuzen eta eguneratua helarazteko.

Lehenagotik ere argi zegoen komunikabideok betetzen genuen funtzio soziala, are gehiago euskara hutsean aritzen garen hedabideon kasuan, baina horrelako neurriek inoiz baino ageriago utzi dute euskal hedabideon garrantzia. Parean baina, pandemiari aurre egiteko hartzen ari diren neurriak komunikabideon bideragarritasuna baldintzatzen ari dira, besteak beste, geure ohiko diru-iturriei eragiten ari zaielako.

Berriki, pandemia herri ekimeneko euskal hedabideon egunerokoan eragiten ari den ondorioak neurtu nahian, inkesta egin dugu bazkideen artean eta emaitzak gazi-gozoak dira:

  • Hasteko, bazkide guztiek hartu dituzte pandemiari aurre egiteko oinarrizko neurriak eta ondorioz, ehunka lagunek osatutako sarean bi kasu baino ez dira zenbatu.
  • Orokorrean, baldintza zailetan baina ekoizpenari eutsi zaio eta, hein handi batean, moldaketa eta egokitzapenekin, banaketa edota hedapenari ere bai.
  • Baldintza zail horietan egindako ahaleginari herritarrek emandako erantzuna paregabea izan da eta elkarteko komunikabideen webguneetan iazko martxoan baino 500.000 erabiltzaile gehiago zenbatu dira.
  • Diru-iturrien atalari dagokionez baina, ondorioak bestelakoak izan dira, batez ere publizitatean. Publizitatean murrizketa handia gertatu da: hamarretik zazpik %40tik gorako murrizketa pairatu dute.
  • Harpidetzen kasuan murrizketa txikia antzeman da lehen aste hauetan baina kezkaz begiratzen zaie datozen hilabeteei. Zentzu honetan, etorkizunean ere ezinbestekoa izango zaigu norbanakoen zein merkatari txikien (dendak, tabernak…) babesa.
  • Antzeko zerbait gertatzen da dirulaguntza publikoekin: oraingoz murrizketa gutxi gertatu dira baina ikusteko dago etorkizunean zer gertatuko den. Eremu honetan funtsezkoa izango da sektorearen egonkortasuna bermatzeko erakunde guztiek beren konpromisoari eustea eta ahal den heinean areagotzea.
  • Lantaldeei dagokienez, lehen asteetan zenbait hedabidek aldi baterako murrizketak abian jarri dituzte baina, oro har, ez da egon behin betiko kontratu eteterik. Etorkizunean ere, beti bezala, herri ekimeneko euskal hedabideok ahal dugun guztia egingo dugu egungo lantaldeei eusteko eta espero dugu herritarrek zein erakundeek ere, beren babesa mantenduz, ahal duten guztia egingo dutela aurreko krisialdietako egoera errepika ez dadin.
  • Azkenik, inkestan jasotako datuen arabera, pandemiaren ondorioz hedabide gehienek (%71) egitasmo zehatz asko utzi behar izan dituzte bertan behera. Etorkizunean zenbait berrartzeko aukera egon liteke baina ziurrenik gehienak ez dira berreskuratuko.

Oro har, aurrerantzean ere sektore estrategiko gisa aintzat hartuak izateko arrazoiak ez dira falta. Osasun krisi honetan, legez, oinarrizko sektoretzat hartuak izan gara eta ahal dugun guztia egin dugu lanean jarraitzeko, herritarrei pandemiaren berri zuzen eta eguneratua eman ahal izateko. Parean baina, pandemiaren aurrean hartutako erabakiek, zuzenean edo zeharka, diru-iturri desberdinetan murrizketak eragin dituzte eta horrek, jada bizi izan ditugun eta gainditutzat eman nahi ditugun garai ilunak ekartzen dizkigu gogora.

Kosta ahala kosta lortutakoari eutsi behar zaio, eta ahal den heinean lortutakoa hobetzeko pauso berriak eman. Hori da sektorearen egonkortasuna bermatzeko eta berarekin euskararen normalizazio prozesuan pauso esanguratsuak emateko bide bakarra. Lan asko eta ahalegin handia egin da gauden tokiraino iristeko eta hasitako bidea emankorra izaten ari da. Jarrai dezagun elkarlanean bidea egiten eta gaindi ditzagun etor daitezkeen traba eta oztopoak elkarrekin. Guztiontzako errazagoa izango da eta herritarrek eskertuko digute.

 

 

Herri ekimeneko euskal hedabideak ere pandemiaren ondorioak pairatzen ari dira

Herri ekimeneko euskal hedabideak ere pandemiaren ondorioak pairatzen ari dira

ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude